BLOGA

ESKUALDEAK ETA HERRIAK
2016 mar. 11

Bidasoaldea, Euskal Herriko kontrabandisten erreinua

Bidasoaldea, Euskal Herriko kontrabandisten erreinua

Zenbat muga, hainbat kontrabando. Eta Bidasoaldea, beraz, inolako zalantzarik gabe, Euskal Herriko kontrabandisten erreinua. Bidasoaldeko ondarearen parte da kontrabandoa. Isilpeko mundu misteriotsu horretan murgildu nahi? Bidasoako Kontrabandisten Ibilbidea eta Lan Gaua gure proposamenak.

 

Mapak, paperezko mugak. Badakite zerbait horretaz Bidasoa ibaiko urek. Nafarroako Erreinuaren, Aragoikoaren eta Frantziaren artean egon zen lehenik, Frantziaren eta Espainiaren artean Nafarroako Erreinuaren konkistaz geroztik. Urak desegiten ditu, ordea, paperezko mugak. Bidasoa ibaiak lotzen du mugek banatutakoa eta bere baitan gorde mugek bere uretan behera ekarritako hainbat sekretu eta istorio. Kontrabandoaz ari gara, bai.

 

Frantzia eta Espainiaren arteko garapen ekonomiko eta zerga-politika erabat ezberdinak, gerraondoko eta diktadura garaiko eskasiak zein miseria gorriak… ekarri zuten Bidasoaldeara kontrabandoa. Zigortua izan arren, gizartean onartua, errespetatua eta justifikatua izan den jarduera.

 

Frankoren diktadura garaikoa izan zen Bidasoaldeko kontrabandisten azken urrezko aroa. Egunez beren ohiko beharretan aritu ostean, “gaulanean” aritzen ziren arratsetan hainbat gizon-emakume. Mugaren alde batean eta bestean prezioan alde handia zuen edozer edo eskasiagatik zein debekuagatik falta zena izan zitekeen kontrabandorako merkantzia: ogia eta azukrea bezalako oinarrizko elikagaiak; kafea, tabakoa zein edariak; abereak; industriarako makinaria; dirua nahiz urrea; baita pertsonak ere: Frankoren diktaduratik zein Bigarren Mundu Gerrako Frantzia nazitik ihes zebiltzanak, besteak beste.

 

Bidasoako Kontrabandisten Ibilbidea

 

Isilpean ibili izan dira kontrabandistak eta beren istorioak ere hala gorde izan dira urte luzez. Bidasoaldeko bailararen historia eta ondarearen parte da, ordea, kontrabandoa eta eskualdeko zenbait turismo-eragilek aspaldian buruan zerabilkiten erronkari ekin zioten krisia heldu zenean: Bidasoako Kontrabandisten Ibilbidea.

 

Kontrabandisten gune esanguratsuenak lotzen ditu aipatu ibilbideak eta oinez zein BTTan egin daiteke. Hori bai, aurrez pixka bat prestatzea eskatzen du: oinez 25-30 kilometroko 7 etapatan egiten da. Guztira, 176 km eta ia 9000 metroko desnibel metatua. BTTan, berriz, 4 edo 7 etapatan egin daiteke. Guztira, 220 bat kilometro eta 6000 metroko desnibela.

 

Itsasoa, hainbat herrixka eta mendia lotzen dituen ibilbide zirkularra da Bidasoako Kontrabandistena. Ostatu-sare bat ere badu. Norberak aukera dezake beraz non jarri “oinarrizko kanpamentua”: ostatu hartan hasi eta amaituko du bere txangoa. Prezioan ibilbidean zeharreko ostatu guztiak (pentsio erdian) eta ibilbidearen mapa eta gida barne hartuta daude. Oinezkoen kasuan, 335€ kostatzen da zazpi eguneko txangoa eta BTTan egiten dutenei, berriz, 335€ (7 egun) edo 225€ (4 egun) kostako zaie.

 

Erreserbetarako eta informazio gehiagorako: www.kontrabandistak.com

 

Lan Gaua 2016

 

Bidasoako Kontrabandisten elkarteak, aipatu berri dugun ibilbideaz gain, kontrabandoaren historia ezagutzera eman eta kontrabandisten istorioak zuzenean entzuteko ekitaldi bat ere antolatzen du urtero: Lan Gaua. Gauez egiten den ibilaldi gidatua da eta kontrabandoan aritu zirenak beraiek izaten dira bertan beren sekretu eta bizipenak kontatzen.

 

4. edizioa izango du aurtengoa. Etxalar, Oiartzun eta Erratzutik pasa ostean, Arantzan aurtengo hitzordua martxoaren 19an; urtero legez, martxoko lehen ilargi betean.

 

8 bat kilometroko ibilaldia izango da, Zapuru mendiaren inguruetan. Garai batean kontrabandoan aritutako Josetxo Iparragirre aranaztarra eta Xanti Elizagoien etxalartarra izango dira gidari. Ibilbidean zehar egingo diren geldialdi laburretan, kontrabando-garaiko testigantzak, istorioak eta pasadizoak kontatuko dituzte.

 

Ilunabarreko 20:00etan Arantzako aterpean elkartu, mokadutxo bat jan (norberak etxetik ekarri dezake janaria) eta 21:00ak aldera abiatuko da Lan Gaua. 3 ordu inguruko iraupena izango du txangoak.


Norberak bere linterna eraman behar du, baita mendiko arropa ere. Parte hartu nahi dutenek, izen-ematea Arantzako aterpean edo info@baztan-bidasoa.com helbide elektronikoan egin behar dute martxoaren 17ra bitartean. Prezioa: 7€ (arantzatarrek, 3€). Informazio gehiago: 659 477 396 (Mikel Albisu) telefonoan.

 

 

Argazkia: Artzubi argazkiak

PARTEKATU POST-A