BLOGA

BESTE
2015 abe. 18

Hemen da Kutxa Ekoguneako Haur Parkea

Hemen da Kutxa Ekoguneako Haur Parkea

Asteburu honetan, abenduaren 19an, inauguratuko dute Kutxa Ekogunea Haur Parkea. Gu gaurko aurkezpen-ekitaldian izan gara eta hona hemen, primizian, bertan topatuko duzuena :)

 

700 m2 espazio irekia, material naturalez egindako zuhaitzak, kabiak, negutegi argitsuak eta baserritxo bat haurrak beren gisara jolasean aritzeko, eta ehundaka jostailu, margo eta ipuin bazterretako apal eta kaxa koloretsuetan, nork hartuko zain esperoan. Espazio zabala, lasaia eta irudimena martxan jartzera deitzen duena: haurrak esango dio parkeari zer den, ez parkeak haurrari zer egin behar duen.

 

Ez dago gisa honetako beste parke itxirik Euskal Herrian, lehena da Kutxa Ekoguneakoa. Ez da txikipark bat, ezta parke tematiko edo Eguberrietako parke bat ere. Arkitekto eta pedagogoen artean diseinatu eta eraikitako espazioa da Kutxa Ekoguneako Haur Parkea, 0-12 urte arteko haurrentzako kalitatezko jolas-gunea.

 

Europako hainbat esperientzia erreferentziatzat hartuta eta etxeko txikien jolasteko eran oinarrituta, haurren sormena, autonomia, autoestimua, erlazioak eta psikomotrizitatea sustatzea da asmoa. Asteburuetan, tailerrak eta Pittika iratxo maitagarriaren ikuskizunak izango dira haurrak naturarekin, energiarekin, jasangarritasunarekin edota baratzearekin harremanetan jartzeko.

 

Jolastea eta ikastea gauza berbera da Kutxa Ekogunea Haur Parke berrian. Jakina da jolasa ikasteko tresna bikaina dela eta Kutxa Ekoguneak haurrak natura, ingurune eta ingurumenarekin harremanetan jartzeko aprobetxatu du aukera.

 

Jolas gunearen alboan kafetegi bat dago, garaian garaiko produktu ekologikoekin egindako hamaiketako, otordu, askari eta edari goxoekin. Harreraren alboan, berriz, dendatxo bat. Haur parkean izandako esperientziaren zatitxo bat etxera eramateko aukera eskaintzeaz gain, gure bizimodua jasangarriago izateko ura eta energia aurrezteko gailuak, aisia-produktuak, jostailu eta jolas didaktikoak eta abar luzea ezagutu eta erosteko gunea duzu.

 

Inaugurazio eta Eguberrietako oporrak

 

Eguberriekin batera, Olentzerori aurrea hartuta, iritsi da Kutxa Ekoguneako Haur Parkea. Datorren larunbatean, abenduak 19, inaugurazio-eguna izango da eta sarrera librea izango da goizeko 11:30etatik ilunbarreko 20:00etara. Nahi duen oro hurbildu daiteke hara bertan eskainiko diren tailer eta ikuskizunez gozatzera. Besteak beste, Gabonetako apaingarriak egingo dituzte eta Pittika iratxo maitagarriaren ikuskizuna ikusi ahalko da.

 

Haurren eguberri oporretan, urtarrilaren 10a bitarte, Kutxa Ekoguneako Haur Parkea egunero egongo da irekita, goizeko 11:30etatik 20:00etara (abenduaren 24, 25 eta 31ean eta urtarrilaren 1 eta 6an izan ezik).

 

Horixe guk han ikusi eta ahalik eta argien azaltzen saiatu garana. Eta egon ziur zerorri bertara joanda gehiago gustatuko zaizula :)

 

 

* INFORMAZIO PRAKTIKOA:

    - Ordutegia: ostiral eta jai-bezperatan, 16:00etatik 20:00etara. Larunbat, igande eta jaiegunetan, 11:30etatik 20:00etara.

    - Prezioa: 6€. Denbora mugagabea da eta helduek ez dute ordaintzen. Bazkide txartelak ere badira.

    - Garraioa: aparkaleku ederrak daude. Donostia eta inguruko hainbat autobus-linea ere bertaraino heltzen dira.

     www.ekogunea.eus

PARTEKATU POST-A