BLOGA

ONDAREA
2015 uzt. 16

Getaria eta inguruko jatetxeetako parrilak

Getaria eta inguruko jatetxeetako parrilak

Gipuzkoa mendebaldeko kostaldera joaten garen aldiro ematen digu atentzioa gauza batek: zergatik ote daude jatetxeetako parrilak jatetxearen kanpoaldean sukalde inguruan egon ordez? Getarian topatu dugu horren erantzuna.

 

Xabier Alberdi historialari zarauztarraren ikerketen arabera, garai bateko marinelek itsasontzian bertan izaten zituzten parriletan du jatorria aipatutakoak. Juan Sebastian Elkanok berak burdinezko bi parrilla omen zituen bere itsasontzian. Garai hartarako luxu bat omen zen eta marinel getariarrak bere testamentuan sartu omen zituen 1528an. Parrilarako ikatza erabiltzen omen zuen, egurra baino leku gutxiago behar zelako hura pilatzeko.

 

Getaria eta inguruko arrantza-ontziek 1990eko hamarkadara arte beren parrilak eduki izan omen dituzte itsasoan ziren artean arraina bertan prestatzeko. Arraina sukaldatzeko modu erraza zen beraientzat, harrapatu bezala presta baitzezaketen, olioa edo bestelako gehigarri batzuen beharrik gabe.

 

XX. mendean, 40ko hamarkadaren hasieran, parrila itsasontzitik lurrera pasatzen da. Getariako tabernak kanpoaldean parrilak jartzen hasten dira, etxera heltzen ziren marinelek beren arraina han presta zezaten eta horrela, tabernan gehiago edan zezaten (sagardotegietan egiten zen gisara).

 

Garai beretsuan, Europako errege-etxeak Europa hegoaldera etortzen hasten dira uda pasatzera; Biarritz, Donibane Lohitzune, Donostia, Zarautz... inguruetara. Kalean ikusten dutena eskatzen hasten dira haiek ere: sardinak eta bisigua kaleko parriletan erreta. Horrela hartzen dute Getaria eta inguruko parrilek egun duten sona.

 

Getaria aldeko tabernetako parriletan bisigua eta txuletak erretzen hasi ziren hasieran. Gerora etorri dira beste arrainak eta arraina prestatzeko modu ezberdinak. Aitzitik, oraindik orain, ikatza erabiltzen da Getariako parriletan, eta ez egurra.

 

Argazkia: Francesc Guillamet

PARTEKATU POST-A