BLOGA

KULTURA
2016 abu. 22

La Hoyako herrixka, Burdin Aroko Euskal Herria

La Hoyako herrixka, Burdin Aroko Euskal Herria

Arabar Errioxa eta Guardia munduan dira ezagunak beren mahasti eta ardo goxoei esker, baina ez da hori gordetzen duten sekretu bakarra. Ardoak ez ezik inguruko olibondoek eta oliba olioak ere merezi dute aipamena (ikus Oliba olioa Euskal Herrian? Bai, jauna artikulua), baita historiaurreko La Hoyako herrixkak ere bere garrantzia historiko eta arkeologikoagatik. Oliba olioaz aritu izan garenez, La Hoyako herrixkarentzat gordeko ditugu ondorengo lerroak.

 

La Hoyako herrixka Guardia inguruko zabaldi batean eraiki zuten Brontze Aroan, orain 3000 urte pasatxo, eta Burdin Aroaren amaieran abandonatu zuten. 1000 urtez bizi izan zen, beraz, jendea bertan.

 

Antza denez, garai hartan ez zen oso ohikoa herrixkak zabalguneetan eraikitzea, erasoetatik babestea zailagoa baitzen horrela, baina La Hoya zegoen lekuan egoteak badu bere arrazoia: merkataritza, hegoaldetik iparraldera zihoazen bideen pasabidea. Horrexegatik izan zen gainera ezaguna La Hoya, herrixka oso garrantzitsua lurraldearen antolamenduan eta Arabako hegoaldeko merkataritzan.

 

Brontze aroan sortu bazen ere, k.a. V. mendearen erdialdean heldu zen La Hoyako herrixkaren aldi gorena. Zerealetan oinarritutako nekazaritzari eta Ebro Haranetik iritsitako eragin zeltiberiarrei zor izan zitzaien herrixkaren hazkundea eta eraldaketa, hein handi batean. Berrikuntza tekniko garrantzitsuak finkatu ziren, hala nola burdin metalurgia, eltzegileen tornu azkarra edo errota zirkularra asmatu izana. Haiei esker asko garatu zen merkataritza eta beste toki batzuetako produktuak heldu ziren La Hoyako herrixkara.

 

Horrez gain, aldaketak egon ziren herrixkaren hirigintzan ere. Harresia indartu zuten, haren ondoan espazio libre bat sortu zen defentsarako korridore gisa, eta jendea bizi zen gunea handitu eta etxadika antolatu zen kale zolatuekin. Dendak ere baziren kaleetan, eta plazak kale kantoietan. Egun, antolaketa urbanistiko hori nabarmen eta nahiko ondo ikus daiteke lurretik. Airetik ikusteak ere xarma berezia du: argi eta garbi ikusten da herrigune bat dela, bere harresi, kale, etxe eta guzti.

 

K.a. IV. mendeko data zehaztugabe batean, La Hoyako herrixkari eraso egin eta suntsitu egin zuten. Zorigaiztoko gorabehera horrek erasoaren eszena dramatikoak fosildu zituen, eta arkeologoei aukera eman zien zehaztasun handiz dokumentatzeko zer objektu erabiltzen zituzten eta zein zen haien bizimodua; baita indarkeria zantzuak zituzten gorpu batzuk berreskuratzekoa ere. Kontuan izan behar da garai hartan hildakoak erraustea zela ohikoena, eta beraz, gorpuak ikertu ahal izatea luxua dela.

 

Herrixka berriz eraiki zen arren, ez zuen sekula berreskuratu garai bateko distira. K.a. III. mendean abandonatu zuten bertako herritarrek La Hoyako herrixka, egungo Guardia ingurura joateko.

 

La Hoyako herrixkako interpretazio-zentroa

 

La Hoya herrixkaren alboan bertan dago interpretazio-zentroa. Bertan, besteak beste, herrixkak II. Burdin Aroan zuen itxuraren maketa ikus daiteke, baita bertako etxeen erreprodukzioa ere, tamaina errealean. Etxeek barruan zituzten gela guztiak eta aztarnategian topatutako objektuak ikus daitezke han.

 

Bestalde, aztarnategian barrena ibiltzeko aukera ere badago. Bisita horretan garai hartako hirigintzan murgilduko zara, Burdin Aroko kale, plaza eta etxadietan barna ibiliko baitzara.

 

Audiogidak badira La Hoyako herrixkako interpretazio-zentroan, bisita norberak bere gisara egin ahal izateko.

 

Informazio praktikoa:

ORDUTEGIA

Uda: Asteartetik ostiralera: 11:00 - 14:00 eta 16:00 - 20:00. Larunbata, igande eta jaiegunetan: 11:00 - 15:00.

Negua: Egunero: 11:00 - 15:00.

Astelehenetan itxita, jaieguna tokatzen ez bada.

PREZIOA: sarrera doakoa da.

TELEFONOA: +34 945 62 11 22

HELBIDEA: Hoyako bidea z/g. 01300 Guardia

 

 

Argazkia: "Ataque al Poblado de la Hoya"

PARTEKATU POST-A