BLOGA

KULTURA
2016 abu. 6

Bizkaiko zubia, Gizateriaren Monumentu ederra

Bizkaiko zubia, Gizateriaren Monumentu ederra

Bizkaiko Zubiak Ibaizabal ibaia zeharkatzen du alderik alde, Getxo eta Portugalete herriak elkartuz. Zubi Zintzilikarioa bezala ere ezaguna da eta ez da harritzekoa, hori baita bere berezitasuna: ez da zubi arrunt bat. Izan ere, zubiak kabina gisako bat du pertsonak eta autoak alde batetik bestera mugitzeko.

 

Bizkaiko Zubia 19. mendekoa da. Hain justu ere 1888 eta 1893 artean eraikia izan zen eta, gaur egun, munduko transbordadore zaharrena da. Ingeniaritzako maisulan gisa kalifikatzen da, estetikoki paisaian ongi integratua izan zelako eta, aldi berean, bere funtzioak oso ongi betetzen dituelako: jendea alde batetik bestera pasatzen du, baina Ibaizabal ibaira sartzen diren itsasontzi handiei batere trabarik egin gabe. Horregatik, 2006an UNESCOk Gizateriaren Monumentu izendatu zuen.

 

Bizkaiko Zubia altxor handi bat da inguruko biztanleentzat eta, egunero, ehunka pertsonak zeharkatzen dute ibaia Bizkaiko Zubiari esker. Ordutegi arruntean 35 zentimo kostatzen da eta gauetan 1,25 euro. Hala, urtero 6 milioi pertsonak erabiltzen du ibaia zeharkatzeko.

 

Bisita bereziak

 

Bisita turistikoak ere egin daitezke. Zubiaren gaineko aldean bada pasarela bat, lurretik 45 metro gora dagoena. Pasarela horretara igoz gero, Bizkaiko bista zoragarriak ikusiko ditugu eta, gainera, zubiak nola funtzionatzen duen ere jakin ahal izango dugu. Pasarela horretan, megafonia bidez Bizkaiko Zubiaren historia eta funtzionamendua azaltzen dira hizkuntza desberdinetan.

 

Nahi duenarentzat, bisita gidatuak ere eskaitzen dira, baina aldez aurretik erreserbatu behar dira.

 

Pasarelara sartzea 5,6 euro kostatzen da (audiogidarekin 2€ gehiago pertsonako) eta bisita gidatua, berriz, 45 euro taldeko.

PARTEKATU POST-A