BLOGA

ONDAREA
2015 uzt. 23

Arguedaseko etxe-leizeak (Nafarroa)

Arguedaseko etxe-leizeak (Nafarroa)

Arguedaseko (Nafarroa) etxe-leizeak XIX. mendearen amaieran hasi ziren eraikitzen. Arguedas eta inguruko hainbat familiak “La Peña” mendia hartu zuten bizileku, mendia zulatzen hasi ziren bertan etxea egiteko asmoz. Garai horretan bertan hasi ziren Bardeetako luberriketa-lanak. Horrek populazioaren hazkundea ekarri zuen eta, beraz, etxe gehiagoren beharra. Errentan bizi zirenei eta bitarteko gutxien zutenei “La Peña” mendiak eman zien babesa, han eraiki zituzten beren etxeak kobazulo gisan.


1965ean, orain justu 50 urte, atera ziren bertatik orduan han bizi ziren 80 familiak. Francisco Franco jeneralak Arguedaseko “Venezia” auzoan eraikitako gizarte-etxeetara joan ziren; batzuk kontent, beste batzuk ez hainbeste. Etxe-leizeak dinamitaz lehertzea zen agintarien asmoa, baina azkenean kobazuloetara heltzeko bideak desegitea, eta leizeetako ate eta leihoak hormatzea erabaki zuten. Haurren jolasleku bihurtu ziren orduan kobak.


Etxe-leizeetako historia eta istorioak errekuperatzen ari dira orain, Arguedasen eta argedastarren historia errekuperatzen. Denbora luzez, etxe-leizeak Arguedaseko historiaren pasarte iluntzat hartu izan dira eta kobetan bizi zirenak, berriz, gutxietsiak. Zorionez, gaur egun, gauzak ez dira horrela. Etxe-leizeek zutik diraute argedastarrei esker. Idatzita eta dokumentatuta gauza oso gutxi egonik, leizeetan bizi izan zirenen kontakizunak dira orduko bizimoduaren, ohituren… testigantza ia bakarrak. Kobak utzi zituzteneko 50. urteurrenaren karietara gerturatu gara gu hara, kobetan sartu eta denboran atzera egitera.

 

Arguedaseko etxe-leizeek badute berezitasun nagusi bat: sabaiak erabat horizontalak, lauak dira. Bardeetako paisaiaren oso gisakoa da “La Peña” mendia, hondartsua, eta tarteko harrizko edo harea gogorragoko beta horizontalak aprobetxatzen zituzten beren etxeak eraikitzeko. Hori horrela, leize guztiak oin berean daude, altuera berean, eta etxe batzuek bi pisu dituzte.


Familiaren abizen edo ezizenagatik ezagutzen zen etxe-leize bakoitza eta mendiaren itxurak hala aginduta, auzoka banatzen ziren. Familia bakoitzak koba bakarra izateko eskubidea zuen eta behin eraikitakoan oinordetzan jasotzen zen belaunaldiz belaunaldi. Beharren arabera handitzen zen koba; seme-alabak jaio ahala, normalean.


Jornalariak ziren leizeetan bizi ziren gehienak eta nekazaritzatik eta abeltzaintzatik ateratzen zuten bizitza. Etxean bertan zuten ukuilua, batzuek etxe barruan. Txerria zen inguru haietako animalia nagusia, urte guztirako jatekoa uzten zuelako eta urdaiazpikoak prezio onean saltzen zirelako. Leize batean, “Vallejo etxean”-n, mahatsa eta olibak (garaian garaikoa) zapaltzeko gela bat ere topatu dute.


Urik eta komunik ez zuten Arguedaseko etxe-leizeek eta argindarra, justua: bonbilla bakarra etxe bakoitzean. Mendi barruan eraikita zeudela kontuan izanik, ahal zuten gehien aprobetxatzen zuten kaleko argia. Leihoak egiten zituzten barrualdeko geletan ere zeharkako argia izateko eta gelen artean ez zuten aterik, gortinak baizik. Etxean urik ez zutenez, treskak oso ziren garrantzitsuak. Etxe guztietan zeuden, han gordetzen baitzuten ura. Freskuran mantentzeko ez zuten arazorik, leizeetan urte guztian tenperatura bertsua mantentzen baitzen, 18 bat gradukoa; neguan epel eta udan fresko.


Ezagutzea merezi duen historia eta istorioak gordetzen dituzte Arguedaseko etxe-leizeek, inondik inora ez lotsa eta ezina sentitzeko modukoak. Gure zorionik beroenak argedastarrei beren historia errekuperatu eta babesteko egiten ari diren lanagatik!

PARTEKATU POST-A