BLOGA

ESKUALDEAK ETA HERRIAK
2015 abe. 3

Erronkari, denbora gelditu egin zeneko bailara

Erronkari, denbora gelditu egin zeneko bailara

Ipuin edo istorio baten izenburua izan zitekeen, denboran bidaiatu nahi duten protagonisten zain. Horixe duzu Erronkariko bailara, garai bateko mendialdeko bizimodu, herrixka eta tradizioak ezagutzeko erreinua. Zer diozu, bazatoz?

 

Nafarroa ipar-ekialdeko muturrean dago Erronkariko bailara, Euskal Herriak Frantzia eta Aragoirekin muga egiten duen eskualdean, Pirinioen magalean. Zazpi herrik osatzen dute bailara Pirinioetan behera datorren Eska ibaiaren ibarrean. Herririk ezagunenak Izaba, Erronkari bera eta Burgi direla esango genuke; Garde, Bidankoze, Uztarroze eta Urzainki, beste lau herrixkak.

 

Burgi, Lanbideen Herria

 

Orain hamar bat urte pasatxo, burgitarrek, beren kabuz eta borondatez, herriko eta bailarako garai bateko bizimodu eta lanbideak errekuperatzea erabaki zuten, beren ondarearen eta historiaren parte zirela ohartuta. “Burgi, Lanbideen Herria” ibilbidea da lan horren fruituetako bat.

 

Burgin paseoan zabiltzan artean, denboran atzera egingo duzu. Basoko egurra ibaian behera garraiatzeko almadia bat eta Almadien Museoa, egurra zura bihurtzeko zerratokia, garai bateko ogi-labe bat (gisa bereko labe bat dago oraindik orain herriko okindegian), frigorifikorik ez zeneko Erdi Aroko elur-zulo bat, etxeak zuritzeko eta abeltzaintzarako beharrezko zen karobia, baita sutarako beharrezko zen ikatza egiteko txondorra ere ikusi ahalko dituzu.

 

Erronkari eta Izaba, aire libreko bi museo

 

Erronkaritik ezin gara pasa Julian Gaiarre tenorrarekin gogoratu gabe. Munduan barna ibili zen kantari, baina ez zuen itxuraz inoiz ahaztu bere jaioterria. Erronkariko frontoia eta eskola bere poltsikotik ordaindu zituen, eta Madrilen hil bazen ere herriko hilerrian hartu zuen atseden.

 

Julian Gaiarreren jaiotetxea haren bizitza eta jarduna biltzen dituen museoa da orain eta hilerriko mausoleoa kultur interesgune izendatu zuen Nafarroako Gobernuak. Mariano Benlliure eskultorearen obra ederrena zela iritzita, Maria Kristina erreginak hura Madrildik ateratzea debekatu nahi izan zuen, baina Gaiarreren hilobiaren gainean dago 1901az geroztik, haren familiak hala desiratuta.

 

Izaba, berriz, herria bera da museo. Hiriguneko egur eta harrizko etxe teilatu-zorrotzek egurrezko balkoi itxiak dituzte lehortegi moduan ere erabiltzen zirelako. Bailarako armarria topatuko dugu askoren eta askoren atarian. Erbi-zakur bat, gaztelu bat, muino batzuk eta mairu baten burua ageri dira armarrian. 785. urtean erronkariarrek mairuei irabazitako Olast-eko bataila irudikatzen du azken horrek.

 

Mendialdera abiatuta, 1,5 kilometro eskasera, garai batean Nafarroa eta Zuberoa lotzen zituen bide zaharreko bi zubi erromanikorekin egingo dugu topo eta pixka bat aurreraxeago, berriz, XVI. mendeko Otsindundua-ko zubiarekin.

 

Belaguako bordak, horrela deitzen diete han artzain-txabolei, izango dira hurrena aurkituko ditugunak eta ezin aipatu gabe utzi, beraz, Erronkariko gazta. Jatorrizko izendapena duen Euskal Herriko gaztetako bat da eta zigilu hori izateko baldintzetako bat gazta abendua eta uztaila artean egin behar izatea da. Garai ederra dugu, beraz, abendua, Erronkariko gazta nola egiten den ikusteko. Sei gaztandegi daude bailaran eta lauk bisita gidatuak eskaintzen dituzte.

 

Belaguako bailara, Nafarroako lurpeko harribitxia

 

Ibar glaziar bat da Belaguakoa, Nafarroako bakarra. Inguru huraxe dugu Euskal Herrian hartz arreak ikusteko aukera bakarrenetakoa eta historiaurreko artzainen arrastoak ere badira bertan, Arrakoko trikuharria kasu.

 

Azalera bezain ederra du, halere, lurpea Belaguako bailarak. Eta horixe gure proposamena, Belagua eta ingurukoa baita Europako eraketa karstikorik ikusgarrienetakoa. Nafarroatik Santa Engrazira (Zuberoa) joango gara lurpe eder horretaz gozatzera, Vernako harpera.

 

Pasa den mendeko 50. hamarkadan topatu zuten Vernako harpea, 250 metroko diametroa eta 190 metroko altuera duen leizetzarra. Europako handiena da eta publikoari irekita dagoen munduko handiena. Parisko Notre Dame katedrala bezalako 10 sartuko lirateke bertan.

 

2010ean ireki zituen ateak. Maila eta iraupen ezberdinetako bisitak eskaintzen dituzte, baita neguan ere (aldez aurretik erreserba telefonoz edo emailez eginda). Kotxea bisitarien gunean utzi eta autobusez edo oinez joan daiteke bertara. Elurra denean ere badago joateko aukera, Land Rover-ez eta elurretako erraketekin.


Bi orduko iraupena du neguan egiten den bisitak (luzeagoak ere badira adituentzat). Ia 700 metroko tunel batetik leizera iritsiko zara lehenik. Hura ikusita, ibaiari jarraiki, ibaia bera gurutzatu eta ur-jauziak ikusi ahalko dituzu, besteak beste. Hotz egiten du leizearen barruan eta komeni da oinetako eta arropa egokiarekin joatea.

 

Vous pourriez être aussi intéressés par : Almadiazainen Eguna, Obispilloak, Ukerdi Film Festival

Plus d'informations : Bureau d'information de Roncal et Grotte La Verna

 

 

Photo : Santi MB.

PARTEKATU POST-A