BLOGA

KIROLA
2015 ira. 12

Itziar Alduntzin: "2002ko Kontxako Banderak ez zuen urterik eta inor ez zen horretaz konturatu"

Itziar Alduntzin: "2002ko Kontxako Banderak ez zuen urterik eta inor ez zen horretaz konturatu"

Itziar Alduntzin donostiarrak josten du orain 30 urtetik hona gizonezkoen Kontxako Bandera preziatua, arraunlariek hainbeste desio duten bandera. Moja batzuk hasi ziren lan horretan, Carvallo ahizpek hartu zioten erreleboa 31 urtez eta Alduntzin aritzen da orain lan horretan, hainbat urtez Carvallo ahizpekin jardun ostean. Orduko makinekin josten du oraindik ere Kontxako Bandera. 7,5 metro oihal, 10000 metro hari, 400 lan-ordu eta mimo mordoa behar ditu horretarako.

 

Ez dituzte jostun guztiek izango zurea bezalako enkarguak. Nola heltzen da bat Kontxako Bandera jostera?

 

Ez nintzen ikasle hona eta orduko 8. maila bukatzean utzi nituen ikasketak. Emakumea izanik, joskintza edo administrari ikasketak egitea zen ohikoena orduan eta joskintzari ekin nion. Bigarren ikasturtean bordatuan aritzeko aukera izan nuen eta joskintza baino gehiago gustatu zitzaidan. Joskintzako ikasketak bukatuta, urtebete gehiagoz aritu nintzen bordatuan.

 

17 urterekin, Carvallo ahizpekin hasi nintzen praktiketan-edo. Bat erretiratua eta bestea erretiratzear zegoen, baina nire izeba bat beren bezero onenetakoa zen eta haren bitartez hasi nintzen Carvallotarrekin, mesede moduan. 8 bat hilabetez nik ordaintzen nien haiei irakasten zidatenagatik eta ondoren kontratatu egin ninduten, azkarra eta ona nintzela esanda.

 

10 urtez jardun nuen Carvallo ahizpekin lanean. Ahizpa gazteena hil zen orduan eta 5 urte gehiagoz alokairuan aritu nintzen beren lokalean bertan. Ezkondu nintzenean, ahizpa zaharrak beren makinak, bezeroak eta enkarguak oparitu zizkidan. Carvallo ahizpek josten zuten orduan Kontxako Bandera eta esan daiteke, beraz, oinordetzan jasoa dudala lan hori.

 

17 urte nituen Carvallo ahizpekin lanean hasi nintzenean eta ordurako emakume adinduak ziren haiek, amona gisa hartu izan ditut. Orain bizpahiru urte hiltzen ahizpa zaharra eta noizbehinka bisitan joaten nintzaion ordura artean.

 

Badira 30 urte Kontxako Bandera zuk egiten duzula. Zer material, zenbat denbora eta mimo behar da 2,5 metro zabal eta 1,8 luze den bandera egiteko?

 

Garai bateko makina eta patroiekin jarraitzen dut lanean, Kontxako Bandera ez da asko aldatu azken urte luze hauetan. 7,5 metro oihal zuri, oihal urdin eta urre koloreko zati batzuk, 10000 metro hari, 60 metro lokarri eta 400 bat lan-ordu behar ditut, gutxi gorabehera, Kontxako Bandera egiteko. Ni garai bateko makinekin aritzen naiz lanean. Badakit egun ordenagailuz ere bordatu daitekeela eta azkarragoa dela, baina, horretan jakiteak inbidia pixka bat ematen didan arren, ez da berdin geratzen.

 

Beti esaten dut negu partean hasiko naizela poliki-poliki Kontxako Bandera josten, baina ez dut inoiz egiten. Ekainean ekiten diot lanari eta 9 orduz aritzen naiz egunero, jai eta aste. Hilabete gogorra izaten da, baina ez dut Bandera inoiz berandu entregatu izan!

 

Zailtasunik ere izango du ba?

 

Ez da bereziki lan zaila, egin izan ditut zailagoak. Bandera handia eta zuria izatean dago kontua. Handia izanik, lanerako ez da erraza eta zuria izateak ez zikintzeko kontu handiz ibili beharra dakar. Maindire zaharrak jartzen ditut makinaren bueltan eta lurrean Bandera ez zikintzeko.

 

Eta urteren batean gogoratu izan zara Bandera zuria izanarekin, ezta?

 

Bai, hala da. Urte batean, Banderaren bi aldeak elkar jostean konturatu nintzen bietako batek orban bat zuela eta alkoholarekin garbitu nuen, beti egiten dudan gisan. Hiruzpalau egun falta nituen Bandera entregatzeko eta plantxa jarri nion gainean lehenago lehortzeko asmoz. Ez dakit oso ondo zergatik, alkoholaren eta beroaren arteko erreakzioagatik-edo, zulatu egin nuen! Ez dizut kontatuko Bandera entregatu aurreko azken hiru egunak nolakoak izan ziren!

 

Beste urte batean, 2002an hain justu, Bandera entregatu aurretik plantxatzen ari nintzela konturatu nintzen urtea ez niola jarri. Ez nuen akatsa zuzentzeko astirik eta bere horretan utzi nuen. Ez nion inori ezer esan eta ez zen inor ohartu.

 

Hurrengo urtean, 2003an, semearekin Kontxako Banderarako entrenamendu bat ikustera joan nintzen Donostiako kaira eta Izortz Zabalari, orduko Urdaibaiko patroiari, autografoa eskatzera lagundu nion Asierri. Hiruok bakarrik geunden eta aipatu nion Zabalari ni nintzela Kontxako Bandera josten zuena. Orduan galdetu zidan ea zergatik iazko Banderak, 2002koak, ez zuen urterik eta han aritu nintzaion istorioa kontatzen. Kazetariren bat inguruan zebilen nonbait eta handik bi egunera edo egunkarian azaldu zen berria!

 

Donostiarra eta arraunzalea izanik, lan berezia da zuretzat Kontxako Bandera jostea?

 

Aitarengatik datorkit arraunzaletasuna, baina arraunzalea izanagatik, beste lan bat bezala hartzen dut Kontxako Bandera jostea. Bandera bera egitea ez da berezia niretzat. Hala ere, aitortzen dut Bandera portuan sartzen ikusteak, arraunlariak musuka, jendea saltoka... oilo-ipurdia jartzen didala.

 

Emakumeen bandera ez duzu zuk egiten, Maria Jesus Lorenzo jostunak baizik.

 

Lehen urtean, 2008an, galdetu zidaten ea nik egin nahi nuen. Uztailaren 28 edo 29an galdetu zidaten ordea eta ni oporretara nindoan hamabost egunerako abuztuaren batean. Bueltan etorritakoan ematen zidan egiteko denbora, baina justu urte horretan beste bandera bat egiteko enkargua nuen. Ezetz esan nien, jakinik orduan ezetz esanez gero ondorengo urteeetan ere ez nuela nik egingo; aipatu baitzidaten hori. Damutu naiz geroztik: orain ez naiz ni bakarrik Kontxako Banderak josten dituena.

 

Maria Jesusekin harreman ona dut. Ez gara asko mundu honetan aritzen garenak eta hobe elkarrekin ondo moldatzen baldin bagara! Lehen urteetan galdetu izan zidan hariaz..., baina norberak bere gisara egiten dugu lan.

 

Kontxako Banderako lehen igandea pasata, gauzak estu-estu daude gizonezkoen zein emakumezkoen artean. Zer dio Itziar Alduntzinen bihotzak?

 

Bandera Donostian bertan gelditzea nahiko nuke, baina oso zaila da hori, bai momentuz behintzat. San Juandarrei ere badiet halako maitasun pixka bat, baina ez naiz amorratua. Bigarren igande honetarako gauzak irekita eta polit daude, eta ea bandera Gipuzkoan geratzen den!

PARTEKATU POST-A