BLOGA

BESTE
2015 urr. 16

Goxatu, familian egoteko gune berria Donostian

Goxatu, familian egoteko gune berria Donostian

Familian egon. Gauza erraza dirudi horrela esanda, baina zail xamarra da maiz, haur txikiak baldin badituzu, batez ere. Familian egiteko aukera eta ekintza mordoa izaten dira, baina familian egoteko lekuak ez hainbeste. Eguraldia lagun izanez gero, kalea, mendia edota hondartza izan daitezke horretarako leku apartak, baina horren faltan, etxeko lau paretek jan egiten dute bat azkenerako.

 

Zuriñe eta Naiara ohartu dira nonbait horretaz eta Goxatu jarri dute martxan, familian egoteko gune berria Donostian. Berri-berria, pasa den astean inauguratu baitzuten.

 

Familian egoteko gune goxo eta atsegin bat eskaintzea, eta Goxatu familien arteko loturak sortu edota indartzeko espazio izatea da Naiara eta Zuriñeren helburua. Familia-kide guztiak dira ongi etorriak Goxatun: gurasoak eta haurrak, nola ez; baita aiton-amon, osaba-izeba, lehengusu eta gainerakoak ere.

 

Zuriñe eta Naiarak hiru gunetan banatu dute lokala: sukaldea, egongela eta jolastokia. Infusioak, kafea, garaian garaiko fruituekin egindako irabiaki zein zukuak, eta askari eta hamaiketako goxo-goxoak izango dituzu eskura sukaldean. Egongela, berriz, deskantsurako, egoteko lekua da. Liburuak eta ipuinak, sofak, alfonbrak… daude bertan. Azkenik, jolastokian, “atzeko patioan”, Zuriñek eta Naiarak dioten moduan, proiekzioak, tailerrak eta ikastaroak, eta urtebetze-festak antolatzen dituzte; nahi izanez gero, urtebetetze-festa tematikoak ere bai.

 

Ez dago gune jakinik etxeko txikienentzat, espazio guztiak daude haientzako egokituta. Arbelak, etxeko txikien neurrirako altzariak… daude Goxatun, lasai eta euren gisara jolas daitezen haurrak zein gurasoak.

 

Gauza txiki eta detaileentzat ere gorde dugu tartetxo bat hemen. Kuxkuxero-kuxkuxero ibili gara eta ez digu ezerk egin alde :) Goxatuko komunak ez dira “neskenak” eta “mutilenak”, eta etxekoaren gisako ontziteria dute. Eta denak du bere zergatia.

 

Zuriñek eta Naiarak ez dute genero arteko bereizketarik egin nahi izan. Goxatuko ipuin eta liburuak ere hezkuntzako hainbat profesionalen laguntzaz aukeratu dituzte, genero-rolak ekiditeko asmoz.

 

Ingurumenarekiko arduratsu jokatzea ere garrantzitsua da beraientzat, besteak beste, hondakin ahalik eta gutxien sortuz. Horregatik erabiltzen dute iturriko ura, etxekoaren gisako ontziteria eta betiko kafe-makina.

 

Hileroko agenda: gisa eta gustu guztietarako familia-ekintzak

 

Goxatuk berak eskaintzen duen espazioaz gain, gisa eta gustu guztietarako hileroko ekintza-agenda bat ere izango da familientzat. Urrian, adibidez, euskal mitologiaren gaineko ipuin kontaketa (Goxatuko ekintza-agendako lehen hitzordua), edoskitzea eta lana uztartzearen gaineko hitzaldia, euskal dantzen ikastaroa eta ume eta gazteen garapen psiko-sexualaren inguruko solasaldia izango dira.

 

Hauxe ba gure azken deskubrimendua: Goxatu. Zuei ere guri hainbeste gustatzea espero dugu. Animo, Zuriñe eta Naiara; luze iraun dezala abenturak!


Goxatu: Atotxa plaza, 4. 20012 Donostia · 744 481 148 · www.goxatu.eus

PARTEKATU POST-A