BLOGA

KULTURA
2015 mar. 10

Korrika badator! Goazen asteburu pasa Urepelera!

Korrika badator! Goazen asteburu pasa Urepelera!

Korrika Urepeletik (Behe Nafarroa) abiatuko da datorren ostegunean, martxoren 19an. Hego Euskal Herrian askorentzat lau eguneko jaiegunen hastapena izango da. Aitzakia polita, Aldudeko bailara (Urepel, Banka eta Aldude herriek osatzen dutena) ezagutzeko. Ohar bat hala ere: jende ainitz espero denez, autobusak jarriko dira Aldudetik Urepelera joateko.

 

Mendi ibilaldiak

Mendi ibilaldiak atsegin badituzu, Sorogaina eta Lindux-era igotzea gomendatzen dizugu. Sorogain Erro, Baigorri eta Luzaideko herrietako ganaduak bazkatzen diren bailara ederra da. Mendi-bide batean gora autoz igo daiteke bertaraino. Ibilbidea egokia da ere bizikletaz igotzeko, nahiz desnibel handia duen.

 

Inguru horietako parajeak bertako giden laguntzarekin ezagutu nahi badituzu Mendi Gaiak-eko kideak prest izango dituzu euren zerbitzuak eskaintzeko. Abentura-kirola eta natura dira beraien pasioak.

 

Minen Interpretazio Zentroa, Bankan

Banka-ko Minen Interpretazio Zentro ireki berria oso leku atsegina da. Inguru horietan garai bateko ekonomia zertan oinarritzen zen ikasiko duzu. Informazio osoa euskaraz ere badago. Bide batez, eraikin berean taberna atsegin bat dago, atseden hartzeko aproposa.

 

Zango beltz txerria eta txokolatea

Benetan interesatzen zaizuna gastronomia bada, jakin euskal txerriaren bi ekoizle daudela Urepelen bertan: Oteiza eta Belaun. Bien dendak aurkituko dituzu eta biek saltzen dituzte bertako txerriarekin ekoizitako mozkinak.

 

Bestalde, Baigorrira jaitsiz gero, bidegurutzean bertan dagoen Laia txokolategitik pasa gabe ez joatea gomendatzen dizugu. Zinez txokolate onak egiten dituzte.

 

Iparraldean bisitatzeko beste gune batzuk

Iparraldean bisitatu beharreko 14 gune nagusiak hauek dira:

 

Isturitz eta Otxozelaiko leizeak. Donamartiri

Euskal Museoa. Baiona

Biarritzeko Aquariuma

Ozeanoaren hiria. Biarritz

Euskal Ekomuseoa. Donibane Lohitzune

Urtubi jauregia. Urruña

Abbadia jauregia. Hendaia

Larrungo trena. Sara

Ortillopitz, 17. mendeko baserria. Sara

Sarako Leizeak

Apezpikuen presondegia. Donibane Garazi

Arnaga jauregia. Kanbo

Kakuetako arroilak. Santa Engrazi

Ospitalepeko eliza

PARTEKATU POST-A