BLOGA

ESKUALDEAK ETA HERRIAK
2015 api. 30

Enkarterriak, Bizkaiko eskualde ahaztua

Enkarterriak, Bizkaiko eskualde ahaztua

Maiatzaren 1eko zubirako planik ez baduzu, Enkarterriak ezagutzea gomendatzen dizugu guk; historia handiko Bizkaiko eskualde ahaztua. 

 

Enkarterrietako eskualdea Bizkaiko alderik mendebaldarrena da eta Kantabria eta Burgosekin egiten du muga. Abanto-Zierbena, Alonsotegi, Artzentales, Balmaseda, Galdames, Gordexola, Güeñes, Karrantza Harana, Lanestosa, Muskiz, Ortuella, Sopuerta, Turtzioz, Zalla eta Zierbenako udalerriek osatzen dute Enkarterrietako eskualdea. Historiaz, ondare kutural apartaz zein paisaia ikusgarriez gozatzeko aukera izango duzu bertan. Beruna eta egurra bezalako lehengaietan aberats, erromatarren galtzadak, Erdi Aroko dorretxeak, Ameriketatik bueltan etorritako indianoen jauregiak... dira Enkarterrietako historiaren ezaugarri nagusi.

 

Guk hemen Enkarterrietako eskualdea ezagutzeko proposamentxo bat luzatzen dizugu. Hortik aurrerakoa zure esku uzten dugu, horrexek egingo du eta zure bidaia xarmagarri.

 

Balmaseda. Enkarterrietako gainontzeko herrien baimenarekin, Balmasedak egun erdiko txangoa merezi duela esango genuke guk. Balmaseda da Enkarterrietako hiriburua eta Bizkaiko lehenengo hiribildua ere hura zen izan. Gaztelara joateko derrigorrezko igarobidea izan zen eta horren ondorioz, Erdi Aroan merkataritza-enklabe garrantzitsua ere bai. Oraindik ere, bastida-motako Erdi Aroko hirigunearen eredua kontserbatzen du, luzeak eta estuak diren hiru kale paraleloz osatua. Hiruak daude kantoiez moztuta eta enparantza ezberdinetara eramaten dute: iparraldean San Severinoren enparantza dago, hegoaldean Foruen enparantza, eta Zubi Zaharra edo Muzarena ere hor da, hiribilduan sartzeko sarrera zaharra zena eta egun Balmasedako ikur dena.

 

Avellanedako dorretxea (Sopuerta). Enkarterrietako hainbat eta hainbat dorretxeren artean, hau gure proposamena. Avellanedako dorretxea Bizkaiko Enkarterriko Juntetxearen egoitza forala zen izan. Egun, han dago Enkarterrietako Museoa. Museoa eskualdearen eta bertako biztanleen gaineko bidaia kronologikoa da, ikuspegi ekonomiko, sozial, politiko zein kulturaletik.

 

Indianoen etxeak. XVIII. mendean bizimodua ateratzera Ameriketara joan eta bueltan dirua eginda etorritako enkarterritarren etxeez gara ari. Indianoen etxeak ikusteko, Gordexola eta Lanestosatik pasatzea gomendatzen dizuegu guk. 

 

Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa (Abanto-Zierbena). Enkarterrietako historiaren eta bizimoduaren parte da meatzaritza. Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa Bizkaiko historiaren isla da. Han, meatzaritzan erabilitako tresnak, makinak, lurrun-makinen bilduma eta hainbat dokumentazio topatuko duzu, baita artista ospetsuek meatzeetan oinarrituta egindako hainbat obra ere.

 

ARENATZarte, aire zabaleko eskulturen parkea (Güeñes). Arteak eta naturak bat egiten dute ARENATZarten. Pasealeku ezberdinetan banatutako zuhaitz-guneak, haurrentzako jolas-gunea eta aisialdirako eremuak harmonian bizi dira hainbat artistaren obrekin.

 

Pozalaguako koba (Karrantza). Pozalaguako leizea da munduan estalaktita eszentriko gehien dagoen lekua. Estalaktitak elkar lotzen eta nahasten dira grabitateari muzin eginez, eta sortzen dituzten irudiak eta formak ikusgarriak dira benetan. Pozalaguako leizea 2013ko Espainiar estatuko txokorik politena izendatua izan zen Internet bidezko bozketa batean.

 

Pagasarriko elurzuloak (Alonsotegi). XVII. mendean elurra merkaturatzen hasi zen Bizkaian. Neguan, mendian elurra bildu eta elurzuloetan gordetzen zen. Elurra zapaldu egiten zuten trinkotzeko, horrela izoztu egiten baitzen eta luzez irauten baitzuen urtu gabe. Elur pusken artean iratzea eta hosto lehorrak sartzen zituzten. Negua pasatakoan, hortik ateratako izotza zatitu eta mandoz garraiatzen zuten salmenta tokietara. Pagasarriko elurzuloak garai hartara bidaiatu eta ogibidea ezagutzeko aukera polita dituzu.
 

Armañongo natura-parkea (Turtzioz-Karrantza). Armañongo natura-parkeko muturrik altuena Armañon da (854 m.), baina beste tontor esanguratsurik ere bada inguruetan, hala nola, Ranero (737 m.), Surbias (638 m.) eta Jorrios (837 m.). Mendigunea nagusiki kare harrizkoa denez, lurrazaleko zein lurpeko paisaiak ikusgarriak dira: 200 kobazulo baino gehiago daude katalogatuta eremu honetan. Landarediari dagokionez, bertako basoak azalera handia hartzen du eta artadiak, pagadiak, hariztiak eta baso mistoak dira nagusi bertan. Armañongo natura-parkeko parketxea (interpretazio-zentroa) Karrantzan dago, Pozalaguako leizeen alboan. 

 

Txakolindegiak. Bizkaiko txakolinak jatorrizko deitura du eta, Bakio izan bada ere ekoizlerik garrantzitsuena, urtez urte gero eta eskualde gehiagotara hedatzen ari da. Enkarterriei dagokienez, Zalla eta Balmaseda azpimarratuko genituzke. Txakolindegi mordoa topatuko duzu inguru haietan.

PARTEKATU POST-A