BLOGA

GASTRONOMIA
2016 ots. 26

Euskal Herriko 8 jatetxe "exotiko" (1/2)

Euskal Herriko 8 jatetxe "exotiko" (1/2)

Euskaldunok ondo jatea maite dugula ez du inork dudan jarriko, izan gure-gurea dugun hori edo munduaren beste parteren batekoa. Ez gara edozerekin konformatzekoak. Kantauri itsasoko arrain fresko-freskoa eta txuletak parrilan erreta nonahi topatuko ditugu, zorionez. Ez, ordea, munduan barrenako beste gutizia goxo batzuk.

 

Horiez ere goza dezakegu Euskal Herritik bertatik atera gabe. Non? Hona hemen proposamen batzuk.

 

Via Fora (Donostia) - Katalunia -

 

Mila gutizia topatuko ditugu Via Foran (mila arroz mota, hestebeteak…), baina bat nabarmentzekotan, “calçotada” aipatuko genuke guk. Euskaldunontzat sagardotegi-errituaren gisako zerbait da kataluniarrentzat “calçotada”.

 

Otsailaren aurrenetik hasi eta apirilaren amaiera arte, larunbat eguerditan eta aurrez erreserba eginda, “calçotada” menua eskaintzen du Donostiako Via Fora jatetxeak. Urte batzuk daramatza horretan; klasiko bat bihurtu da jada.

 

Valls-eko calçots-ekin hasten da jatordua (horretarako propio ekoizten den tipula-mota bat da calçots-a). Sutan erreta jaten dira; eskuz jan ere, soinean adur-zapia jantzita. Horren ostean, “pa amb tomàquet” eta calçots-en su berean erretako butifarra eta patatak. Postrerako, nola ez, krema katalana eta edateko, berriz, Kataluniako ardo eta cavak.

 

Via Fora F. Garcia Lorca Pasealekua 10. 20014 Donostia

 

Pasta & Pizza Grossi (Bilbo) - Italia -

 

Orain ia 30 urte heldu ziren Fausto eta Victoria Italiatik Bilbora, hiriak liluratuta. Ilusioz beteta eta pasta egiteko makinak bizkar gainean hartuta heldu ziren Bizkaiko hiriburura.

 

Zerk egiten du berezi Pasta & Pizza Grossi? Pasta Faustok eta Victoria beraiek egiten dute, beren eskuz eta egunero; inongo gehigarririk gabe eta kalitatezko lehengaiekin. Pasta freskoa beraz, gisa eta gustu guztietako pasta freskoa. Italiako zenbait dendetan egiten jarraitzen den gisan, pasta pisura saltzen dute.

 

Izenak dioen moduan, Pasta & Pizza Grossiko pizzek ere badute sona. 12 dituzte beren kartan (San Mames eta Della Casa, bezeroen kuttunak) eta hilero berri bat egiten dute Italiako eskualde batean inspiratuta.

 

Pasta & Pizza Grossi. Manuel Allende kalea, 12. 48010 Bilbo

 

Café Capuccino & La Canela (Bilbo) - Egipto -

 

Izenak ziurrenik Italia aldera eramango bagaitu ere, Egiptoko jakiak topatuko ditugu Bilboko Café Capuccino jatetxean.

 

Amed-ek Bagdad-en egiten zuen lan eta kasualitateak hala nahi izanda, Bilboko Café Iruñako Iñaki Aseginolaza ezagutu zuen orain 30 bat urte. Café Iruñak ekarri zuen Bilbora Café Capuccino, “egipziarra” ezizenez oso ezaguna bilbotarren artean.

 

Egiptoko jaki tipikoez gain (hummus-a, mousaka, falafel-ak, kafta…), aipamen berezia merezi du Amed-ek 2010ean alboan martxan jarri zuen La Canela guneak ere. Mila te mota, Egiptoko tartak eta pasteltxoak, gozo horien zaporea duten etxeko izozkiak, irabiaki naturalak, fruta azukreztatuak… topatuko dituzue bertan.

 

Café Capuccino & La Canela. Gordoniz kalea, 2. 48013 Bilbo

 

Alsafir (Iruñea) - Arabia -

 

Souad eta En Faddal-ek jarri zuten martxan orain 20 urte Alsafir, derrigorrezko geldialdia Iruñean jateko arabiarra gustatzen zaienentzat.

 

Iruñean izena izatea lortu duen jatetxea da. Plater zainduak eta elaboratuak eskaintzen ditu; ez duzu beraz 10€rekin jango. Ostegun ilunabarretan, sabel-dantza ikuskizunak eskaintzen dituzte. Ederra afaltzen ari garen bitartean gisa horretako ikuskizunaz gozatu ahal izatea.

 

Alsafir. Castillo de Maya, 39. 31003 Iruñea

 

Euskal Herriko jatetxe "exotiko" gehiago ezagutu nahi ? Jarraitu irakurtzen Euskal Herriko 8 jatetxe "exotiko" (2/2)

PARTEKATU POST-A