BLOGA

ESKUALDEAK ETA HERRIAK
2015 api. 9

Baztan, Nafarroako eskualde xarmagarria

Baztan, Nafarroako eskualde xarmagarria

Baztanen sartzea eta lasaitasuna topatzea dena bat da. Nafarroako bailara zoragarrienetako bat da Baztan, paisaia zinez ederrak, herri xarmangarriak eta esperientzia atseginak eskaintzen dituena.

 

Egun-pasa hurbildu zaitezkete edo, aukera izanez gero, inguruko nekazal etxe eder batean ostatu hartu eta egun batzuetan pausatu.

 

Amaiurko gaztelua

Amaiur historia handiko herri txikia da, batez ere Amaiur-go gazteluagatik ezaguna. 1512ko Nafarroako konkista eta gero, Henrike II.a Nafarroakoak Nafarroako Erresuma berreskuratzeko egin zituen ahaleginen ikurra da Amaiurko gaztelua. 1521ean, Nafarroako Armadak Amaiurko gaztelua hartu zuen, baina 1522ko uztailaren 15etik 19ra Gaztela eta Aragoiko armadek setiatu zuten. 200 soldadu nafartar 10.000 soldadu gaztelar eta aragoitarren aurka borrokatu ziren.

 

Amaiurko errota

Amaiur-en bertan bada errota polit bat bisitatzea merezi duena. Bisita interesgarri baten bidez errotaren funtzionamendua eta artoari buruzko hainbat azalpen ematen dituzte. Errotan bertan egindako talo goxoa dastatzea ere zinez gomendagarria da. Haurrekin joanez gero, talo-tailerra ere antolatzen dute eta haurrek beraiek egindako taloa jaten dute.

 

Bertizko Natur Parkea

Bertizko Jaurerriaren Natur Parkeak 2.040 hektarea inguru zabal da. Nafarroako oihan misto ederrenetakoa da. Nagusiki bertako pago ederrak ikusiko ditugu. Oinez zein bizikletaz egiteko hainbat ibilbide eder eskaintzen ditu. Horrez gain, Bertizko jauregiko lorategi ederra ere bisita daiteke. Era askotako zuhaitz handiz, landare-hesiz, zuhaixkaz eta loregunez osatua dago. Bertako espezieak zein landare exotikoak aurkituko dituzu.

 

Xorroxin-eko iturburua

Ibilbidea Erratzun hasiko dugu. Lehenik Gorostapolo auzora joango gara. Auzoko ermitaren ondoan dagoen harrizko bidea hartuko dugu Iñarbegiko errekaraino. Ibilbide guztia errekaren bazterretik egingo dugu, freskotasuna sentituz. Bidea markatua dago, eta beraz, ez dugu galbiderik izango. Ibilbide laburra izanik, laster helduko gara Xorronxingo ur-jauzira. Itzulera bide beretik egiten da Iñarbegi-ko zubiraino. Iñarbegiko auzotik itzuliko gara Erratzura.

PARTEKATU POST-A