BLOGA

GASTRONOMIA
2015 ira. 11

Irulegiko arnoa, Euskal Herrian sor-marka duen hiru ardoetako bat

Irulegiko arnoa, Euskal Herrian sor-marka duen hiru ardoetako bat

Uda bukatzear, orain irailean, mahatsa biltzen hasiko dira Euskal Herriko hainbat eta hainbat lekutan eta uzta berriari eskainitako zenbait festa eta egun ere ez dira faltako agendan: besteak beste, Irulegiko Arnoaren Besta asteburu honetan, irailaren 11tik 13ra. Aitzakia polita iruditu zaigu Behe Nafarroako eskualde hartara txangoa egin eta mahasti, ardogile eta ardo haren historia eta istorioak ezagutzeko.

 

Irulegiko ardoa Baigorri eta Irulegi arteko eskualdean ekoizten da eta Euskal Herrian sor-marka duen hiru ardoetako bat. Arabar Errioxako eta Nafarroako ardoa dira beste biak. 1970ean lortu zuen izendapen hori Irulegiko ardoak eta sor-marka duen Frantzia eta Europako eskualderik txikienetakoa da. 50 bat ardogile dira Irulegiko ardoa ekoizten dutenak, Behe Nafarroako 15 bat herritan eta 250 bat hektareatako lur-eremuan. Ardo beltza (%70), gorria (%20) eta zuria (%10) ekoizten dute, eta bertako mahatsa baino ez dute erabiltzen horretarako.

 

Irulegiko mahastiek badute berezitasun bat: mendiari jandako terrazetan ekoizten da mahatsik gehiena. Mendialdeko eskualde batez ari gara, %80ko penditzak ere ba omen dira, eta terrazak eraiki dituzte mahatsa eremu lauan ekoitzi eta landu ahal izateko. Mendien hegoaldean daude terrazak, mahastiak ipar haizearengandik babestu ahal izateko. Udazkenak goxoagoak dira horrela, eta mesede egiten omen dio horrek mahatsari. Mahats-biltzea eskuz egiten da, garai batean egiten zen gisara.

 

Ardogintzaren lehen zantzuak erromatarren garaitik baldin badatoz ere, Irulegiko ardoaren historia Erdi Aroari eta Done Jakue Bideari dago hertsiki lotua. Orreagako fraideak hasi ziren mahastiak lantzen XI. mendearen amaieran, Donibane Garazi eta Orreaga lotzen dituen Done Jakue Bidea egiten zebiltzan erromesei zerbait eskaintzeko asmoz. XVII. mendean, Piriniotako Ituna sinatzean, fraideek mahastiak utzi behar izan zituzten eta herritarrek hartu zituzten beren gain.

 

XVIII. mendean sona handia izan zuen Irulegiko ardoak eta Alemania, Ingalaterra eta Herbehereetara ere heldu zen Baionako portutik aterata. XX. mendearen aurrenean 1700 hektarea hartzen zituzten Irulegiko mahastiek, baina jada hasia zen hirietarako joerak eta phylloxerak (mahats-zorriak) kolpe latza eman zioten sektoreari. 50. hamarkadan, hainbat mahastizalek elkarte bat sortu zuten eta haien lanari esker heldu zen 1970ean Irulegiko ardoaren jatorrizko izendapena. Egun, Irulegiko ardoak izena eta sona ona irabaziak dituela esan dezakegu.

PARTEKATU POST-A