BLOGA

GASTRONOMIA
2016 ots. 26

Euskal Herriko 8 jatetxe "exotiko" (2/2)

Euskal Herriko 8 jatetxe "exotiko" (2/2)

Euskaldunok ondo jatea maite dugula ez du inork dudan jarriko, izan gure-gurea dugun hori edo munduaren beste parteren batekoa. Ez gara edozerekin konformatzekoak. Kantauri itsasoko arrain fresko-freskoa eta txuletak parrilan erreta nonahi topatuko ditugu, zorionez. Ez, ordea, munduan barrenako beste gutizia goxo batzuk.

 

Horiez ere goza dezakegu Euskal Herritik bertatik atera gabe. Non? Hona hemen proposamen batzuk.

 

Teranga Afro Gastro Bar (Gasteiz) - Senegal -

 

Teranga abegi onaren izpiritua da Senegalen. Gasteizen, berriz, horrez gain, Afrikako herrialde hartara bidaia zoragarri bat egiteko jatetxea ere bai. Teranga Afro Gastro Bar jatetxeaz ari gara.

 

Senegalgo ogitarteko eta errazioak dira bere espezialitatea, baita zuku eta koktel afrikarrak ere. Pintxo potean ere parte hartzen dute, aukera polita beraz ohiko pintxoez gain beste bereziago batzuk ere dastatzeko. Ostegunetik larunbatera afariak eskaintzen dituzte, eta larunbat eta igandetan, bazkariak ere bai.


Teranga Afro Gastro Bar. Pintoreria, 55. 01001 Gasteiz


De Boca Madre (Bilbo) - Mexiko -

 

“Gu bigarren aukera gara, lehena beti izango da Mexiko”. Horixe De Boca Madre-ko arduradunek diotena.

 

Maite dute Mexiko eta maite dute bertako sukaldaritza. Horregatik ekartzen dituzte lehengaiak handik, horregatik zaintzen dituzte bertako tradizioak, horregatik uzten dute alde batera komertziala dena eta prestatzen dituzte beren platera guztiak betiko errezetekin eta modu artisauan.

 

Lokala bera ere oso da atsegina. Zer behar dugu gehiago?

 

De Boca Madre. Elkano, 24. 48010 Bilbo

 

Comptoir Au Burger (Miarritze) - Ipar Amerika (AEB) -

 

Miarritzen hanburgesa on bat jan nahi izanez gero, hauxe lekua: Comptoir Au Burger. Eta ona diogunean, zaporeaz ez ezik kalitateaz ere ari gara. Bertako produktu freskoekin etxean egindako hanburgesak dituzu honakoak. “Kontzientzia lasaiagoarekin” jateko hanburgesak direla esango dugu; ez arin-arinak (hanburgesak dira eta), baina kalitatezko produktuekin eginak.

 

Ogia kale berean dagoen okin batek ekartzen diete egunero, bertako behien haragia soilik erabiltzen dute, gaztek jatorri-deitura dute (tartean Iratikoa), urdaiazpikoa eta bestelako hestekiak ere ingurutik erosten dituzte, barazkiak freskoak dira, eta saltsak eta patata frijituak etxean bertan egiten dituzte.

 

Comptoir Au Burger. 62 Rue Gambetta. 64200 Miarritze

 

Palais de Jade (Miarritze) - Asia (Txina/Vietnam/Tailandia) -

 

Iparraldeko kostaldeko jatetxe asiarrik onena dela diote askok; eta guk dakigula, barnealdean ez dago besterik. Asiarrak dira jabeak eta Txina, Vietnam eta Tailandiako espezialitateak eskaintzen dituzte beren karta zabal eta zainduan.


Lekuak ere merezi du aipamena. Eraikin eder batean dago (non bestela Miarritzen), dekorazioa zaindua da eta eskaintzen dituen bistak paregabeak: Hôtel du Palais ederra parez pare eta Miarritzeko hondartza atzean.

 

Asteburuetan bete egiten da Palais de Jade jatetxea eta hori jakinik, hobe aldez aurretik erreserba egitea.

 

Palais de Jade. 2 Avenue Reine Victoria. 64200 Miarritze

 

Euskal Herriko jatetxe "exotiko" gehiago ezagutu nahi ? Jarraitu irakurtzen Euskal Herriko 8 jatetxe "exotiko" (1/2)

PARTEKATU POST-A