BLOGA

KULTURA
2015 api. 7

Familientzako proposamenak Pazko-asterako

Familientzako proposamenak Pazko-asterako

Aste Santuko oporretan dira oraindik Euskal Herriko hainbat haur eta guraso batzu-batzuk ere bai, ziurrenik. Hona hemen eguraldia ere lagun izango dugun aurtengo Pazko-aste honetan familian egiteko hainbat proposamen.

 

Albaola Itsas Kultur Faktoria (Pasai San Pedro, Gipuzkoa). Euskal Herriko ekonomia eta gizartea urteetan egon izan da itsasoari hertsiki lotua. Euskaldunen eta itsasoaren arteko harreman hori deskubritu edota hobetoxeago ezagutzeko aukera polita duzu Albaola Itsas Kultur Faktoria. XVI. mendean Kanadako uretan hondoratutako San Juan baleontziaren erreplika bat ere eraikitzen ari dira han bertan. San Juan baleontzia UNESCOren Ur Azpiko Ondare Kulturalaren ikurra da. Pazko-asterako haurrentzako itsas munduarekin erlazionatutako tailerrak antolatu dituzte Albaola Itsas Kultur Faktorian; papiroflexia, Saskarrak (ur azpiko altxorrak) eta txalupatxoak tailerrak, hain justu. Tailerretan parte hartzeko aurretik izena ematea beharrezkoa da (tel. + 34 943 39 24 26). Prezioa: 3€. Informazio gehiagorako: www.albaola.com

 

Izotz aroko erraldoiak, Giza eboluzioa eta Dinosauroak erakusketa (Bilboko Itsasadarra itsas museoa, Bizkaia). Erakusketa honetan, inoiz ez bezala sartuko zara historiaurrean. Garai hartako bizidunen piezak benetako tamainan diseinatuta daude eta ingurunea ere berreraikia izan da. Gainera, pieza batzuek mugimenduak egiten dituzte, eta euren arnasa eta zaratak ere entzuten dira. Erakusketaren ibilbidea guztiz kronologikoa da. Dinosauroen arotik abiatu eta izotz aroko erraldoietatik pasaz, giza eboluzioa aurkezten digu. Erakusketa apirilaren 19a arte egongo da zabalik. Informazio gehiagorako: www.museomaritimobilbao.eus

 

Igartubeiti Baserri Museoa (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa). Igartubeiti baserria euskal baserriaren Urrezko Aroaren erreferentzia bizia dela esan dezakegu. XVI. eta XVII. mendean eraiki zen eta geroztik ez du ia aldaketarik izan. Baserria eta interpretazio zentroa bisitatzeko aukeraz gain, Pazko-asterako haurrentzako gaileta-tailerrak antolatu dituzte. Informazio gehiagorako: www.igartubeitibaserria.eus

 

Ataria, Salburuako hezeguneen interpretazio zentroa (Vitoria-Gasteiz, Araba). Vitoria-Gasteizko eraztun berdean dago Salburuako hezeguneen parkea. Hezegune horiek ia-ia lehortu ziren 1980ko hamarkadaren bukaeran, XIX. mendearen erdialdean hasitako drainatze-lanen ondorioz. Aitzitik, hezeguneak eraberritzea eta ekosistema horretan bizi diren landare- eta fauna-komunitateak biziberritzea lortu da. Salburuako interpretazio-zentroan bertako fauna eta flora ezagutzeko aukera izango duzu. Haurrekin joateko ondo prestatutako gunea da. Eguraldia lagun izango dugula jakinik, erabat gomendatzen dizugu familian, bizikletaz nahiz oinez, Vitoria-Gazteizko eraztun berdean txangoa egitea. Informazio gehiagorako: www.vitoria-gasteiz.org

 

Peru Harri, harriaren parkea (Leitza, Nafarroa). Euskal Herriko herri kirolik ezagunenetakoa dugu harrijasotzea eta Iñaki Perurena harrijasotzailerik ezagunenetakoa, ezagunena ez bada. Peru Harri Perurena familiak harriari berari, bere historiari eta euskaldunekin izandako harremanari eskainitako museoa da. Baserri-museoaz gain, hainbat eskultura eta katapulta erraldoi bat ere badira kanpoaldeko zelaietan. Hitzordua hartzea nahitaezkoa da (tel. 0034 659 701 045 / emaila: peruharri@hotmail.com). Prezioa: 4€ (helduak), 3€ (haurrak).

 

Argazkia: NMAC Fundazioa

PARTEKATU POST-A