BLOGA

GASTRONOMIA
2015 urr. 20

Iker Alzugaray: "Aukera bat zen guretzat Iparraldeko merkatua, hortxe, gertu-gertu dago"

Iker Alzugaray: "Aukera bat zen guretzat Iparraldeko merkatua, hortxe, gertu-gertu dago"

Iker Alzugaray eta bere emazte Michellek urdaitegia dute Bretxako merkatuan (Donostia), 2007tik. 2009an Gipuzkoako hainbat produktu Iparraldera eramaten hasi ziren eta orain Urrezko Oilarra sari preziatua jaso berri dute Parisen, Guide Des Gourmands gastronomia-gida sonatuak Europako gourmet produktuen ekoizleei ematen dien Michelin Izarra. Ikerrekin izan gara berriketan beren Bretxako urdaitegian, Urrezko Oilarraren begiradapean.

 

Urrezko Oilar bat Bretxako merkatuan. Kontatu iezaguzu istorio polit hori...

 

Paris Basque azokan (Paris, Frantzia) hasi zen dena, ekainean. Urtero ospatzen da azoka hau eta, besteak beste, euskal sei sukaldari eta beste hainbeste paristarren mokadu goxoak probatzeko aukera izaten da bertan. Rémy Escale, Michelín Izar bat jaso berri duen Donibane Lohitzuneko Zoko Moko jatetxeko sukaldari ohia, izan zen han parte hartu zuen euskal sukaldarietako bat eta hark gonbidatuta joan nintzen. Parte hartu zuten sei sukaldarietatik bost nire bezero dira, horietako bat Rémy Escale.

 

Getariako (Gipuzkoa) olagarroa eta txerrikumea prestatu zituen Rémyk azokak iraun zuen bi egunetan, larunbat eta igandean, hurrenez hurren, eta batak zein besteak izugarrizko arrakasta izan zuten azokara gerturatu zirenen artean. Azokan zen Elisabeth de Meurvile ere, Urrezko Oilarra ematen duen Guide Des Gourmands gastronomia-gidako zuzendaria ere eta antza denez, hari ere gustatu zitzaizkion olagarroa eta txerrikumea.

 

Igandean, azoka bukatuta, elkarrizketa txiki bat egin zidan Meurvilek eta esan zidan mesedez bidaltzeko nire produktu gehiago bere lankideek ere probatu zitzaten. Uztailan deitu zidan Meurvilek berak Urrezko Oilarra gurea zela jakinarazteko.

 

Eta familia-enpresa bakarra edo bakarrenetakoa zarete sari hori jasotzen, ezta? Beste sarituak enpresa handiak dira.

 

Bai, hala da. Hemen Michelle, emaztea, eta biok aritzen gara lanean. Iparraldean badira batzu-batzuk, baina Hegoaldean bakarrak gara Urrezko Oilarra dugunak eta sari garrantzitsua da guretzat. Besteak beste, ekoizle txikiei beren produktuak ezagutzera ematen eta promozionatzen egindako lanagatik eman digute saria eta ohore bat da hori guretzat.

 

Izan ere, gu txikiak gara eta gure hornitzaileak ere bai. Ekoizle txikiek oso produktu onak izaten dituzte, handiek baino hobeak maiz, baina merkatuan lekua izateko egin beharreko bidea dezentez zailagoa izan ohi da. Horrelako sariek aurrerantzean ere lanean jarraitzeko indarra ematen dute.

 

Nire hornitzaileetako batzuk ere nirekin izan ziren Paris Basque azokan, eta han bildu ziren bisitarien esker onak eta harrerak egiten duzun horretan sinesteko eta aurrera egiteko ilusioa eta indarra ematen dizu. Euskaldunok eta euskal produktuek izen oso ona dugu eta sinetsi egin behar dugu egiten dugun horretan.

 

Krisiak eraginda, Gipuzkoako produktuak Iparraldera eramaten hasteko aukera ikusi zenuten. Zer harrera dute Getariako olagarroak, txistorrak, ilarrek... Iparraldean?

 

2007an jarri genuen urdaitegia Michelle eta biok Donostiako Bretxako merkatuan. Lehen bi urteak onak izan ziren, baina beherakada nabarmena izan genuen 2010ean. Zerbait pentsatu behar genuen eta, zuk esan bezala, gourmet produktuak Iparraldera eramaten hasi ginen. Iberikoekin hasi ginen; gero etorri ziren olagarroa, ilarrak...

 

Donostia eta inguruan bazen nahikoa jende gourmet produktuak saltzen eta guretzako aukera bat zen Iparraldeko merkatua: nik han ikasi nuen, Donibane Lohitzunen, Michelle hangoa da eta Urruñan bizi gara. Guk eskura genituen produktu asko, gainera, berriak ziren han. Aukera polit bat zen guretzat Iparraldeko merkatua: gertu-gertu gaude, baina aldi berean, urruti. 

 

Onartu behar dut hasiera ez zela erraza izan. Maila jakineko jatetxeekin lanean hastea erabaki nuen, maila jakineko produktuekin, eta Ibarboure anaiak izan ziren nire lehen bezero. Zaila da produktu berriak ezagutzera ematea, pazientzia eta denbora behar da horretarako, baina produktuaren kalitateak txundituta uzten ditu. Getariako (Gipuzkoa) Olagarroa da adibide oso garbia: hasieran asko kosta zitzaidan, baina orain gure produktu izarra dela esan dezaket, Michelín Izarra duten jatetxeek ere eskatzen didate.

 

Iparraldeko goi-mailako jatetxeak dituzu bezero. Ekainean Parisen izandako "Paris Basque" ekitaldian parte hartu zuten 6 euskal sukaldarietatik 5 zure bezero dituzu.

 

Esan bezala, Iparraldeko maila jakineko jatetxe sonatuekin hastea erabaki nuen: Ibarboure anaiak, Briketenia, L'Impertinent, Sukaldari, Ilura... Egun, Michelín Izarra dute Iparraldeko ia jatetxe guztiak nire bezero dira. Nire produktuak gourmet produktuak dira eta, besteak beste, horregatik egin nuen hautu hori. Pentsatuz, agian, horrek gero beste batzuengana joateko ateak ere ireki ahal zizkidala. Produktuen prezioan bada diferentzia, baina ez da handia eta azken bezeroak produktuen kalitatea estimatu egiten duela esango nuke.

 

Lehen aipatu bezala, txikiak gara eta harremanean dago gakoa. Bezeroak eta gu lan-talde bat gara, saltzaile-bezero hutsetik haragoko harremana sortu dugu. Bezeroen beharretara egokitzen gara eta eskaintza pertsonalizatuak egin. Berritasunak ere eskatzen dizkigute. Urtero, otsailean, bezeroetako baten jatetxean nire produktuak eta berritasunak aurkezten dizkiet nire bezero diren edo bezero izan daitezkeen jatetxeei.

 

Donostiatik Iparraldera, handik Parisera eta orain mundura. Euskal produktuek badute kalitatea, eta nahikoa babes eta promozio Euskal Herritik bertatik hasita?

 

Orain Japonia eta Tailandian sartzeko asmotan naiz bai, baina asko interesatzen zait Frantzian lan egitea. Frantzian asko estimatzen dira euskalduna eta euskal produktuak, Euskal Herrian bertan baino gehiago; gauza askorekin pasatu ohi den legez. Asko dago oraindik egiteko; promoziorako laguntza pixka bat gehiago izango bagenu...

 

Urrezko Oilarrari probetxua ateratzen saiatuko gara orain. Hegoaldean ez hainbeste, baina Iparraldean, Frantzian eta Europan sona handia duen saria da eta ea zerbaitetarako balio digun. Eta zergatik ez, Hegoaldean ere bide bat irekitzen hasteko. Asko poztuko nintzateke Hegoaldeko beste ekoizleren batek ere saria jasoko balu!

 

Bukatzeko, gure Basklink galdera: zein da Iker Alzugarayren Euskal Herriko txoko kuttuna?

 

Donibane Lohitzune, betitik erakarri izan nau. Han egin nituen ikasketak ere eta xarma berezia du niretzat. Bezero asko ditut bertakoak ere. Urruñan bizi gara eta askotan joaten gara Donibane Lohitzunera, Biarritzera ez bezala.

 

Iker Urdaitegia · Bretxako merkatua 13M. Boulevard Zumardia, 3, 20003 Donostia · www.ibericosiker.com

PARTEKATU POST-A