BLOGA

ONDAREA
2015 mar. 6

Ekainberri

Ekainberri

Basklink.com-ek Ekainberri bisitatzeko gonbidapena luzatzen dizue. Ekainberri Ekaingo leizeen erreplika edo kopia bat da. Ekaingo leizeak eta Ekainberri bera Zestoan (Gipuzkoa) daude.

 

Ekain-go leizeak Paleolitiko garaikoak dira, duela 14.500 eta 10.000 urteko bitartekoak. Ezaguna da Madelein aroko labar-pinturengatik, eta pintura horiek arras ongi zainduak direlako. Haitzuloan, gutti gorabehera, 70 animali-irudi daude; 64 margotuak eta 6 grabatuak. Gehien ageri den irudia zaldia da, baina badira ere hartzak, oreinak, kapridoak...

 

Aberastasun handia duen haitzuloa izanik UNESCOk Gizateriaren Munduko Ondare izendatu zuen, 2008an.

 

Ekainberri erreplika

Esan bezala, bisitatzen dena ez da egiazko leize originala, baizik bere kopia edo erreplika bat. Erreplika 2008an ideki zuten eta, gaur egun, urtean milaka bisitari izaten ditu.

 

Erreplika leizearen kopia zehatza da. Bistan da, pinturak berregin dira, baina tenperatura, argiztapena, eta soinuen bidez ere jatorrizko kobazuloa ahal bezain fidelki berreraiki da. Hartara, bisitan benetan leizean sartu izanaren sentsazioa bizitzen da.

 

Nola gerturatu Ekainberrira

Ibilgailua Zestoako herrian utzi behar da eta 25 minutuko ibilbide lasai eta atsegin bat eginez Ekainberriraino iristen da. Bidean, Lili jauregia ikusiko dugu, hau ere Ekain Fundazioak kudeatzen duena. Ezintasun fisiko bat duenarentzat onartzen da autoz hurbiltzea, baina bestela oinez joan behar da.

 

Informazio praktikoa

Sarrera: 6 euro.

Ordutegia:

- Asteartetik ostiralera: 10:00-18:00

- Larunbata eta igandea: 10:00-19:00

 

Bisitak euskaraz eta espainolez egiten dira.

Aldez aurretik erreserbatzea gomendatzen da.

PARTEKATU POST-A