BLOGA

BESTE
2016 eka. 24

Izenaduba Basoa, euskal mitologiaren interpretazio zentroa

Izenaduba Basoa, euskal mitologiaren interpretazio zentroa

Heldu dira hainbeste desiratako oporrak: Euskal Herriko haurrik gehienak uda betean sartuak dira; eta gehienak esango dugu Iparraldean oraindik azken eskola-egunetan direlako. Luzea ala motza, beharrezkoa eta merezia dela esaten ausartuko ginateke behintzat eta tarte honetan askotan egin ez dugunez, aitzakia aprobetxatu eta gaurko proposamena etxeko txikienei eskainiko diegu.

 

Izena duen guztia ba omen da. Horrexen adibide da Mungiako (Bizkaia) Izenaduba Basoa, euskal mitologiari eskainitako lehen interpretazio zentroa. Interpretazio zentroa eta ez parke tematikoa.

 

Landetxo Goikoa baserriaren bueltan, euskal mitologian murgildu eta galtzagorrien, lamien, Basajaunen, Tartaloren zein Anbotoko Mariren historia eta elezaharrak ezagutzeko 6000 metro2-ko interpretazio zentroa da Izenaduba Basoa; familia eta haurrei zuzendatuko gune didaktiko eta ludikoa.

 

Landetxo Goikoa Olentzeroren baserritzat bataiatu bazen ere hasieran, ikazkinarentzat etxe handi xamarra irudituta, euskal mitologiako beste hainbat pertsonaiari ere ematen dio aterpe Izenaduba Basoak. Egia da Gabon garaia oso berezi eta magikoa izaten dela Izenaduban (han bizi da eta Olentzero), baina Tartalok zein lamiek, baita Olentzerok ere, maite dute uda ere.

 

Urte guztian zehar, bisita gidatu antzeztuak eskaintzen ditu Izenaduba Basoak. Urtero aldatzen da bisita horien gidoia eta aurtengoan, bisitariak gaizkile batek pertsonaia mitologikoei lapurtu dizkien botereen bila ibiltzen dira.

 

Galtzagorri batek gidatzen ditu bide guztian eta ibilbidean barrena pertsonaia mitologikoen bisitak jasotzen dituzte. Sorginen Baratzan sendabelarrekin edabeak sortzen, Basajaunen labirintoaren barruan, Mariren Koban… ibiltzen dira galdutako botereak berreskuratzeko probak gainditu eta pisten bila. 3D simulagailuko emanaldiarekin amaitzen da bisita, euskal mitologian erabat murgilduta.

 

Landetxo Goikoa, Bizkaiko baserririk zaharrena

 

Landetxo Goikoa baserria, Izenaduba euskal mitologiaren interpretazio zentroko gune nagusia, Olentzeroren Baserria gisa bataiatu dena, horrez gain, Bizkaiko baserririk zaharrena eta Euskal Herriko zaharrenetarikoa da.

 

Landetxo familiak eraiki zuen XVI. mendearen hasieran, XIII. mendetik bizi izan ziren lekuan bertan, muino baten gainean. Ibaiko uren eragin kaltegarrietatik seguru, bere lantzar eta soroak inguruan zituela. Baina Landetxotarrek erakusteko etxe izatea ere nahi izan zuten, etxejaunen estatus berria agerian utziko zuen etxea (nobleen eskubide berdinak baitzituzten).

 

Orain 15 urte, Mungiako Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak baserriaren berreraikuntza lanei ekin zieten. Baserria erabat desmuntatzea, deseraikitzea erabaki zen; eta deseraikitze lan horretan agertu zen jatorrizko Landetxo, eraikin bikaina eta konplexutasun tekniko handikoa. Aitzindaria arkitektonikoki, lehen baserria izan baitzen Bizkaian ukuilua beheko solairuan izan ordez eraikinaren atzealdean zuena. Ordura arte, etxebizitza bigarren solairuan egoten zen eta geroztik, berriz, eraikinaren aurrealdean.

 

Euskal Herriko arkitektura zibila, eta baserrietako ohiturak, sinesmenak, lanak eta bizimodua ezagutzeko helduentzako bisita gidatuak ere eskaintzen dira Izenaduba Basoan.

 

* Informazio praktikoa

Izenaduba Basoa: bisita teatralizatuak

Aurrez zehaztutako egutegi eta ordutegian egiten dira. Erreserba egin behar da telefonoz edo webgunean.

Iraupena: 2 ordu

Prezioa: 3 urtez azpiko haurrak: doan / 3-14 urte bitarteko haurrak: 8€ / Helduak: 9,8€

 

Landetxo Goikoa: bisita gidatuak

Aurrez zehaztutako egutegi eta ordutegian egiten dira. Erreserba egin behar da telefonoz edo webgunean.

Iraupena: 1:30 ordu

Prezioa: 7-9€ (taldeko jende kopuruaren baitan)

 

Ordutegia: 9:00 -18:00 (astelehenetik ostiralera. Udan, hilean asteburu batean irekitzen dute, normalean).

Izenaduba Basoako parkea mugikortasun mugatua duten pertsonentzat egokitua dago. Doako aparkalekua eta kafetegia ere baditu.

 

Izenaduba Basoa · Landetxo Goikoa. 48100 Mungia · Tel.: 946 74 00 61 · Emaila: olentzero@izenaduba.com · www.izenaduba.com

PARTEKATU POST-A