BLOGA

BESTE
2015 api. 24

Haurrekin egiteko 11 egun-pasa

Haurrekin egiteko 11 egun-pasa

Iparraldeko haurrak udaberriko oporretan dira eta Hegoaldekoak hala ez baldin badaude ere, asteburua ate joka dugu. Udaberria esnatu zaigun honetan, hemen haurrekin egiteko egun-pasarako 11 proposamen.

 

Albaola faktoria bisitatu eta Pasai Donibanera itsasontziz igaro (Gipuzkoa).

 

Albaola faktoriak XVII. mendeko Euskal Herrira eramango gaitu, XVII. mendean Ternuako balearen arrantzak Euskal Herrian zuen garrantziaz jabetzera. Gainera, bisitaren amaieran, Ternuako uretan urperatu zen San Juan baleontziaren erreplika nola egiten ari diren zuzenean ikusiko dugu. Haurrek ere oso gustuko dute zati hori.

 

Ondoren, Pasai San Pedrotik Pasai Donibanera doan txalupatxoan Pasaiako badia igaro genezake. 0,70 zentimo baizik ez da kostatzen bidaiatxoa.

 

Igeldoko atrakzio parkea (Gipuzkoa).

 

Donostia beti da eder, eta aro ona egiten badu hondartzara joateko baliatzen ahal da, baina zinez haurrek maitatuko duten zerbait egin nahi baduzue, gomendatuko genizueke Igeldo mendiko atrakzio-parkera igotzea. Igeldo parkean bada atrakzio-parke ttiki bat, haurrentzat biziki egokia eta gurasoentzat ere leku atsegina dena, zeren Donostiara biziki bista ederrak eskaintzen ditu.

 

Igeldoko atrakzio-parkera igotzeko, autoz joaten ahal zarete, baina politena da Antiguoko auzotik abiatzen den funikularrean igotzea.

 

Biarritzeko (Lapurdi) edo Donostiako Aquarium-a (Gipuzkoa).

 

Euskal Herrian kalitate handiko bi aquarium eder ditugu, bata Donostian eta bestea Biarritzen. Biak ala biak esperientzia liluragarriak dira haurrentzat. Hainbat arrain-espezie desberdin ikusi eta bakarren batzuk ikutzeko aukera ere ematen dute. Biarritzekoan, gainera, 11:00etan eta 17:00etan itsas txakurrei jaten ematen diete.

 

Senpereko lakuan egun-pasa (Lapurdi).

 

Senpereko lakua ezaguna da urtero-urtero bertan antolatzen delako Herri Urrats, Iparraldeko ikastolen aldeko jaia. Baina urte osoan zehar ere, eta batez ere eguraldi onarekin, leku oso atsegina da egun-pasa baterako: bizikletan ibili, bainatu, ur-kirolak egin, tirolinan ibili... Hainbat jolas eta jarduera burutu ahal izango duzu. Seguru haurrek eskertuko dizutela.

 

Urdaibain murgildu (Bizkaia).

 

Urdaibaira joaten bazara, itsasontzian itzuli bat egin eta Urdaibai Bird Center-a edo Ingurumenaren Zentroa bisitatzea proposatzen dizugu.

 

Eguna ongi hasteko egin osteratxo bat Gaztelugatxeko ermitara (Bermeo). Ermitaraino heltzeko 231 eskailera igo behar dira. Ea zeinek igotzen dituen lasterrago, haurrek ala helduek! Behin gora heldutakoan, ohiturari jarraiki, jo ezkila hiru aldiz eta galdegin desio bat.

 

Handik Mundakara joan zaitezkete eta Urdabai On itsasontzian ostera bat egin. Urdaibairi buruzko hainbat pasadizo kontatuz, haur eta heldu liluratu egingo zarete.

 

Izenaduba basoa (Bizkaia).

 

Izenaduba Basoa Euskal Mitologiaren lehen interpretazio zentroa da. Parkeak 6.000 m2 ditu eta bertan dago Bizkaiko baserririk zaharrena.

 

Izenaduba Basoa-ko bisita guztiak gidatuak izaten dira eta 2 ordu inguruko iraupena izaten dute. Haurrentzako propio prestatutako bisita gidatuak ere badituzte: bisita antzeztuak euskal mitologiako hainbat pertsonaiaren eskutik (Lamia, Galtzagorri, Mari Domingi, Anbotoko Mari...). Euskal mitologiaren munduan murgilduko zarete, eta bakoitzaren mito eta elezaharrak ezagutuko dituzue.

 

Kakuetako arroilak eta Holtzarteko zubia (Zuberoa).

 

Zuberoa mendizaleen lurraldea da, baina haurrentzat ere aparteko sorpresak gordetzen ditu. Kakuetako arroiletan sartu eta ur-ertzeko pasabideetatik ibiliz abentura ederra biziko duzue eta oraindik indarrik geratzen bazaizue, aparteko saria duen mendi ibilbidea egitea gomendatzen dizuegu: Holtzarteko zubira doana, hain justu. Ea haurrek ala helduek, zeinek duen ausardia gehiago zubi zintzilikarioa iragaiteko.

 

Sendaviva (Nafarroa).

 

Nafarroako Erriberako atrakzio-parkea da Sendaviva, eta atrakzioez gain, animaliak ikusi eta ezagutzeko aukera ere eskaintzen du. 25 atrakzio baino gehiago daude eta 200 espezie ezberdinetako animaliak.

 

Baztanen Amaiurgo (Nafarroa) errotan taloak egin eta Amaiurgo gaztelua bisitatu.

 

Amaiur-en bertan bada errota polit bat, egiaz bisitatzea merezi duena. Bisita interesgarri baten bidez errotaren funtzionamendua eta artoari buruzko hainbat azalpen ematen dituzte. Errotan bertan egindako talo goxoa dastatzea ere zinez gomendagarria da. Haurrekin joanez gero, talo-tailerra ere antolatzen dute eta haurrek beraiek egindako taloa jaten dute.

 

Amaiur historia handiko herri txikia da, batez ere Amaiur-go gazteluagatik ezaguna. 1512ko Nafarroako konkista eta gero, Henrike II.a Nafarroakoak Nafarroako Erresuma berreskuratzeko egin zituen ahaleginen ikurra da Amaiurko gaztelua. 1521ean, Nafarroako Armadak Amaiurko gaztelua hartu zuen, baina 1522ko uztailaren 15etik 19ra Gaztela eta Aragoiko armadek setiatu zuten. 200 soldadu nafartar 10.000 soldadu gaztelar eta aragoitarren aurka borrokatu ziren.

 

Añanako gatzaga ezagutu (Araba).

 

Gesaltza Añanako udalerrian dago Añanako gatzaga, Vitoria-Gasteiztik 30 bat kilometrora. Munduan bakarra den paisaia hau 6000 urtetik honako lanaren fruitua da. Oraintxe jaso berri du Kultur Ondarearen Europako Batasuna saria | Europa Nostra 2015, kultur ondareari Europan eskaintzen zaion aitorpenik handiena.

 

Belaunaldiz belaunaldi, eskualde horretako gizon eta emakumeek inguruko iturburuak aprobetxatzen jakin izan dute gizateriarentzat ezinbestekoa den “urre zuria”, gatza, lortzeko. Horretarako, eskuz eta zentzuak agindu bezala, eskulan profesional eta espezializaturik gabe, egungo azpiegitura guztia eraikitzen joan dira. Ura iturburuetatik putzuetara ekartzeko lau kilometro luzeko egurrezko kanalak daude. Terrazak eskailera moduan eraikita daude, harria, egurra eta buztina erabiliz eta, azpian, gatza gordetzeko biltegiak dituzte. Azpiegitura ezohiko, ezezagun, herrikoi eta tradizional moduan defini daiteke.

 

Egun oraindik martxan dago eta zinez animatzen zaitugu bertaratu eta gatz-gizonak lanean ikustera. Nahi izanez gero, bisita gidatuak ere badira.

 

Urrunagako urtegian egun-pasa egin (Araba).

 

Araba eta Bizkaia artean dago Urrunagako urtegia, Gorbeia mendiaren magalean. Eguraldiak pixka bat lagunduz gero, familia-plan polita da.

 

Urertzean Sorgimendi eta Zabalain guneak topatuko dituzu, parrila, mahai, aulki, iturri, itzalgune, haurrentzako parke... guzti. Urrunagako urtegiaren iparraldean belan ibiltzeko aukera ere badago. Ura baino lurra nahiago dutenek, oinez zein bizikletaz ibiltzeko hainbat ibilbide topatuko dituzte Urrunagako urtegiaren bueltan.

 

PARTEKATU POST-A