BLOGA

ESKUALDEAK ETA HERRIAK
2015 urr. 8

Hiru egun Zuberoan. Gozatu naturaz eta lasaitasunaz

Hiru egun Zuberoan. Gozatu naturaz eta lasaitasunaz

Urriaren 12a, astelehena, jaieguna da Hego Euskal Herrian. Oraindik ez badakizu zer egin, honakoa gure proposamena: 3 egun Zuberoan. Eta jakina, jada zure bidaiatxoa lotua baduzu edo hiru eguneko astebururik ez baduzu, proposamena egunpasarako edo beste oporralditxo baterako gorde dezakezu.

 

1. EGUNA: KAKUETAKO ARROILA ETA HOLTZARTEKO ZUBIA

 

Oporraldia naturaguneetatik hastea proposatzen dizugu. Zuberoa dugu euskal 7 probintzietan birjinena eta gizakia ia heldu ere egin ez den paraje ederrak eskaintzen dizkigu.

 

Kakuetako arroila (Santagrazi) (argazkian) arroila bat barru barrutik ikusteko aukera aparta da. Eskailerak eta aldapak jaitsiz, konturatzerako arroila barruan izango zara, errekaren albo-alboan. Harkaitzezko paretak izugarriak dira, tarte hestua uzten dute elkarren artean, tartetik pasatzeko justu-justuko baimena emango balute bezala, eta ura ezin garbiagoa da. Tunela igarota, errekaren alde batera eta bestera eramango zaituzten hainbat zubi ere zeharkatuko dituzu. Amaieran, 20 bat metroko ur jauzi eta kobazulo eder batera iritsiko zara. Nahiz arroilak aurrera jarraitzen duen, bisitarako prestatutako bidea hemen bukatzen da.

 

4 kilometrokoa da joan-etorria; erraza, ez du inongo zailtasunik. Guk Kakuetako arroilaz gozatzeko bizpahiru ordu behintzat hartzea gomendatzen dizugu. Kakuetako arroilak egunero irekitzen dituzte, martxotik azarora. Datorren azaroaren 15ean itxi egingo dituzte, eta halaxe egongo dira, itxita, datorren udaberrira arte: martxoaren 15era arte, hain justu.

 

Egun berean bisita ditzakezu Kakuetako arroila eta Holtzarteko zubia, 70 m. luze, 1,5 m. zabal eta 180 m. gora den zubi zintzilikaria. Bertara joateko Larrainera doan bidean gora hasi baino lehen, Logibar ostatuaren ondoan autoa utzi behar da. Bide seinalatu eta erabilian gora eginez iritsiko zara 180 metroko altuera duen Holtzarteko zubira. Ibilbide aldapatsua da, baina ez oso luzea. Holtzarteko zubiak zahar eta gazte liluratzen ditu. 

 

2. EGUNA: URDIÑARBEKO USATEGIAK ETA HERAUSKORRITXE INTERPRETAZIO ZENTROA

 

Eskain diezaiogun bigarren eguna ondareari. Sona handia dute Etxalarko usategiek (Nafarroa), baina Etxalar ez da usoak sare bidez ehizatzen diren Euskal Herriko leku bakarra. Urdiñarbe dugu beste bat. Urdiñarbeko usategietara joateko gonbidapena duzu gurea. Etxalarren zein Urdiñarben gisa berean ehizatzen dituzte usoak: paleta zuriak jaurtitzen dizkiete uso-saldoei belatzak direla pentsatu eta beren hegaldia jaisteko. Lurreko sareetan harrapatzen dituzte gero usoak, bizirik.

 

Herauskorritxe interpretazio-zentroa Atharratze-Sorholüzen dago. Interpretazio-zentro berri-berria da eta euskal mitologiari eskainia dago, ikuspegi erabat berritik; ikuspegi aktualagotik eta ez hain tradizionaletik esaten ausartuko gara. Kakots elkarteko gazteek jarri dute martxan, Claude Labat, euskal mitologian aditua den Lauburu elkartekidearen laguntzarekin. Atharratzeko turismo bulegoan dago Herauskorritxe interpretazio-zentroa. Berau ikusteko ordubetetxo bat behintzat hartzea gomendatzen dizugu.

 

3. EGUNA: MAULE-LEXTARRE

 

7 hiriburu ditu Euskal Herriak, eta 7 bizitzeko modu. Guztiak dira arras desberdinak, eta guztiek dute bisita bat merezi izateko xarma. Maule-Lextarre da zazpietan txikiena eta birjinena. 

 

Mauleko gaztelu zaharra duzu gure lehen proposamena. Erdi Aroan eraiki zen gain batean eta Maule bera bere babesean, ondoren. Gaztelua Zuberoako agintarien egoitza izan zen bizkonderria sortu zutenetik, eta hainbat eta hainbat funtzio bete zituen XIX. mendera arte. Besteak beste, espetxe izan zen. XVII. mendean, han hartu zuten preso eta ondoren burua moztu Matalatz apaizari, nobleziaren aurkako iraultza antolatu zuen apaiz zuberotarrari. Itxita egoten da urritik apirilera, baina merezi du paseotxo bat emanez hara joatea, gaztelua bera ikusi eta Maulez gain batetik gozatzeko.

 

Andre Maria elizak ere merezi du osteratxo bat; batez ere, bere hiru muturreko kanpandorreagatik. Hirutasun Santua irudikatzen du. Zuberoako hainbat herritako elizen berezitasuna da hori, Zuberoako arkitektura erlijiosoaren ezaugarrietako bat.

 

Espartinen munduko hiriburua da Maule, zalantzarik gabe. 150 urte baino gehiagoz izan da herriko ekonomiaren motor nagusia espartingintza. Garai onenetan, Gaztelatik eta Biarnotik ere etortzen zen jendea Maulera espartinak egitera. Espadrilles Megam-ek bisita gidatuak eskaintzen ditu astelehenetik ostiralera, bisitariei beren historia eta egiteko modua erakusteko asmoz.

 

Eta listo, hiru egunek ez dizute asko gehiagorako emango. Ondo ibili!

 

* Lotarako leku gomendagarri batzuk Zuberoan: Ferme Landran landetxea, Auberge de l'Etable hotela, Le Saison landetxea eta Pont d'Abense-ko campinga.

  Jateko leku gomendagarri batzuk Zuberoan: Des Touristes hotel-jatetxea, Chistera jatetxea eta Les Pyrénées jatetxea.

PARTEKATU POST-A