BLOGA

ESKUALDEAK ETA HERRIAK
2015 uzt. 19

Donibane Garazi, euskal Pirinioetako sekretuen zaindari

Donibane Garazi, euskal Pirinioetako sekretuen zaindari

XII. mendearen amaieran eraiki zen Donibane Garazi Nafarroako erregearen aginduz, Dax eta Astorga lotzen zituen galtzada erromatarraren inguruan. Pirinioez bestaldeko Erreinuko “giltza” izan zen Nafarroarentzat, leku oso estrategikoan kokatua baitzen Donibane Garazi: mendigainen magalean eta Orreagan barrena Pirinioak gurutzatzen dituen bidetik oso gertu. Laster bihurtu zen Donibane Garazi merkatari zein erromesen elkargune, eta hainbat guda eta borrokaren testigu.

 

1512an Espainiako Errege Fernando Katolikoak Nafarroa konkistatu zuenean, Donibane Garazi ere bere esku hartu nahi izan zuen, baina ez zuen lortu saiakerak eginagatik. Ia 30 urtean horretan aritu ostean, Donibane Garazi eta Behe Nafarroa osoa beren horretan uztea erabaki zuen Carlos I Fernando II. Katolikoaren bilobak, gastu militar eta logistikoak gehiegizkoak zirela iritzita.

 

XVII. mendean Frantziako Erreinura lotu zen eta XVIII. mendean, Frantziako Iraultzak ekarritako banaketa administratibo berriarekin, galdu zituen Behe Nafarroak “probintzia soil” ez izatearen pribilegioak, foruak.

 

Ez dago esan beharrik, beraz, Donibane Garaziko harresi barruko etxe, kale eta hormek gauza asko dutela kontatzeko. Erdi Aroko harri gorrizko kale zidor horietan galtzea aukera paregabea da, baina zerbait azpimarratu behar eta, hauexek gure gomendioak: Santiagoko Atea, Zitadela, Apezpikuen Espetxea eta Eiheraberriko Zubia.

 

Santiagoko Atea

Santiagoko Atea (Arrankuntzeako atea ere deitua) Donibane Garaziko harresiko sarreretako bat da. Gizateriaren Munduko Ondare izendatu zuen UNESCOk 1998an eta mendeetan zehar, Compostelako Donejakue aldera doazen erromesen sarbidea izan da; Europatik Orreaga aldera zetozenena. Horrexi zor dio izena ere. Egun, Espainiako atetik ekiten diote Orreagako bideari erromesek.

 

Donibane Garazi garrantzitsua izan da Done Jakue bidean, Frantziatik Espainiarako sarbidea baita. Erdi Aroan, atezainak egoten ziren harresiko ate bazterretan segurtasuna bermatzen eta bidesariak kobratzen.

 

Bide batez aipatu, udan, abuztuaren 31a bitarte, harresia eta herria gauez ikusteko bisita gidatuak ere izaten direla. Asteazkenetan izaten dira (gaueko 21:00etan) eta turismo-bulegoan aurrez erreserba egitea beharrezkoa da. Prezioa: helduak: 7€ / 12 urte arte: 2,5€ / haurrak: doan.

 

Zitadela

Zitadela XVII. mendean eraiki zen Mendigurengo gainean, garai batean Nafarroako errege-erreginen gaztelu-gotorlekua egon zen lekuan. Hegoaldetik etor zitezkeen erasoei aurre egiteko eraiki zen bere garaian. 70 metro pasatxoko garaieratik zaintzen du harresitutako herria eta bertatik ikus daitezkeen bistak ikusgarriak dira: besteak beste, Donibane Garazi bera, inguruko mendialdea zein Pirinioak, eta Irulegiko eta inguruko mahastiak; jatorrizko deitura duen ardo bakarra Iparraldean.

 

Apezpikuen Espetxea

Zitadelako kalean behera topatuko dugu Apezpikuen Espetxea, hainbat euskal etxeren artean. Apezpikuen Presondegia XIV. mendeko eraikuntza garrantzitsua da. Avignon-eko Aita Sainduaren desioz, mendebaldeko Zisma haundiaren garaian Donibane Garazi apezpikuen egoitza izan zela gogorarazten digu. Ez zen espetxe izan garai hartan ordea (ez da jakin zehatz zertarako eraiki zen), geroxeago baizik: XVIII. mendean. Apezpikuen Espetxea deitzen zaio Erdi Aroan apezpikuek Donibane Garazin izan zuten gehiegizko presentzia salatzeko asmoz-edo.

 

Kartzela, ilunpetako egoitza, zaindarien egonleku eta lurpeko gela ikaragarriek zirrara eta larritasun haundia sentiarazten dute.

 

Eiheraberriko Zubia

Eiheraberriko Zubia XVII. mendean eraiki zen, erromatarra dela esaten bada ere. Iparraldeko hainbat herritako zubien gisan, eraikinaren estiloagatik deitzen zaie horrela, ez eraikitako garaiagatik.

 

XIV. mendeko egurrezko zubiaren lekuan eraiki zen Eiheraberriko Zubia, harriz. Gaur egungoaren gisara, herriaren bi aldeak batzen zituen egurrezko zubi hark ere Errobi ibaiaren gainetik. Arriskua aurreikustean, ordea, zubia kendu egiten zuten herrirako sarrera mozteko.

 

Donibane Garaziren ikurretako bat bihurtu da Eiheraberriko Zubia egun. Herriko ia argazki eta postaletan azaltzen den zubi gorria da.

 

 

Donibane Garazi-Baigorriko turismo bulegoa · Charles de Gaulle plaza, 14. · Tel.:  + 33 (0) 5 59 37 03 57 · saint.jean.pied.de.port@wanadoo.fr · www.saintjeanpieddeport-paysbasque-tourisme.com

PARTEKATU POST-A