BLOGA

BESTE
2016 api. 8

Escape rooms: ordubete duzu giltzapetutako gela batetik ateratzeko

Escape rooms: ordubete duzu giltzapetutako gela batetik ateratzeko

Ihes-gelak (ingelesezko "escape room" bezala askoz ezagunagoak) urte gutxian mundu osoan puri-purian jarri den kontua dira. Sinplea da jolasa: ordubete dugu giltzapetutako gela batetik ateratzeko. Gela barnean topatuko ditugun buru-abilezia frogak atzera kontaketa bukatu aurretik gainditzean datza kontua. Burua hotz eta argi izatea tokatzen zaigu, beraz; indarrak ez du balio. Talde-lana, koordinazio eta komunikazioa ere gure alde erabiltzea komeni.

 

Ihes-gelak beldurrarekin edota thriller-ekin lotzeko tendentzia egon badagoen arren, bakoitzak du bere tematika eta ez du zertan genero beltzarekin zerikusirik izan. Klaustrofobiarena ere mito bat da. Antolatzaileek momentu oro entzun eta ikusten dute gela barruan gertatzen ari dena, izan ezinean dagoen norbait ateratzeko edo ezinean dabilen taldea pixka bat laguntzeko.

 

Ihes-gelen oinarria Budapesten, Hungarian, dago. Attila Gyurkovics izeneko gizon batek ihes-gela bat jarri zuen martxan orain 5 bat urte, psikologo hungariar baten “Flow, zoriontasunaren gaineko teoria bat” liburua irakurri ostean. Liburuak dioenaren arabera, gure bost zentzumenak esku artean dugunera zuzentzen ditugunean, gure abilezien eta desafioen arteko oreka dagoenean, gainontzeko guztiaz ahaztu, ideiak elkarren atzetik etortzen eta lotzen hasi, eta denborak hegan egiten du.

 

Eta dirudienez, funtzionatzen du. Esan bezala, mundu mailan puri-purian dagoen kontua da ihes-gelena eta Euskal Herrian ere badira batzu-batzuk; hiruburuetan, gehienak.

 

Izurun, Donostiaren historia ezagutzeko ihes-gela

 

Donostiako Escape Room Izurun ihes-gela dugu Gipuzkoako lehena eta bakarra, momentuz. Aisialdirako aukera polit batez gain, alternatiba kulturala ere bada. Horixe du bere berezitasuna. Ihes gelatik atera ahal izateko, 1000. urtetik gaur egunera arteko Donostiaren historian murgildu beharko duzue. 1014. urtean Donostiako Antiguo auzoan, egun Miramar jauregia dagoen inguruan, Izurun izeneko monasterio bat omen zegoen. Ordutik hasi eta Donostia 2016a bitarteko hiriaren hainbat enigma argitzea izango duzu zure lana, gelatik atera nahi baduzu. Gutxik lortzen dutela aurreratzen dizuegu :)

 

2 eta 5 pertsona arteko taldeak hartzen dituzte Donostiako Escape Room Izurun ihes-gelan, partikularrenak ez ezik lan-taldeak ere bai; enpresek ikerketarako eta motibaziorako aukerak ikusi baitizkiote esperientziari. Hori bai, aurrez erreserba egitea beharrezkoa da eta ordurako han egotea, puntualtasuna, eskatzen da.

 

18 urte edo gehiago izan behar dira Donostiako Escape Room Izurun ihes-gelan sartzeko. 15 urtetik gorakoak ere onartzen dira, heldu batekin baldin badatoz. Esperientziaz euskaraz ere goza daiteke, aldez aurretik eskaera eginda. Eta prezioak? 27,5€ pertsonako (2 kideko taldea) eta 16€ pertsonako (5 kideko taldeak) artean.

 

Nork ekin nahi dio erronkari?

 

Escape Room Izurun · Autonomia kalea, 14. 20006 Donostia · Tel.: 653 011 150 · info@escaperoomsansebastian.com · Facebook · Twitter

PARTEKATU POST-A