BLOGA

GASTRONOMIA
2015 mar. 31

Aste Santurako proposamen gastronomikoak

Aste Santurako proposamen gastronomikoak

Ezaguna da Euskal Herria bere gastronomiagatik; eta euskaldunok ere bai, gure moko finagatik. Aste Santua ate joka dugun honetan, interesgarria iruditu zaigu Euskal Herrian barna ikusi, dastatu eta egin daitezkeen hainbat proposamen gastronomiko biltzea. Hemen gure iradokizunak, ea gustagarri zaizkizuen.

 

Baionako Xingarraren azoka. Datorren apirilaren 2tik 5era ospatuko da Baionako Xingarraren azoka. Espezialitate gastronomiko asko ditu Baionak eta horietan ezagunenetakoa eta historia luzeena duenetakoa Baionako Xingarra dugu. Erdi Arotik dator xingarraren tradizioa, azoka bera ere 1462az geroztik ospatzen da. Lau egunez, Baionako Xingarraren izendapena duten hogei bat artisauren urdaiazpikoak dastatu eta eta erosteko aukera izango da Mail Chao-Palletier inguruetan. Bertako beste 30 bat ekoizle gastronomikoren produktuen azoka ere izango da Roquevert eta Halles inguruetan. Aukera polita duzu Baionako Xingarraren azoka inguru haietako ekoizleen jakintza eta artisau produktuak ezagutu eta dastatzeko.

 

Enobus eta Txakolibus txangoak. Aste Santuan, apirilaren 3an eta 4an jarriko da martxan aurtengo Enobus eta Txakolibus denboraldia. Uribe eskualdeko (Bizkaia) eta Arabar Errioxako inguruak eta gastronomia ezagutzeko aukera polita duzu honakoa. Orain apirilaren aurrenean hasi eta urriaren azkenera arte, asteburu eta jaiegunetan, Bilbo, Vitoria-Gasteiz, Arrasate, Eibar eta Bergaratik (azken hiru hauetatik Enobus zerbitzua soilik) autobusa irtengo dira Uribe eta Arabar Errioxako paisaiak, ondarea eta gastronomia ezagutzera.

 

Goizean 10:00ak aldean iritsiko da autobusa hasiera puntura: Enobusa Guardiara eta Txakolibusa Mungiara. Handik, gida turistiko baten laguntzaz, lehenik, inguruko pasaia eta ondarea ezagutuko dute bisitariek eta ondoren, txakolindegi edo upategi batera egingo dute bisita. Asteburu edo jaiegunero inguru eta txakolindegi edo upategi ezberdinak bisitatuko dira. Eguerdian bukatuko da gida turistikoarekin egindako bisita eta norberak bere kabuz bazkaltzeko aukera izango du arratsaldeko 18:00 inguruan autobusean berriro bueltan etxera abiatu aurretik. Goizeko bisita gidatuak gazteleraz soilik eskaintzen dira. Prezioen, ordutegien... informazio gehiago eskuratzeko bisitatu www.uribe.eu eta www.rutadelvinoderiojaalavesa.com webguneak.

 

Igaralde Goena baserria, Ogiaren Txokoa (Legazpi, Gipuzkoa). Urte asko daramatzate Igaralde Goena baserrian ogia egiten. Belaunaldiz belaunaldi transmititutako ogibidea da eta egun Tibur Agirre aritzen da lan horretan. Harek berak azaltzen du ogia lortzeko behar den prozesu guztia: hazia landatzea, jasotzea, erabiltzen diren tresnak, irina nola lortzen den, orea, eta azkenik ogia. XVI. mendeko errota ere martxan jartzen du eta egurrezko labea ikusteko aukera ere bada, egun martxan dagoen labea. Era berean, euskal familiek etengabe mahaian izan duten betiko produktu horren sinbologiari eta bere balio osasungarriei ere leku garrantzitsua eskaintzen zaie Ogiaren Txokoan. Bisitak igandetan izaten dira, 12:00 eta 16:00etan (aldez aurretik hitzordua hartu behar da). Familientzako bisita bereziak ere badira. Informazio gehiagorako: www.lenbur.com

 

Trufaren Ekomuseoa (Metauten, Nafarroa). Askok sukaldeko "urre beltza" kontsideratzen dute boilur-a eta hari buruz pixka gehixeago ezagutzeko aukera polita duzu Trufaren Ekomuseoa, Metautenen, Lizarratik 12 kilometrora. Museoko bisitaz gain, etxeko txikienentzako txokoak eta bestelako esperientziak ere eskaintzen dituzte. Informazio gehiagorako: www.museodelatrufa.com

 

 

PARTEKATU POST-A