BLOGA

KULTURA
2016 urt. 15

Donostia, Europako Kultur Hiriburua 2016

Donostia, Europako Kultur Hiriburua 2016

Hemen da. Donostia aldean aspaldian zuten begiz jota 2016 urtea eta heldu da. Poloniako Wroclaw hiriarekin batera, Donostia Europako Kultur Hiriburua izango da aurten, 2016an.

 

Datorren astean, San Sebastian egunez, ekingo zaie inaugurazio-ekitaldiei. Hortik aurrera, irekita geratuko da Pandoraren kaxa abendura arte; gaitz eta zorigaitzen ordez, hiria magiaz, bizitzaz eta sorkuntzaz betez.

 

Denboratxoa hartu dugu, lasai, Donostia 2016 programari begiratu bat emateko eta Basklink proposamenak egiten ausartu gara. Bai, ausartu diogu aukerak mila direlako. Amua botata uztea gure xedea, arrain asko harrapatzeko asmoz. Zu horietako bat, ziur :)

 

 

* Music Box Festibala (urtarrila-abendua): Musika independientean nabarmentzen diren bertako eta nazioarteko artistek kontzertuak eskainiko dituzte hirian musikarako ohikoak ez diren lekuetan. Kontzertuetarako erabiltzen diren eremuak dira, justuki, Music Box Festibalaren ezaugarrietako bat. Kultura alorrean lehenago erabili gabeko hiri-eremuak birziklatzea da asmoa.

 

Urtarrilaren 23an izango da lehen kontzertua Bilbo Plazan, Corizonas eta Bullet Proof Lovers taldeen eskutik. Abendua bitarte, 12 kontzertu izango dira eta horietatik bat, sorpresa: ez dakigu zein talderena izango den eta agertokia herritarrek aukeratuko dute, beren proposamenak webgunean eginez edo beste kontzertuetan jarriko diren postontzietan iradokizunak botaz.

 

 

* Time Machine Soup (otsaila): Haitzuloetako gizakiengandik 80 amonak banatzen gaituztela zioen Jorge Oteizak, 80 amona zubi hartuta Neolitikoraino helduko ginatekeela. Premisa horretan oinarrituta eta zopa aitzakiatzat hartuta, Europako historian zehar bidaiatzera gonbidatzen gaitu Time Machine Soup ekitaldiak.

 

Egungo zopa industrialetik hasi eta leize-zuloetako lehenengo salda hipotetikoraino, bidaiariek hamabi zopa dastatuko dituzte, kontinente zaharraren historiaren une esanguratsuetan geldialdiak eginez. Literatura, arte bisual, antropologia, gastronomia eta historiaz betetako errezeta da Time Machine Soup.

 

 

* 2016 Ibilbidea (martxoa-urria): Euskal gizarteak berezkoak dituen mendizaletasunak eta kulturazaletasunak bat egiten dute 2016 Ibilbidea proiektuan. Donostian hasi eta bertan amaituko da, 32 etapatan, igandero, Euskal Herri osoa zeharkatu ostean.

 

Bidea egiteko antolatuko diren irteeretan, naturaz eta kulturaz aldi berean gozatu ahal izango dute ibiltariek, ibilbidean jarduera kulturalak antolatuko baitira.

 

 

* Zubideak (maiatza-iraila): Zubideak egitasmoaren asmoa Europako kulturen artean loturak sortzea da, eta horiek Donostiara ekartzea. Horretako, hiriko zubi enblematikoenak kultur jaialdien topagune bihurtuko dira.

 

Jaialdi horietan Wroclaw, Dublin eta Liublianako kultur jarduera esanguratsuenen (literatura, dantza, musika edota antzerkia) erreplikak ekarriko dira Urumea ibaira. Hala, herritarrek aurrez aurre ezagutu, sentitu eta bizi ahal izango dituzte Europa betetzen duten hainbat kultura.

 

 

* 1516-2016. Bake-itunak erakusketa (maiatza-abendua): Historian, kulturan eta zuzenbidean bakeak izandako isla eta garrantzia irudikatzen du 1516-2016 Bake Itunak erakusketak. Nazioarteko 21 museotatik ekarritako 300 artista sonaturen lanak ikusteko aukera izango da San Telmo Museoan eta Koldo Mitxelena Kulturunean.

 

 

* World Puppet Festival (maiatza-ekaina): Australiatik eta Txinatik igaro ondoren, lau urtean behin ospatzen den Txotxongiloen Munduko Jaialdia Donostiara helduko da maiatza amaieran. Nazioarteko hogei konpainia entzutetsuk baino gehiagok eskainiko dituzte beren ikuskizunak, adin eta gustu guztietarako emanaldiak. Donostia txontxongiloen munduko hiriburu bihurtuko da 10 egunez.

 

 

* Uda-gau bateko ametsa (ekaina-uztaila): Ekaina eta uztaileko ilunabarretan magiak hartuko du Cristina Enea parkea. William Shakespearen lan ezaguna oinarri hartuta, proposamen berritzailea dugu honakoa. Literaturak, gastronomiak, musikak, antzerkiak eta dantza garaikideak bat egingo dute gauero-gauero 250 pertsona xarmantzeko.

 

Hermiaren eta Demetrioren ezkontzara gonbidatuta etorriko dira ikus-entzuleak parkera, eta maitasun-trantzeetan inspiratutako afariaz gozatuko dute. Gaua heltzean, hainbat misterio eta sekreturen lekuko izango dira bisitariak.

 

 

* Europa bat-batean (uztaila): Europako inprobisatzailerik onenek Donostian izango dute hitzordua uztailaren 9tik 16ra, Europako kulturen ahozko tradizioen nazioarteko topaketan.

 

Ordezkari sardiniar, kurdu, galego, kanariar, katalan, galestar, austriar eta poloniarrek bertsolariekin batera jardungo dute. Astebetez, arratsaldero, hiriko kaleetan ariko dira kantuan.

 

 

Informazio gehiagorako: Donostia 2016

PARTEKATU POST-A