BLOGA

KULTURA
2015 urr. 9

Euskal Herriko film jaialdiak

Euskal Herriko film jaialdiak

Donostiako Zinemaldia eta Biarritzeko Hego Amerikako film jaialdia pasa berriak, orain Donibane Lohitzunekoaren txanda da. Eta mordoa falta dira oraindik urtea bukatu aurretik! Urte osoan izaten da zineaz gozatzeko aukera Euskal Herrian. Hona hemen zinezaleentzako hemendik urte bukaera arteko jaialdien zerrendatxo bat; lagungarri izatea espero dugu.

 

URRIA

 

Donibane Lohitzuneko Zinemaldia (Donibane Lohitzune, urriak 6-10)

Donibane Lohitzuneko Zinemaldiaren bigarren edizioa urriaren 6tik 10era ospatuko da. Zinemaldi honen helburuak dira, besteak beste, zinegile berriak ezagutaraztea eta zinea herritarrei eta eskolei gerturatzea. Ikus hemen Donibane Lohitzuneko Zinemaldiaren aurtengo egitaraua.

 

XX. Zinemakumeak gara! (Bilbo, urriak 13-17)

1986an ekin zion bere bideari eta XX. edizioa izango du aurtengoa Zinemakumeak gara! jaialdiak. Simone de Beauvoir elkarte feministak antolatzen du. Emakumeek zinemari egin eta egiten dioten ekarpena atxiki nahi diote Bilboko eta Euskal Herriko kultura-jarduerei, eta zirkuitu komertzialetan lekurik ez duten filmen plaza izan. Emakumeek egindako kalitatezko filmak izaten dira ikusgai Zinemakumeak gara! jaialdian eta jada urteko zita garrantzitsuetako bat bihurtu da hainbat bilbotarrentzat. Ikus hemen XX. Zinemakumeak gara! zinema jaialdiko egitaraua.

 

Hendaia Film Festival (Hendaia, urriak 15-17)

Laburmetraien film jaialdia da Hendaia Film Festival eta 3. edizioa izango du aurtengoa. Mugako herria da Hendaia, historia, istorio, hizkuntza eta kultura asko guratzatu izan diren herria. Horixe da Hendaia Film Festivalak islatu nahi duena, loturak eta fusioak. Informazio gehiagorako: www.hendaia-film-festival.com

 

Film Sozialak” Zinema ikusezinaren jaialdia (Bilbo, urriak 15-22)

Film Sozialak” Zinema ikusezinaren jaialdiak gaur egun bizi dugun testuinguru soziala isladatzea du helburu, esate baterako, generoen arteko ezberdintasuna, giza-eskubideen urraketa, justizia eza, kultura aniztasuna, elkartasuna, elkarlana eta ingurumena. Azkuna Zentroan inauguratuko dute aurtengo ekitaldia. Leioa Kantika Korala musika taldearen emanaldia eta "Boxing for freedom" dokumentalaren proiekzioa izango dira bertan. Informazio gehiagorako: http://www.kcd-ongd.org

 

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXVI. Astea (Donostia, urriak 31-azaroak 6)

Zinemaldiaren ostean, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXVI. Astea hiriko film jaialdirik ezagunena izatera heldu dela esango genuke. 24000 ikusle pasatxo izan zituen iazko edizioan. Aurtengoan ere mundu guztiko filmak izango dira ikusgai (Japonia eta ekialdeko herrialdeetako batzu-batzuk). Absolutely Anything komedia dibertigarriak emango dio hasiera. Informazio gehiagorako: www.donostiakultura.com

 

AZAROA

 

Zinebi. Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia (Bilbo, azaroak 13-20)

57. edizioa izango du aurtengoa Zinebik, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak. Iaz baino ia 1700 lan gehiago izango dira bertan ikusgai (2014an 5000 dokumental eta film labur ikusi ahal izan ziren bertan). Juan Ruiz Anchía argazki-zuzendariak jasoko du aurtengo ohorezko Mikeldi saria. Informazio gehiagorako: www.zinebi.com

 

Creative Commons Film Festival (Donostia, azaroak 16-19)

Donostiako Creative Commons Film Festivala 2013an jarri zen martxan, Barcelona Creative Commons Film Festivala erreferentziatzat hartuta. Lizentzia libreekin sortutako zinea eskaintzen die ikusleei Creative Commons Film Festivalak. Eta filosofia horri jarraiki, jaialdiaren baitan antolatzen diren hitzaldi, jardunaldi, emanaldi... guztietarako sarrera doakoa izan ohi da. Informazio gehiagorako: www.cineccdonostia.org

 

Zinegin festibala (Hazparne, azaroak 19-22)

Euskal Herriko Zinema eta Dokumental ekoizpena aurkezteko festibala da Hazparneko Zinegin jaialdia, euskal bideogintza sustatzea eta publiko zabalari eskura jartzea du helburu. Film laburrak, luzeak zein dokumentalak ikusteko aukera izaten da Zinegin jaialdian eta bestelako animazioak ere antolatzen dira jaialdiak irauten duen lau egunetan. Informazio gehiagorako: www.zinegin-festibala.eu

 

Enkarzine (Zalla, azaroak 23-28)

Enkarterrietako zinema-jaialdia da Enkarzine. Zinegile ez-profesionalen film laburrak erakusten dira bertan. Lan bakoitzaren iraupena 30 minutukoa da gehienez. Zallako zine-aretoan izaten dira emanaldiak.

 

ABENDUA

 

Ukerdi Film Festival (Izaba, abenduak 5-6)

Bigarren edizioa izango du aurtengoa Ukerdi Film Festivalak, abentura eta mendiari eskainitako zinema jaialdiak. Mendia hizpide duten sorkuntza independienteak ezagutzera ematea du helburu, baita gisa horretan Nafarroako Pirinioetarako eta Erronkariko bailararako produktu kultural eta turistiko bat sortzea ere. Informazio gehiagorako: www.ukerdifilmfestival.com

 

Mendi Film Festival (Bilbo, abenduak 11-20)

Bilboko Mendi Film Festivalak 8. edizioa izango du aurtengoa eta abenduaren 11tik 20ra ospatuko da, Mendi Film Festival Kultur Elkarteak antolatuta. Mendi Film Festival mendi, abentura eta muturreko kirolei buruzko film eta dokumentalen nazioarteko zinema jaialdia da. Informazio gehiagorako: www.mendifilmfestival.com

PARTEKATU POST-A