BLOGA

ESKUALDEAK ETA HERRIAK
2016 ots. 12

Gasteiz Hiri Margotua

Gasteiz Hiri Margotua

Zazpi hiriburu, zazpi bizimodu. Batzuetan ibili gara, beste batzuetara oraindik ez gara heldu. Bilbo korrika ezagutu genuen, Donostiako txoko batzuk ere bisitatu ditugu (Goxatu, Kaxilda eta Donostia 2016), Baionan Eguberrietan izan ginen eta Maulen, berriz, 3 eguneko txango batean eta Maskaraden harira. Gaur Gasteizen hitzordua: Gasteizko Horma-Margoen Ibilbidea. Gasteiz Hiri Margotua.

 

Arabako hiriburua zerbaitekin lotu beharko bagenu, gerriko berde eta bizikletak, Santa Maria katedrala, Artium, eta Zeledon eta Ama Zuriaren festak aipatuko genituzke. Bada, ordea, aitatutako horien parean jarri nahiko genukeen beste interesgune bat: alde zaharreko horma-margoak. Guk dakigula, beste euskal hiriburuetan ez da horrelakorik, berezi egiten dute horma-margoek Gasteiz; Ipar Irlandara eramaten gaituzte errazago.

 

Christina eta Veronica Werckmeister ipar-amerikarrek eta Brenan Duarte gasteiztarrak jarri zuten proiektua martxan 2007an. Egun, bertako eta atzerriko 25 bat artistak hartzen du parte Gasteizko Horma-Margoen Ibilbidean. Gasteiz Hiri Margotua egitasmoari hirian ekimen parte-hartzaile eta sortzaileak aurrera eramateko eta kohesio soziala bultzatzeko gune ireki bat sortzeko asmoarekin ekin zitzaion. Eta bide batez, Gasteizko horma eta pareta zaharrak biziberritzeko xedez.

 

2007tik hona, 15 horma-margo sortu dituzte hirian. Gasteiz aire libreko museo bihurtu dute. Horiez gain, hiriko zenbait ikastetxe eta Arabako landa-guneko herri batzuetan ere jardun dute lanean.

 

6 bat aste hartzen dituzte horma-margoak sortzeko; normalean, udan. Zuzendaritza-taldea (artista profesionalak eta laguntzaileak) eta borondatezko herritarrak (18 urtetik gora izatea da baldintza bakarra) diseinua lantzeko biltzen dira lehenik. Proposamena sortu eta adostean, eskalazko zirriborro bat marrazten dute.

 

Hori eginda, brotxa hartu eta aldamiora. Zuzendaritza-taldeko kideek egunean 8 ordu pasatzen dituzte egindako zirriborroa pareta erraldoietan irudikatzen eta boluntarioei astean gutxienez 10 orduz aritzea eskatzen zaie, ordutegi erabat malguan. Horma-margoa bukatuta, inaugurazio-festa egiten dute.

 

2007an, orain ia 10 urte, egin zuten lehen horma-margoa, “Denboraren Harira” (argazkian). Alde Zaharreko Burulleria plazan dago eta kolore distiratsu eta anitzetako oihalak irudikatzen ditu, garai batean inguru hartan burulleroek oihalen salerosketan jarduten zutela gogoraraziz.

 

Azkena iazko udan bukatu zuten. “Zaramagako Lintzea” du izena eta sinbiosia, biodibertsitatea eta ekosistemak ditu oinarrian, kolore asko eta biziz irudikatuta. Animalien erreinuarena ez ezik, Zaramaga auzoaren beraren isla ere badela diote sortzaileek. Hiriko 16. horma-margoa 2016ko udan sortuko dute. Ideia, kokaleku, kolaborazio… bila hasiak dira eta norbaitek bertan parte hartu nahiko balu, www.muralismopublico.com webgunera sartu besterik ez du.

 

Bisita gidatuak

 

Gasteizko horma-margoak gure gisara aurkitu eta goza ditzakegu, horretarako daude aire librean, edonoren eskura. Hala ere, jakin, bisita gidatuak ere badirela egitasmoa bera eta irudi bakoitzaren istorioak eta sekretuak barrutik ezagutzeko. Artistak berak izaten dira gida lanetan jarduten dutenak.

 

Aipatu berri dugun “Denboraren Harira” (argazkian) obratik hasten da bisita gidatua eta “Zer Egingo Dugu Jakindakoarekin” lanarekin bukatzen da, Gasteizko alde zaharreko beste zortzi bat horma-margo ikusi ondoren. Azkena ikusten den lan hori 2011koa da eta ingurumenaren gaineko eztabaida islatzen du, 2012an Gasteiz Europako Hiriburu Berdea izan zela aitzakiatzat hartuta.

 

* Informazio praktikoa

Bisitaren iraupena: 1:30 h. Prezioa: 5€. Gutxieneko taldea: 6 pertsona. Hizkuntzak: euskara / gaztelera / ingelesa. Hitzordua aldez aurretik hartu behar da: telefonoz (633 184 457) edo emailez. Informazio gehiagorako: www.muralismopublico.com

 

 

Argazkia: www.muralismopublico.com

PARTEKATU POST-A