BLOGA

ESKUALDEAK ETA HERRIAK
2015 mai. 6

Iparraldera txangoa, Herri Urratsen aitzakian

Iparraldera txangoa, Herri Urratsen aitzakian

Urtero legez, maiatzaren 10ean, Herri Urrats ospatuko da Senpereko aitziran. Seaskako Ikastolen festa handia kari, milaka euskalzale hurbilduko da Senperera eguna festa-giroan igarotzeko. Izango da Herri Urrats aitzakiatzat hartuta asteburua Iparraldean pasatzeko asmoa izango duenik ere. Baina zer egin Iparraldean? Nora joan eta zer ikusi?

 

Eskaintza zabala du Iparraldeak bikotean, familian edo lagunekin joateko. Bikoteari sorpresa bat egin nahi badiozu, Iparraldera hurbildu eta herri xarmagarri bat bisitatuz egun ederra pasa dezakezue. Ibiltzea gustuko baduzue Biarritz edo Donibane Lohitzun aurkituko dituzu kostaldean, eta lasaitasuna nahiago baduzu ez galdu Senpere inguruan dauden Azkaine, Sara, Ezpeleta edo Ainhoa. Herri horietan giro lasaia, terraza atseginak eta paisaia paregabeak topatuko dituzu. Gomendiotxo bat otordu on bat egin edo gau ahaztezin bat igaro nahi dutenentzat: hurbildu Ainhoako Argi Eder etxe-jatetxera edo Sarako Olhabidea etxe-jatetxera.

 

Familian mugitzeko asmoa baduzu, haurrekin egiteko hainbat jarduera polit dituzu eskura, besteak beste, Sarako edo Isturitz eta Otxozeilako leizeak, Baionako Euskal Museoa, Biarritzeko aquariuma edo Ozeanoaren Hiria, Puyodebat txokolategia Kanbon edo Larrungo trena Saran.

 

Lagunekin mugitzeko asmoa baduzue eta kirola egitea gustuko baduzu, ez galdu aukera Bidarrai-en rafting egiteko Arteka-ren eskutik edo Ziburun SUP praktikatzeko. Biek ala biek euskaraz eskainiko dizkizue zerbitzuak.

PARTEKATU POST-A