BLOGA

ESKUALDEAK ETA HERRIAK
2015 abe. 11

Eguberriak Baionan

Eguberriak Baionan

Euskal Herriko hiri, herri eta hainbat txoko barneratu dira jada gabon giroan. Ohiko argiztapen, jaiotza, gaztaina-saltzaile, kale-jendetsu eta izkina guztietan sumatzen den giro xamur eta bihozberaz gain, gustu eta adin guztietarako ekintzaz betetako Eguberrietako programa mardulak ere nonahi topa ditzakegu gaur egun.

 

Aukera zabala da, dudarik gabe. Baionara joateko gonbidapena luzatzen dizuegu guk, zinez interesgarria iruditu zaigu eta prestatu duten proposamena. Hilabete guztiz udaletxe aurrean izango den noria ederra izango da aurtengo berritasun eta, ziurrenik, erakargarritasun handiena: ikusgarria da Baiona 40 metroko altueratik! Baionako udalaren webgunean eta haren facebook-eko orrialdean joko bat jarri dute martxan noriarako txartelak debalde lortzeko. Ea zortea duzun ;)

 

Adur ibairen bazterretik paseotxo bat emanez, turismo bulegoaren alboan, Eguberrietako parkearekin egingo dugu topo: leran ibiltzeko izotz-pista eta pinu erraldoi bat daude han. Ibaiaz bestalde, berriz, Poney-en Basoa. Batean zein bestean, asteburu honetan eta abenduaren 19tik 24ra, ekintza bereziak izango dira: Poney-en Basoan, doako zaldi-txangoak eta Eguberrietako Parkean, berriz, jolas eta kirol-ekintza bereziak.

 

Noriaren parez pare eta Poney-en Basotik oso gertu, artisauen Eguberrietako Herrixka dago. Eskuz eta mimo handiz egindako opariak, jaki zein edari goxoak eta haurrentzako zaldiko-maldikoak topatuko ditugu bertan. Gustu eta adin guztietarako aukerak, beraz, distantzia oso laburrean.

 

Hiri guztian barrena ere gabon giroa da nagusi Baionan. Merkatariek hainbat ekintza eta zozketa antolatu dituzte eta igande honetan zein hurrengoan ateak irekiko dituzte. Merkatuak ere ordutegi berezia izango du Gabon Zahar eguna bitarte, Eguberrietako otorduek merezi baitute hainbeste. Horrez gain aipatu, Euskal Museoa eta DIDAM arte-galeria doan bisitatu ahalko direla igandetan.

 

Asteburu tematikoak

 

Argien asteburua izango da datorrena Baionan, eta tradizioena hurrengoa. Abenduaren 12 eta 13an, Merkatu kalean, kometak egiten ikasteko tailerrak, egurrezko jostailu erraldoiak eta musika-animazioak izango dira arratsaldeko lehen orduan. Larunbat ilunabarrean, gaua heltzen denean, iritsiko da ikuskizuna: Bostehundik gora esku-argi hegalarik hartuko dute Baionako zerua eta horren ostean, ur, argi eta musika ikuskizuna izango da.

 

Tradizioen asteburuan, abenduaren 19an, larunbata, Olentzero helduko da Baionara. Itsasontziz iritsiko da eta hiriko kaleetan ibili ostean, merkatu inguruan bukatuko du bisita gozokiak banatuz. Abenduaren 20an, igandea, euskal musika eta dantza izango da nagusi lapurdiko hiriburuan. Goizean Mutxikoak eta kantaldia izango dira Merkatu kalean, eta abesbatza bat ibiliko da kaleak alaitzen 15:00etatik aurrera.

 

Arratsaldean, Peio Serbielle musikari zuberotarraren kontzertua izango da Lauga aretoan. Serbiellek bere azken lana, ZARA, aurkeztuko du Maialen Errotabehere kantariak, musikari bretoiek, 200 koristak, eta Hegoaldeko zein Iparraldeko hainbat ikastoletako eta Bretainiako eskola bateko haurrek lagunduta. Erosi sarrerak www.billetweb.fr webgunean (prezioa: 25€).

 

Nola heldu Baionara?

 

Eguberri garaian, larunbata arratsaldetan ez da TAOrik izaten Baionako kaleetan eta aparkalekuak doakoak izaten dira. Lurpeko aparkaleku gehienak ere debaldekoak izaten dira igandetan. Kotxea hirigunetik urrunxeago utzi arren, doako anezka-autobusak egon badira eta Hendaiatik trenez joatea ere ez da ideia txarra, geltokia erdigunetik gertu baitago.

 

Ikus hemen Baionako aurtengo Eguberrietako programa osoa / Erreserbatu asteburu-pasa bat Baionan

 

Argazkia: Mathieu Mengaillou

PARTEKATU POST-A