BLOGA

KULTURA
2015 ira. 18

Donostiako Zinemaldian, Bilbora

Donostiako Zinemaldian, Bilbora

Donostiako Zinemaldia dugu hizpide han eta hemen egun hauetan. Mila gauza izango dira Gipuzkoako hiriburuan egin eta, batez ere, ikusteko, baina gu plan alternatiboarekin gatoz: Bilbora goaz, zinema eta artisten mundutik aldenduko ez bagara ere. Bideodromo festibala eta Caravan Cinema pentsio xarmagarria dakarzkigu hizpide.

 

Bideodromo jaialdiaren 5. edizioa ospatzen ari dira Bilbon, Nazioarteko Zine eta Bideo Esperimentalen festibala. Pasa den irailaren 11ean hasi zen Bideodromo jaialdia eta hilaren 28a bitartean, dozenaka laburmetraia eman dituzte eta emango dituzte Bizkaiko hiriburuko hainbat txokotan. BilbaoArte arte ekoizpenerako gunean eta herritarrentzako Sarean gunean izaten dira emanaldiak 17:00etan eta 19:00etan. Oker ez bagabiltza, denak debaldekoak dira, gainera. Aipatu bezala, nazioarteko jaialdia da eta gisa, genero, kultura eta jatorri ezberdinetako lanak ikus daitezke Bideodromo festibalean.

 

Emanaldiez gain, workshop-ak, performance-ak… ere izango dira. Hala nola, irailaren 27an, igandea, arratsaldeko 19:00etan, zuzeneko musikaz lagundutako emanaldi bat izango da Mariaren Bihotza plazan. Lotte Reiniger zuzendari alemaniarraren film luze bat izango da ikusgai, zuzendariak “Mila Eta Bat Gau” istorioan oinarrituta sortutako film bat, itzal txinatarrekin sortutako bere lehen filmetako bat, hain justu. Interesik izanez gero, www.bideodromo.com webgunean topa daitezke programaren xehetasun guztiak.

 

Caravan Cinema ostatua

 

Zinemari eskainitako ostatua da Caravan Cinema. Ez ditugu gisa horretako asko ezagutzen Euskal Herrian eta aipamena egin nahiko genioke, gomendagarria da eta. Bilboko erdigunean dago, alde zaharrean, Plaza Berriaren alboan, posta kaleko 11. zenbakian. Ez du hotelek izaten duten sarrera deigarririk, ohiko etxe baten ataritik sartzen da bertara, ostatu bat baita. Ez, ordea, “ohiko” ostatu bat. Bertako arduradunek dioten moduan, “new age” ostatu bat baizik.

 

Apropos mantendu omen diote “pentsio” izena, horixe omen delako: familia batek kudeatzen duen ostatu txikia, bisitariak familia giro goxoan jaso nahi dituen ostatua. Hara hor garai bateko familia-ostatuek eskaintzen zutena, hain justu ere. Zerbitzuak, azpiegiturak eta vintage dekorazioa, ordea, egun moda-modan dauden boutique hotelen gisakoak dira.

 

Ate nagusitik sartu bezala somatzen da hori. Harrera loft gisara atondua dago, antigoaleko hainbat dendetan topatutako 60, 70 eta 80ko hamarkadetako altzariekin. Bertan, ura, kafea eta Bilbo bisitatzeko hainbat informazio ditu eskura bisitariak.

 

Harreratik heltzen da Caravan Cinema ostatuaren 5 logeletara, 5 zine-zuzendariri eskainitako bost logeletara. Alex de la Iglesia eta Julio Médem euskaldunak dira bi eta besteak, berriz, Pedro Almodóvar, Alejandro Amenabar eta Fernando Trueba. Logela bakoitzak dagokion zuzendariaren lanek iradokitako dekorazioa du eta sarreran, haren biografia. Telebistan, kasuan kasuko zuzendariaren filmografia ere eskura dago. Logela bakoitzak du bere komuna dutxa eder eta Balear uharteetatik ekarritako xaboi goxoekin. Koltxoiak ere kontu handiz aukeratuak dira. Bezeroek beren giltza propioak dituzte pentsiotik nahi dutenean atera eta sartzeko.

 

2014ko uztailean ireki zuten Caravan Cinema ostatua eta aurtengo azaroan handitze-lanetan hasiko dira, goiko pisua ere berena baitute orain. Berriz datorren otsaila-martxoa aldera irekitzea aurreikusten dute. Proiektu mordoa darabilte buruan eta zorterik onena opa diegu beren abenturan!


Caravan Cinema. Posta kalea, 11. 48005 Bilbo. info@caravan-cinema.com www.caravan-cinema.com

PARTEKATU POST-A