BLOGA

ESKUALDEAK ETA HERRIAK
2015 mai. 29

Bilbo festak hartuko du asteburu honetan

Bilbo festak hartuko du asteburu honetan

Athletic-en Errege Kopako finala, Arriaga antzokiaren 125. urteurrena, Ibilaldia... Denak egin du bat asteburu honetan Bilbon festa nagusi izan dadin. Ekitaldi mordoa eta giro bikaina izango dira asteburu honetan Bilbon eta harako planarekin gatozkizu. Hiriaz beraz, oinez, kalean barrena, gozatzeko planarekin, hain justu.

 

Bilbotik bertatik ematen ari diren aholkuei jarraiki, asteburuan Bilbora kotxez ez joatea gomendatzen dizugu. Utzi autoa inguruko herriren batean eta gerturatu hiriburura garraio publikoan.

 

 

Larunbata (maiatzak 30)

 

Lasai ederrean, ibai bazterretik paseotxo batekin hastea proposatzen dizugu; Erriberako merkatutik, zehazki. Erriberako merkatuak 10.000 m2 ditu eta Europako merkatu estali handiena da. Bertako hainbat eta hainbat produktu topatuko dituzu bertan.

 

Handik atera eta ibaiari jarraituz Arenalera eta Arriaga Antzokira helduko zara. Azken honek 125 urte betetzen ditu aurten; maiatzaren 31n, igandean, justuki: 1890eko maiatzaren 31n, arratsaldeko zortzietan, altxatu zen oihala lehenengoz Arriaga antzokian. Hori ospatzeko, kontzertua antolatu dute iganderako bertarako, maiatzaren 31rako. Informazio gehiagorako sartu www.teatroarriaga.com webgunean.

 

Ibaiaren bidea utzi gabe, aurreraxeago, udaletxearekin egingo duzu topo eta jarraian Zubizuri zubiarekin, Bilboko zubi ezagunenetako batekin. Handik ibaia gurutzatu eta ensantxera pasatzea proposatzen dizugu. Eta bertan bazkaltzea. Kafe Antzokia eta Café Iruña dituzu gure gomendioak. Arratsalderako bi proposamen luzatzen dizkizugu. Batetik, Bilbao Triathlon-en 5. edizioa ikustea ibai inguruan bertan. Eguerdiko 13:30ean aterako dira parte-hartzaileak igerian udaletxe aurretik eta 16:30ak aldera helduko dira lehenak korrika Arenalera. Bestela, nahiago baduzu, ensantxean bertan gera zaitezke pasioan. Zinez gomendatzen dizugu Azkuna Zentroa/Alhondiga bisitatzea.

 

Ilunabarrean mundua geratu egingo da Athletic-en Espainiako Errege Kopako finala ikusteko. San Mames Barriakoez gain, hirian barrena 14 pantaila erraldoi jarriko dituzte partidua ikusteko. Guk alde zaharrera joatera animatzen zaitugu. Giroa bikaina izango da eta pintxo batzuk jan ditzakezue afari legea egiteko. Somera kalean, Plaza Berrian, Unamuno Plazan, Iturribide kalean... hainbat eta hainbat taberna topatuko dituzue.

 

Lotarako honako leku hauek gomendatzen dizkizuegu: Caravan Cinema eta Basque Boutique ostatuak.

 

 

Igandea (maiatzak 31)

 

Bilbon ospatuko da aurtengo Ibilaldia, Bizkaiako ikastolen festa. Goizeko 10:00etan hasi eta ilunabarrera arte ez da aspertzeko astirik izango. Kontzertuak, haurrentzako txokoak, azokak... izango dira hirian barrena ezarriko diren 5 gunetan. Ikusi hemen Ibilaldia 2015-eko ibilbidea eta egitaraua.

 

Argazkia: www.traveler.es

PARTEKATU POST-A