BLOGA

GASTRONOMIA
2016 eka. 10

Euskal Herriko artisau-garagardoak

Euskal Herriko artisau-garagardoak

Garagardoa ez dugu, ez behintzat orain artean, gure gastronomia preziatuko edari izarretako bat. Ardoak, sagardoak zein txakolinak itzal handia dute. Gehien edaten dugunaz ariko bagina, ordea, besterik esan beharko genuke, inongo zalantzarik gabe: garagardoak hartzen die aurrea beste denei.

 

Azken urteeetan, munduan zehar eta Euskal Herrian ere bai, hainbatek ekin diote artisau-garagardoa ekoitzi eta saltzeko abenturari. Usaina, gorputza, mugimendua, ahoan uzten duen zaporea… jada ez dira ardo, sagardo edo txakolinari soilik gordetako ezaugarriak. Oinarrizko lehengaiekin, gehigarri eta kontserbanterik gabe, eta modu tradizionalean mimoz eta kontu handiz egindako artisau-garagardoek kolore eta nortasun pixka bat ekarri dute garagardo industrialen mundu monotonora.

 

Euskal Herrian, batzuek beren faktoriak ezagutu eta garagardoa probatzeko bisita gidatuak ere eskaintzen dituzte eta gaur horietako batzuk ezagutuko ditugu. Batzuek izango dira (ezinezkoa baitzaigu guztiak aipatzea), baina balio beza zerrendatxo honek uda atariko proposamen gisa. Zer hoberik horretarako garagardo fresko bat baino?

 

 

BOGA GARAGARDOA

Orain bostpasei urte autokontsumorako garagardoa egiten hasi ziren sei gaztek jarri zuten martxan Boga, artisau-garagardoa ekoizteko kooperatiba. Denbora batez ikerketa eta trebakuntza lanetan aritu ostean, iazko uztailean jarri zuten martxan beren lantegi propioa. Hiru garagardo ekoizten dituzte bertan: pilsen-arekin hasi ziren, amber-a atera zuten pasa den neguan eta aurten, berriz, IPA gisakoa.

 

Bisita gidatuak: garagardoaren historia eta Boga garagardoren ekoizpen-prozesua ezagutuko duzu bertan. Dastaketa profesional batekin eta bertako produktuen batze batekin bukatzen da bisita. Bertako produktuen artean, Boga ogia probatu ahal izango duzu, Mungiako bertako Gure Ogia ogitegiak Boga garagardoarekin egindako ogia.

 

     - Noiz: hilabeteko azken ostiral edo larunbatetan (apuntatzeko epe-muga: astebete lehenago, telefonoz edo emailez). Taldeentzako asteko edozein egunetan egiten dira bisitak, aurrez erreserba eginda.

     - Iraupena: 2:00-2:30 ordu.

     - Prezioa: 12€/pertsona. 

 

Boga Garagardoa · Luisene bidea 2, A-8. 48100 Mungia · +34 944 06 28 48 · info@boga.eus · www.boga.eus

 

 

ETXEKO BOB’S BEER

Bob Worboysek dioenez (ingelesa da izatez), Frantziara heldu eta jateko edo edateko produkturen bat ekoizteko enpresa txiki bat martxan jartzea pentsatzen ari zela konturatu zen hemen saltzen ziren garagardoak ez zirela kalitate oso onekoak. Hala, garagardo ona egiten hastea erabaki zuen.

 

10 urteren ostean, 10 bat garagardo mota sortu ditu eta milaka litro saldu urtean, fabrikatik 100 kilometro eskaseko bueltan.

 

Bisita gidatuak: garagardoa nola egiten erakutsiko dizute Etxeko Bob's Beer-en. Orain udan, ekainaren 23tik hasi eta abuztua amaiera arte, ostegun ilunabarretan kontzertuak izango dira. “Lupulu Gauak” deitzen diote egitasmoari eta arrakasta polita izaten du.

 

     - Noiz: uztaila eta abuztuan (ostegunetan, 15:00etan). Ez da beharrezkoa erreserba egitea (hobe, hala ere, deitzea edo emaila bidaltzea).

     - Iraupena: 30 minutu.

     - Prezioa: doan.

 

Etxeko Bob’s Beer · 69 Rue Francis Jammes, 64240 Hazparne · +33 (0) 5 59 29 70 39 · www.etxekobobsbeer.fr

 

 

BAIAS GARAGARDOA

2004an Argentinara egin zuten bidaia batean zera deskubritu zuten Idoia Marañónek eta José Luis Lópezek: ordura arte edan zituzten garagardoekin zaporean zein itxuran zerikusirik ez zuten garagardoak existitzen zirela. 2006an ikertzeari ekin eta 2010ean gauzatu zuten Baias garagardotegia.

 

Izena garagardoa egiteko ura hartzen duten Baias ibaiari zor dio; garagordetigitik bertatik gertu, Gorbeiako natura parkearen bihotzean. Baias-en xarma, beraz, ingurunea da: mendiz inguratutako eraberritutako baserri batean egiten dute garagardoa Idoia eta José Luisek.

 

Bisita gidatuak: garagardoaren ekoizpen prozesua ezagutu eta Baias garagardoak dastatzeko aukera izangu duzu.

 

    - Noiz: larunbata goizetan (urte guztian zehar). Aurrez erreserba egitea beharrezkoa da.

    - Iraupena: 1:40 ordu.

    - Prezioa: 6€/pertsona.

 

Baias Garagardoa · C/ La Escuela 6. 01449 Oiardo Urkabustaiz · Tel.: +34 615 783 624 · info@baiasgaragardotegia.com · www.baiasgaragardotegia.com

 

 

URBAN BEER

Zaletasuna profesio nola bihur daitekeenaren adibide da Urban Beer. Arantxa eta Iñigo orain urte dezente hasi ziren etxean garagardoa egiten, eta iaz jarri zuten martxan beren garagardo fabrika propioa. Egun, 4 garagardo mota ekoizten dituzte.

 

Urban Beer artisau-garagardotegian, bisitez gain, garagardoa egiten ikasteko tailerrak ere eskaintzen dituzte. Horixe da beren berezitasunetako bat, garagardo fabrika gutxik eskaintzen baitituzte gisa horretako tailerrak.

 

Garagardoa egiten ikasteko tailerra: garagardoa egiten ikasi eta beharrezko fermentazio eta ontze denbora pasatzean, etxera eraman ahalko duzu zerorrek egindako garagardoa behar bezala botilan sartu eta etiketatuta.

     - Iraupena: 4 ordu.

     - Prezioa: 30€/ pertsona.

 

Urban Beer · Ugaldeguren III industrialdea. 48170 Zamudio · info@urbanbeer.es · www.urbanbeer.es

 

 

Argazkia: Quinn Dombrowski (via Flickr, Creative Commons)

PARTEKATU POST-A