BLOGA

ONDAREA
2016 uzt. 7

Arditurri, erromatarrek irekitako meategiak

Arditurri, erromatarrek irekitako meategiak

Arditurriko meategiak: 2000 urtez, erromatarren garaitik hasi eta pasa den mendeko 80. hamarkadara arte, ia etenik gabe ustiatu izan diren espainiar estatuko meazulo ia bakarrak. V. Arditurri Eguna ospatuko datorren uztailaren 10ean, igandean, eta horren aitzakian, harako gonbita duzu honakoa.

 

Ikuspegi geologikotik, Oiartzungo bailara eta inguruak Euskal Herriko eskualderik interesgarrienetakoak dira. Aiako Harria da, orain 300 milio urte, itsaspetik sortu zen Euskal Herriko lehen guneetako bat eta gure lurraldeko granitozko mendigune bakarra. Harenpean daude Arditurriko meategiak.

               

Leku sakonean eta denbora luzez kristalizatu zenez, gero Aiako Harria izatera heldu den hori aberastasun mineral handiko gunea da eta oso antzinatik piztu izan du gizakiaren interesa: Burdin Arotik, nahiz erromatar garaian heldu zen aurreneko ustiaketa antolatu eta dokumentatua.

 

Erromatarrek eta haien esklabuek 15 kilometro luze tunel eraiki zituzten lurpetik zilarra ateratzeko; mineral preziatua garai hartan ere. Erdi Aroan, burdina ateratzeari ekingo zaio. Erromatarrek mineral horri jaramon handirik egin ez ziotenez, Aiako Harriko burdin-erreserbak ia ikutu ere egin gabe zeuden eta.

 

Mea hori Arditurri inguruko erreka eta ubide bazterretan martxan jarri ziren burdinoletan bihurtzen zuten burdin. Ola horiek agiri historikoetan ere aipatzen dira: Burdinolen Foruan, kasu. 1388an, Alfontso XI.ak hainbat eskubide eta pribilegio eman zizkien Irun-Uranzu eta Oiartzungo olagizonei eta horixe jo daiteke Gipuzkoako lehen meatzaritza-arauditzat.

 

XVIII. mendean, Oiartzungo Sein familiak ekin zion Arditurriko ustiapenari, zilarra eta beruna lortzeko asmoz. Garai hartan topatu zituzten erromatarren garaiko meatzeetako asko, ezustean, Juan Guillermo Thalacker ingeniari alemaniarra Karlos IV.aren aginduz ustiaketak egiten ari zela.

 

Hala utzi zuen hark idatzita: “Laurehun gizon berrehun urtez lanean arituta ere ez litzateke nahikoa izango meazulo guzti hauek zulatzeko”. Urtetan zehar profesiokideek ia erotzat hartu bazuten ere, bi mende beranduago, XX. mendearen amaieran, egin ziren ikerketek sinesgarritasun osoa eman zioten Thalacker-en hitzei.

 

XX. mendearen hasieran heldu zen trena Arditurrira. Meagunetik hasi eta Pasaiako porturaino heltzen zen minerala, zuzenean itsasontzira. Terminal batera trenez eta ondoren, N-1 errepidearen eta iparraldeko trenbidearen gainetik, bagonetetan, itsasontziraino bertaraino.

 

1984an itxi zituen ateak Arditurriko meategiak 2000 urtean martxan egon ostean. Horren ondotik, ustiapenak ekarritako ingurumen arazoak… konponduta, ikusgai dago herritarrentzat 2008az geroztik.

 

Bisita gidatuak

 

800 metroan, milaka urtean atzera egiteko aukera ematen du Arditurriko meategiko bisitak.

 

Ibilaldia erromatarren garaiaz ondorengo meazuloetan egiten da. Izan ere, erromatar garaiko ia aztarna oro desagertuta dago geroztik etorri den ustiapen guztiaren ondorioz. Egitura asko eta asko, eraikin erromatarren gainean egindakoak dira. Hala eta guztiz ere, bisitan zehar, leku jakin batzuetan, bertan behera utzitako erromatar meazuloetarako sarbideak ere ikus daitezke.

               

Ezer baino lehen, bisitariek areto batean narratzaile baten ahotsa entzuten dute (Juan Guillermo Thalacker alemaniar ingeniariarena, hain zuzen ere), meatzearen historiaren errepasoa egiten duena. Ahots hori soinuak, efektu bereziek eta argiek laguntzen dute. Horiek mugimendua duten irudiak eta siluetak sortzen dituzte horman eta sabaian.

 

Sarreraren ostean, meazuloko bisita gidatua hasten da Meatze Handian, San Joakingo galerian. Eta besteak beste, meategiaren zabaltasunak, ur gardenezko lurpeko putzuek eta euste-zutaberik ezak harrituko du jendea. Granitozkoa izanik, ez da hormak behera etortzea ekiditeko ezeren beharrik; mendiaren berezko euste-zutabeak errespetatzean datza kontua. Zenbait gunetan, meategi batean baino, leize batean zaudela irudituko zaizu.

 

Bisitan zehar, besteak beste, aipatu berri ditugun erromatar garaiko sarbideak, materiala kargatzeko antzinako tokiak, mineral-guneak, XX. mendeko trenbidearen arrastoak edota minerala ateratzeko teknika ezberdinak (erromatarrek torrefakzio bidez egiten zuten eta geroago, berriz, dinamitarekin) ezagutzeko aukera izango duzue.

 

Orain artean, ikerlariek 50 bat meazulo topatu dituzte. Hau da, erromatarrek eraikitako 15 kilometro luze tunel horietatik 3 bat. Sekretu asko dago beraz argitzeke Arditurrin bertan eta Aiako Harriaren bueltan, Irun, Bera edo Lesakan, kasu; erromatarrek mendigune guztia zulatu baitzuten.

 

* Informazio praktikoa:

Oinarrizko bisita: Iraupena: 1h / Prezioa: 5,3€

Meategia Sakonean bisita: Iraupena: 1:15h / Prezioa: 7,35€

 

Arditurriko meategia: Arditurri bidea, 3. 20180 Oiartzun · Tel.: 943 49 50 69 · www.arditurri.com

PARTEKATU POST-A