BLOGA

BESTE
2015 abu. 6

1910 Lartigue, euskal oihalen tenplua

1910 Lartigue, euskal oihalen tenplua

Euskal oihalak Euskal Herriko, eta bereziki Iparraldeko, ikurretako bat direla esaten ausartuko ginateke. XVI. mendetik gaur egunera arteko historia dute eta hori ezagutzen izan gara Azkaingo (Lapurdi) 1910 Lartiguen, euskal oihalen lantegi eta dendan. Euskal oihalak bertan diseinatu, egin eta josten dituzten ia leku bakarra da 1910 Lartigue; horretan aritzen den beste toki bakarra dago Euskal Herrian.

 

Etxeko aziendak tapatu eta babesteko erabiltzen zen tapakian dute jatorria euskal oihalek. Lihozko oihal gogor batzuk ziren tapaki haiek eta zazpi marra zituzten, marra bana Euskal Herriko probintzia bakoitzeko. Ofizio bakoitzak zuen bere kolorea (nekazarien tapakien marrak berdeak izan ohi ziren, abeltzainenak gorriak eta arrantzaleenak, aldiz, urdinak) eta marren lodierak norberaren maila soziala islatzen zuen: familia onenen oihalkiek izaten zituzten marrarik lodienak.

 

XVI. mendean lihoa kotoiarekin nahasten hasi ziren eta orduan sortu ziren gaur egun ezagutzen ditugun euskal oihalak, kotoiak aipatutako oihalki gogorrak goxo, bigun eta atseginagoak izatea ekarri baitzuen. XIX. mendearen erdialdera arte, 500 bat ehule familia aritu izan ziren lan horietan Ipar Euskal Herrian eta Bearnoan. Emakumeek haria egiten zuten eta gizonek, berriz, ehundu.

 

1910 Lartigue XX. mendearen hasieran, 1910ean, jarri zen martxan; izenak berak ondo dioen moduan. Calixte eta Anastasie Lartigue senar-emazteek ekin zioten euskal oihalak egiteari eta egun, laugarren belaunaldiak dihardu lan horretan, Philippe Lartigue buru. Oloron Sainte Marien, Bearnoan, hasi ziren Mauleko alpargatentzako oihalkiak egiten Calixte eta Anastasie Lartigue eta geroztik, urteen joanean, euskal oihalen erreferente bat bihurtu da 1910 Lartigue.

 

80. hamarkada izan zen horretarako giltzetako bat. Garai horretan hasi ziren moda, atzerriko oihalak… Euskal Herrira heltzen eta krisiak jo zuen sektorea. Parisko azoka batean, ordea, japoniar batek hala eskatuta, marra zuri-gorri-berdeak utzi eta koloretako euskal oihalak egiten hasi ziren 1910 Lartiguen. Euskal oihalak modaren parte bihurtu ziren orduan, eta atzerriko hainbat jende eta maila sozial jakineko etxeetan sartu ziren.

 

2012an, Oloron Sainte Mariekoaz gain, Azkainen ere fabrika irekitzea erabaki zuen 1910 Lartiguek. Batean zein bestean, doako bisita gidatuak eskaintzen dituzte beren lana eta historia bisitariekin elkarbanatu eta ezagutarazteko asmoz.

 

Bisita gidatuetan euskal oihalak diseinatzen dituztenetik azken produktuak erostera arteko prozesu guztia ezagutzeko aukera dago. Orain 100 urte egiten zuten moduan egiten dute lan, modu tradizional eta artisauan, beren fabrikan bertan. Behin oihalak diseinatutakoan, hari eskaera egiten dute eta oihala bera sortzen hasten dira. Jostunak dira ondoren dendarako produktuak josi eta prestatzen dituztenak. Oihala bera sortzeko prozesua zinez ikusgarria da: 1,60 metroko zabalerako oihalak sortzeko, kolore ezberdinetako ia 4000 hari jartzen dituzte elkarren segidan banan-banan!

 

1910 Lartigue: Zone de Larre Lore. 64310 Ascain · Tel.: +33 (0) 5 59 26 81 81 · contact@lartigue1910.com · www.lartigue1910.com · facebook · twitter

PARTEKATU POST-A