BLOGA

ESKUALDEAK ETA HERRIAK
2016 api. 29

Herri Urrats: asteburu pasa Iparraldean

Herri Urrats: asteburu pasa Iparraldean

Datorren maiatzaren 8an Herri Urrats ospatuko da Senpereko lakuaren bueltan. Egun horretan, igandean, gustu eta adin guztietarako ekitaldiak izango dira bertan, handik mugitu gabe.

 

Guk Senpere eta inguruko interesgune eta agendako ekitaldieei errepaso bat eman diegu, norbaitek aukera aprobetxatu nahiko balu asteburu pasa Lapurdi aldera joateko. Ez dadila inor etxean gera zer egin, non jan edo non ostatu hartu ez dakielako.

 

Miarritzeko Ozeanoaren Hiria (Cité de l’Océan)

 

Miarritzen bada aquarium-a eta bada Ozeanoren Hiria, ez dira gauza bera. Batean arrainak eta itsasoko izakiak ezagutuko dituzu eta bestean, Ozeanoaren Hirian, itsasoak eta ozeanoak berak. Ez duzu arrainik ikusiko han.

 

Zientzia ulerterrazagoa egitea eta gure ingurunea hobeto ezagutzeko tresnak eskaintzea da Ozeanoaren Hiriaren helburua. 14 espaziotan banatzen da museoa eta esperientzia interaktibo, 3D animazio, erakustaldi antzeztuen… bitartez, ikasketa ludikoa izatea da asmoa.

 

3D animaziozko batiskafo batean itsas-hondoa bisitatu, urperatu den itsasontzi bat ur azalera ekartzeko misioan parte hartu edota alegiazko errealitateari esker euskal kostaldeko olaturik ezagunenak surfeatzeko aukera izango duzue, besteak beste, Miarritzeko Ozeanoaren Hirian. (Surfean aritzeko aurrez erreserba egin behar da. Gutxieneko garaiera: 1,40 m).

 

Ozeanoaren Hiria · 1 avenue de la Plage, la Milady. 64200 Biarritz · Ordutegia: 10:00 - 19:00 · Sarrera: Helduak: 11,5€ / Haurrak (6-16 urte): 7,5€.

 

WowPark abentura-parkea (Urruña)

 

Urruñako basogune batean dago WowPark abentura-parkea. Zuhaitz gainetan etxola batzuk daude eta batetik bestera joateko sareek, jauziek eta txirristek osatzen dute abentura parkeko amarauna. Puzgarriak, baloi erraldoiak… ere badira.

 

Ez da arnes, tresna edo material berezirik behar batetik bestera ibiltzeko eta 2 urtetik gorako haurrentzat (eta helduentzat, ez baitago beste adin mugarik) prestatua dago. Horixe da WowPark “ohiko” abentura-parkeetatik bereizten duena.

 

Aipatu baita ere bertan mokadu bat egiteko edo bazkaltzeko mahaiak badirela eta zuhaitzetik zuhaitzera jarritako hamakak ere bai, parkeko hainbat gunetan.

 

WowPark abentura parkea · 11 Chemin de Bittola, 64122 Urruña · Ordutegia: 10:00 - 18:00 (udaberrian, asteburuetan soilik egoten da irekita) · Sarrera: Helduak: 14€ / Haurrak (2-4 urte): 8€.

 

EVI Nautika: itsas-kirolak (Zokoa/Ziburu)

 

EVI Nautika Donibane Lohitzuneko badiako bela-eskolarik zaharrenetakoa da. 1972an ireki zituen ateak eta Amaiur Alfaro itsasgizonak gidatzen du egun.  

 

Bela eta hainbat itsas kirol (uretako eskia, stand up paddle…) ikasteko zein praktikatzeko aukera duzu bertan. Lekuak ere ez du aitzakiarik: Zokoako portutik abiatu eta Donibane Lohitzuneko badia zoragarrian nabigatuko duzu.

 

EVI Nautika · Parking Quai Maurice Ravel. 64500 Ziburu · Tel.: +33 (0)5 59 47 06 32 · Email-a: contact@evi-nautika.com · Ordutegiak eta prezioa, ekintzaren eta erreserbaren baitakoa

 

Baiona: Txokolatearen Egunak & V. Pintxo Eguna

 

Baionako txokolatea Euskal Herriko txokolaterik ezagunenetakoa da, ezagunena ez bada. Beltza, mikatza, kakao askokoa; horrelakoa da XVII. mendetik hona Baionan egin izan den eta egiten den txokolatea. Horri gorazarre egiteko asmoz, urtero legez, aurtengoan ere Txokolatearen Egunak antolatu dituzte Lapurdiko hiriburuan. Maiatzaren 6 eta 7an izango da, datorren ostiral eta larunbatean.

 

Txokolatea eta txokolate-artisauak kalera ateratzen dira beren goxoak egin, erakutsi eta dastatzera. Hiria bera bihurtzen da txokolate-denda handi bat. Horrez gain, bisita gidatuak, erakusketak, jardunaldiak, haurrentzako ekintzak, etab. ere antolatzen dira. Ikusi hemen Baionako Txokolatearen Egunak 2016ko egitaraua.

 

Maiatzaren 7an, larunbat ilunabarrean, V. Pintxo Eguna ospatuko da Baionan. Baionako 27 peñek antolatzen dute eguna eta beren egoitzetan bertan jartzen dituzte pintxoak dastagai 1€-ren truke. Pintxo onenaren aukeraketan parte hartuz gero, sariak irabazteko aukera ere izango duzu. Informazio gehiago: www.pintxoeguna.com

 

NON JAN: Urtxola jatetxea, Olhabidea jatetxea, La Nivelle jatetxea, Komeiteko Borda jatetxea, Achafla Baita jatetxea, Plazan ostatua, Euzkadi jatetxea (+)

NON LO EGIN: Balea hotela, Le Trinquet hotela, Ohartzia hotela, Hôtel du Chêne hotela, Hôtel de la Rhune hotela, Alaia apartahotela, Elhorga landetxea (+)

PARTEKATU POST-A