BLOGA

GASTRONOMIA
2015 eka. 5

Deserta perfektua: Itsasuko gerezien marmeladaz betetako euskal bizkotxa

Deserta perfektua: Itsasuko gerezien marmeladaz betetako euskal bizkotxa

1949tik hona urtero egin izan duten legez, Gereziaren Festa ospatuko dute Itsasun (Lapurdi) datorren ekainaren 7an. Errezeta goxo baterako aitzakia polita irudituta, hemen Itsasuko gerezien marmeladaz betetako euskal bizkotxa edo pastela egiteko osagaiak eta argibideak.

 

Inork ez daki ziur noiztik datorren Itsasu eta gereziaren arteko lotura, baina historialariek diote XIII. mendean jada bazirela gereziondoak inguru haietako larreetan. XIX. mendean Baionara heldu zen Itsasuko gerezia eta urtean 30 bat tona ekoizten zituzten. Itsasuko gereziak inguruko merkatuetan ere saltzen ziren: Kanbon, Baionatik Donibane Garazirako bidean...

 

XX. mende hasieran 300 bat tona fruta ekoizten zuten, 2. Mundu Gerraren ondoren beherakada latza jasan zuen arte. Desagertzeko zorian egon bada ere, hainbat ekoizlek berreskurapen-lanak hasi zituzten 1994an, 3000 bat gereziondo landatuz.

 

Itsasuko gerezia bertako gerezia da eta hiru mota daude: Xapata, Peloa eta Beltza. Lehena da denetan zuriena eta gehienean freskoan jaten da. Peloa eta Beltza Itsasuko gerezi beltzen marmelada sonatua egiteko erabiltzen dira.

 

Euskal bizkotxa edo pastela Kanbo inguruan hasi omen ziren egiten XVII. mendearen bueltan. Egun, askotan, kremaz betetzen bada ere, sorreran Itsasuko gerezi beltzaren marmelada soilik erabiltzen omen zen horretarako. XIX. mendean hartu zion lekua kremak Itsasuko gerezi beltzen marmeladari.

 

Itsasuko gerezien marmeladaz betetako euskal bizkotxa

 

Osagaiak

 

    - arraultza bat
    - 3 gorringo (1 xigortzeko)
    - 300 g. irin
    - 200 g. azukre hauts
    - 150 g. gurin
    - goilarakada txiki bat limoi-azal birrindu
    - 250 g. Itsasuko gerezi beltzen marmelada
    - Poltsaso erdi bat altxagarri (hautsa)
    - gatz pixka bat

 

Prestaketa

 

1) Nahasi ontzi batean azukrea, irina, gatza eta altxagarria. Zulo bat egin oreari eta bota hara arrautza eta bi gorringo. Bigundu gurina su txikian eta nahasi hura ere oreari.

2) Hasi dena nahasten egurrezko goilara batekin eta bukatu eskuekin, orea hatzetan itsatsita gelditzen ez den arte.

3) Behin orea ondo nahasi duzunean, egin pilota moduko bat eta utzi bere horretan ordubetez.

4) Zatitu orea bitan, bat bestea baino lodixeagoa. Zabaldu orea kolpeka (arrabolarekin egitea zailagoa da).

5) Jarri ore zati lodiena irinez eta gurinez igurtzitako molde batean eta bete moldearen ertzak ere (1 cm. gutxi gorabehera).

6) Gehitu marmelada

7) Jarri gainean orearen bigarren erdia eta itxi pastela orearen bi erdien ertzak elkartuz. Busti behatzak hori egiteko.

8) Igurtzi pastelaren gainaldea hirugarren gorringoarekin. Markatu pixka bat bizkotxa sardeska batekin-edo.

9) Lehendik berotzen jarri labea. Lehenik, pastela 20 minutuz eduki labean 200°C-ra eta ondoren, beste hainbeste 180°C.

10) Atera pastela moldetik eta utzi hozten. Epela edo hotza jan daiteke.

* Bizkotxa marmeladarekin beteko baduzu, erabili limoia pastela egiteko. Kremarekin beteko baduzu, ron pixka bat erabil dezakezu.

 

Marmelada zuk egin nahiago baduzu...

 

*  Osagaiak:

 

    - 2 kg. gerezi

    - 1 kg. azukre
    - Ur baso bat

* Prestaketa:

 

1) Garbitu gereziak. Kendu hezurra eta txurtena.

2) Jarri ontzi batean eskuka bat gerezi eta tapatu azukrez. (Azukrearen 3/4a erabili honetarako).

3) Utzi bere horretan 24 orduz.

4) Ura gehitu azukrea urtzen den arte.

5) Gehitu beste gereziak eta nahasi dena egosten hasten den arte.

6) Zukua loditzen hasten denean, kendu ontzia sutatik. Bota marmelada beste ontzi batera eta zapi batekin tapatuta utzi 12 orduz.

7) Jarri gereziak ontzi batean eta gehitu falta duzun azukrea.

8) Egosi berriro marmelada minutu batzuez.

 

 

On egin!

 

Argazkia: www.gateau-basque.eu

PARTEKATU POST-A