BLOGA

GASTRONOMIA
2015 uzt. 24

Donostia inguruko jatetxe gomendagarriak

Donostia inguruko jatetxe gomendagarriak

Jazzaldia-ren astea da askorentzat Donostian ibiltzeko urteko asterik politena. Kontzertuak eta ikuskizunak han eta hemen, eta jendez beteriko plaza eta kaleak. Giroa aparta izaten denik ez dugu ukatuko, baina lasai-lasai ongi jan eta indarrak hartu nahi badituzu, Donostia inguruko jatetxe hauetako batera osteratxo bat egitea gomendatzen dizugu.

 

Laia erretegia (Hondarribia): Jatetxe elegante eta atsegina, Hondarribiako hirigunetik aparte dagoen baserri zaharberrituan kokatua dago. Arantza eta Jon anai-arrebek gustu handiz jarritako jatetxea da. Bertan, euskal sukaldaritza tradizionalean oinarri hartuta eta garaian garaiko produktuak erabiliz, oso plater goxo eta elaboratuak prestatzen dituzte.

 

Patxiku Enea erretegia (Lezo): Familiako jatetxe oso txukuna da. Jangela erosoak eta haurrak jolasteko zelaia dute, eta kalitate handiko jakiak zerbitzatzen dituzte. Gure gomendioa: ez alde egin bertako txuleta dastatu gabe, ez dute alperrik irabazi parrilan egindako txuleta onenaren saria.

 

Iriarte-Enea (Lezo): Hau ere familiako jatetxea da. Jaizkibelgo magalean kokatua, lasaitasuna aurkituko duzu bertan. Euskal sukaldaritza tradizionala gustuko baduzu, Iriarte-Enea jatetxean aurkituko duzu zure gustuko menua. Etxeko espezialitateak parrilla eta urdaiazpiko-kroketak dira. 

 

Fagollaga jatetxea (Hernani): Ixak Salaberriak zuzentzen du Fagollaga jatetxeko sukaldea, egunero lana mimo handiz eginez eta janaria prestatzeko moduan arretarik handiena jarriz. Fagollaga jatetxea guztiz gomendagarria da mahai dotore batean eseri eta ongi elaboratutako plater goxoak dastatu nahi badituzu.

 

Iturralde baserria (Hernani): Iturralde baserrian euskal sukaldaritza tradizionala lantzen dute, berrikuntzari ateak zabalduz. Iturralde baserrira datorrenak aho zentzumenez eta eskaintzen den zerbitzuaz gain, inguruko naturaz gozatzeko aukera ere izango du, zinez, paraje zoragarrian baitago.

 

Petritegi sagardotegia (Astigarraga): Petritegi sagardotegia urte osoan zabalik dagoen sagardotegia da. Uda garaian, asteartetik igandera egin dezakezu Txotx! Petritegi sagardotegian. Nahi izanez gero, bisita gidatuak ere antolatzen dituzte.

 

Xixario erretegia (Orio): Arraina parrilan jan nahi baduzu, zoaz Orioko Xixario erretegira. Gaur egun 2. belaunaldiak zuzentzen du eta Orion parrila kanpoaldean duen jatetxe bakarrenetako da. Luis Mari-k goizero-goizero atontzen du parrila bertan arrain freskoak eta txuleta erretzeko. Xixario erretegiak 34 laguneko jangela du eta, apiriletik urri amaiera arte, 58 lagunentzako terraza ederra.

PARTEKATU POST-A