BLOGA

BESTE
2016 mar. 18

Aste Santua: Euskal Herria aldez alde

Aste Santua: Euskal Herria aldez alde

Ez da handia Euskal Herria: bi ordu eta erdiko kotxe-bidaian hel gaitezke mutur batetik bestera. Txikia izateak, ordea, ez du esan nahi gauza gutxi duenik eskaintzeko. “Txikia” eta “gutxi” ez dira sinonimo. Itsasoa eta desertua, hiri handiak eta herri txiki-txikiak, hotel eta jatetxe abangoardistak eta beti-betiko landetxe eta bentak armonian biltzen dira gure herri txiki honetan.

 

Gure gaurko proposamena? Orain arte bisitatu ditugun hango eta hemengo hainbat txokoren bildumatxo bat. Hegoaldekoentzat, Aste Santua garai perfektua izan daiteke batera eta bestera ibiltzeko: bost egunean, Euskal Herrian aldez alde ibiltzeko beta izan bai baitago. Aste Santuan hainbeste jaiegun izango ez dutenei, animo eta joan agendan hurrengo oporraldirako ideiak apuntatzen :)

 

La Vernako leizea (Santa Grazi, Zuberoa)

 

250 metroko diametroa eta 190 metroko altuera duen leizetzarra da La Verna: Parisko Notre Dame katedrala gisako 17 eraikin sartuko lirateke bertan.

 

Maila eta iraupen ezberdinetako bisitak eskaintzen dituzte eta erreserbak telefonoz, emailez edo webgunean egin daitezke. Aipatu baita ere, Leize Turistikoen Nazioarteko Egunaren harira, apirilaren 2 eta 3rako, Pazko-asteko larunbata eta igandea, bisita bereziak antolatu dituztela eta bisita horien sarrera bakoitzeko beste bat doan emango dutela.

 

[info+]


 

Laia txokolategia (Baigorri, Behe Nafarroa)

 

Txokolate-fabrika handietan hainbat urtez lan egin ostean, 2009an ireki zuen Laia Olivier Casenavek. Egunean 180 tona txokolate ekoiztetik astean 180 kilo egitera pasatu da, kantitatea baino kalitatea zaintzera. Industria eta hiriguneetatik urrundu eta herri txiki batean modu tradizional eta artisauan lan egitearen aldeko apustuaren fruitua da Laia txokolategia.

 

Ez da bisitarik izaten, baina badu bere lan egiteko modua azaltzen duen bideo labur bat. Bertan txokolate bero bat hartzea duzu gure gomendioa, eta ateratzean bonboi batzuk erostea; oso dira onak!

 

[info+]

 

Lartigue 1910: euskal oihalak (Azkaine, Lapurdi)

 

Euskal oihalak bertan diseinatu, egin eta josten dituzten ia leku bakarra da Lartigue 1910, 100 urteko historia duen familia-fabrika. Doako bisita gidatuak eskaintzen ditu Azkainen duen fabrika-dendan. Ez da aurrez hitzordurik hartu behar hara joateko.

 

Orain 100 urte egiten zuten moduan egiten dute lan, modu tradizional eta artisauan. Oihala bera sortzeko prozesua zinez ikusgarria da: 1,60 metroko zabalerako oihalak sortzeko, kolore ezberdinetako ia 4000 hari jartzen dituzte elkarren segidan banan-banan!

 

[info+]

 

Arguedaseko etxe-leizeak (Nafarroa)

 

Arguedaseko etxe-leizeak 1965ean geratu ziren hutsik, Franco jeneralaren aginduz. Denbora luzez, etxe-leizeak Arguedaseko historiaren pasarte iluntzat hartu izan badira ere, gaur egun, zorionez, gauzak ez dira horrela: etxe-leizeak Arguedasen historia eta ondarearen parte bihurtu dira.

 

Kobak utzi zituzteneko 50. urteurrenaren karietara leizeak txukuntzen aritu dira eta bisita oso gomendagarria da. Gida batekin (udaletxera deituta) edo gure gisara egin dezakegu.

 

[info+]

 

Gasteizko alde zaharreko horma-margoak (Araba)

 

Christina eta Veronica Werckmeister ipar-amerikarrek eta Brenan Duarte gasteiztarrak jarri zuten proiektua martxan 2007an eta ordutik hona, profesionalen eta herritar boluntarioen artean, 15 horma-margo sortu dituzte hirian. Gasteiz aire libreko museo bihurtu dute. Gure gisara ikus ditzakegu edo bisita gidatu bat eska dezakegu horretarako.

 

[info+]

 

Urdaibai On (Bizkaia)

 

Urdaibaiko ondarea eta historia ezagutzeko kultur txangoak eskaintzen ditu Urdaibai On-ek Urandere itsasontzian, Oka ibaian gora edo behera.

 

Mundaka eta Gernika dira abiatze- edo iriste-puntuak eta tartean Sukarrieta, Ibarrangelu, Busturia, Murueta eta Arteagako “portutxoak” ere badituzte. Tarteko “portutxoetan” ere har edo utzi daiteke txalupa, eta beraz, norberak bere neurrirako txangoa egin.

 

Edozein dela ere aukeratzen den txangoa, aurretiaz erreserba egitea gomendatzen da, telefonoz zein webgunean.

 

[info+]

 

Donostia 2016: 2016 Ibilbidea (Gipuzkoa)

 

Eta zer topatuko dugu Donostia 2016-ko programan Aste Santuan? 2016 Ibilbidea, besteak beste.

 

Donostian hasi eta amaituko den bidea da 2016 Ibilbidea; 32 etapatan, igandero, Euskal Herri osoa zeharkatu ostean. Martxoaren 27an izango da lehen etapa.

 

Bidea egiteko antolatuko diren irteeretan, naturaz eta kulturaz aldi berean gozatu ahal izango dute ibiltariek, ibilbidean jarduera kulturalak antolatuko baitira.

 

[info+]

PARTEKATU POST-A