BLOGA

NATURA
2016 mai. 20

Arabako Ibilbide Berdeen Sarea, Espainiako sarerik handiena

Arabako Ibilbide Berdeen Sarea, Espainiako sarerik handiena

Gasteiz dugu, dudarik gabe, bizikletaren Euskal Herriko hiria. Badute zeri gorazarre egin: hirian bertan zein gerriko berdean kilometro mordoa dugu bizikletaz zein oinez egiteko, naturaz eta lasaitasunaz gozatzeko. Gaur, ordea, ez gara hiriburuan geratuko. Handik abiatuta, armiarma-sare bat bailitzan zabaltzen den bide-sareari jarraiki, Araba osoan barrena ibiliko gara. Gasteizek ez ezik, Arabak berak ere eskaintza zabala du oinez zein bizikletan ibiltzea atsegin dutenentzat: Arabako Ibilbide Berdeen Sareaz ari gara.

 

Arabako Ibilbide Berdeen Sarea Arabako Foru Aldundiak eta lekuan lekuko erakundeek natura ondarea eta biodibertsitatea zaindu eta balioan jartzeko, hirigunea eta landagunea elkartzeko, eta turismo aktibo eta jasangarria sustatzeko diseinatutako proiektua da.

 

Arabak biodibertsitate handia du berez, izatez. Lurraldearen ia %30a Natura 2000 Sarearen zati da. Izatez badena balioan eta eskura jartzen du Arabako Ibilbide Berdeen Sareak antzinako trenbideak, errege bideak, Santiagoko zein Inaziotar bidea… erabilgarri jarriz.

 

Egun 22 ibilbidek osatzen dute sarea Araba aldez alde lotuz, oinez zein bizikletan egiteko 1000 kilometro pasatxo dira horiek. Sarean barrena informazio-guneak ere badira: turismo bulegoak, interpretazio zentroak, parketxeak eta bisitari-guneak. Espainiar estatuko sarerik handiena da Arabako Ibilbide Berdeen Sarea, elkar lotzen diren ibilbideen sarerik handiena. Eta handitzen jarraituko du: 39 ibilbide gehiago daude aurreikusita datorren 10 urteetarako. Bizikletan zein oinez egiteko beste 365 kilometro gehiago, beraz.

 

Arabako Ibilbide Berdeen Sareak gisa guztietako aukerak eskaintzen ditu: ibilbide luze edo motzagoak, zail edo errazagoak zein mendialdekoak edo ur bazterrekoak. Hemen bizpahiru gomendatuko ditugu.

 

* VASCO-NAVARRO TRENBIDE ZAHARREKO BIDE BERDEA

 

XIX. mendearen hasieratik 1967a arte, Vasco-Navarro trena Debagoienetik (Arlabango mendatetik) Nafarroaraino (Lizarra pareraino) joaten zen Gasteizen barrena. Trenbide horren zati bat da errekuperatu eta txukundu dena, bizikletan zein oinez ibiltzeko 85 kilometroko ibilbidea. 2013an, European Greenway Association-en bikaintasunaren saria jaso zuen.

 

Ibilbidea hainbat tartetan banatuta dago. Hiru dira Arabatik pasatzen diren etapak (60 kilometro pasatxo) probintzia osoa gurutzatuz iparraldetik hego-ekialdera, Arabako lautadan eta mendialdean barrena sartuz Lizarraldeara. Esan bezala, Gasteizen barrena igarotzen da eta Laminoriako tunel luze eta igaroezina da bere ezaugarrietako bat.

 

Interesguneak: Bide berdearen interpretazio zentroa Antoñanan, Izki natura parkea eta Estibalizko santutegia.

 

* ARDOAREN ETA ARRAINAREN IBILBIDEA (GR38)

 

Izena ez du beste gabe jarria ibilbideak. Mendeeetan zehar, mandazainek arabar Errioxako ardoa Bizkai aldeko kostara eramaten zuten bide honetan barrena, bueltan arraina gatzunetan ekarriz.

 

Ibilbide hau ere nahiko luzea da, 100 kilometro pasa. Araban 80 ditu, 6 etapatan, Oionetik hasi eta Otxandioraino. Behin Bizkaian, Bermeo, Lekeitio edo Ondarroara hel gaitezke.

 

Interesguneak: Trebiñoko konderria, ibilbidearen interpretazio zentroa Lagranen eta Urkiolako natura parkea.

 

* URIBARRI GANBOAKO URTEGIKO IBILBIDEA

 

Uribarri Ganboako urtegiari buelta ematen dio ibilbide honek. Oinezkoentzat zein txirrindularientzat prestatua dago eta zailtasun ezberdineko hiru azpi-ibilbidetan banatzen da: Urtegiari bira osoa eman diezaiokegu, iparraldeko ibilbidea hauta dezakegu edota hegoaldekoa; zailenetik errazenera, ordena horretan.

 

Interesguneak: Mendixurko parke ornitologikoa eta Landa nahiz Garaioko Araba barnealdeko hondartzak.

 

Ibilbide hauei zein Arabako Ibilbide Berdeen Sareko beste gainontzekoen gaineko informazioa www.araba.eus webgunean duzue eskuragarri. Alde batetik, eskuorria (pdf formatuan, deskargatzeko moduan) sareko informazio puntuen zerrendarekin eta 22 ibilbideen mapa eta deskribapen laburrarekin, eta bestetik, hainbat ibilbideri buruzko xehetasunak.

PARTEKATU POST-A