BLOGA

BESTE
2016 mai. 27

LabritTours, Iruñea beste ertz batetik

LabritTours, Iruñea beste ertz batetik

Iruñea (Nafarroa) zerbaitekin lotu beharko bagenu, historiarekin egingo genuke guk. Nafarroako hiriburua leku estrategikoa izan da mendeetan zehar. Frantziaren eta Iberiar Penintsularen arteko zubi izan da, eta haren kale, etxe, eraikin eta herritarrak hainbat istorio, guda eta borrokaren testigu izan dira. Bidenabar esan, euskarari “lingua navarrorum” ere zerbaitegatik deitu izan izango zaiola. Euskal kulturaren hiri nagusia izan da Iruñea XIX. mendera arte.

 

Letra larriz idazten den Historiak, ordea, ez du istorio eta testigantza guztiak biltzeko lekurik izaten. Paperak ez du denetarako ematen, nonbait.

 

Labrit Tours-ek Historiaren paperetan ageri ez diren gertakizun, bitxikeria, testigantza eta istorio horiek ezagutzeko bisita gidatuak eskaintzen ditu. Iruñeako mila zoko-moko ahaztuk zein itzalpean egotea tokatu zaien hainbat gizon-emakumek izan dute eta badute zer kontatua. Finean, Iruñea ezagutzeko beste modu bat, beste ikuspegi bat, eskaintzen du Labrit Tours-ek, Iruñean bertan jaio, hazi eta bizi diren iruñear batzuen eskutik.

 

Hala jakingo dugu zein erlazio izan duen Nafarroako Erreinuak “Lingua Navarrorum”-ekin, Gazteluko plazan zergatik ez dagoen gaztelurik, “Iruñea”, “Iruña Oka” eta “Irun”-ek zergatik duten izen ia bera, San Ferminetako abestiak (“1 de enero, 2 de febrero…”) eta Olentzero Buru Haundiak zergatik duten doinu bera, nork asmatu zuen txupinazoa eta zergatik hil zuten, edota Iruñea zergatik izan den hain garrantzitsua euskara eta ikastolen mugimenduan.

 

Labrit Tours-ek honako bisita tematikoak eskaintzen ditu Iruñea hobeki, beste ertz batetik ezagutzeko:

 

* EUSKAL LITERATURA IRUÑEAN MENDEZ MENDE

Euskararen eta euskal literaturaren haritik, euskal kulturaren sokatik, Nafarroako hiriburua ezagutzeko bisita da hau. Liburu ofizialetan, erdal ikasliburuetan eta karrika-izenetan tokirik ez duten Iruñeako euskal idazleek utzitako ondarea, haien bizitza, ibilbidea eta lanak ezagutzeko aukera, haien sortetxe, bizileku edota lantokiak bisitatuz. Baita Iruñeako moldiztegietan XVI. eta XVII. mendeetan inprimatzen ziren euskarazko liburuak ezagutzekoa ere. Esan bezala, euskal kulturaren hiri nagusia izan da Iruñea XIX. mendera arte.

 

* LINGUA NAVARRORUM

Erromatarren garaitik hasi eta gaur egunera arte euskarak eta Iruñeak izan duten harremana ardatz, hiria hizkuntzaren ikuspegitik ezagutuko duzu. Harresietatik ikus daitezkeen muino eta auzoen eta erdi aroko kaleen euskal-izenak, Nafarroako Foruan ageri diren hitzak eta esaldiak, gerra aurreko euskal eskolak eta ikastolen sorrera. Sekretu asko gordetzen ditu Iruñeak.

 

* SANFERMINAK

Sanferminak ez dira Santo Domingoko aldapan hasi eta zezen-plazan amaitzen. Entzierrotik haratago, jaietako une garrantzitsuenak nola sortu ziren, jaiaren beraren jatorria, entzierroaren gorabeherak, arropa zuri eta zapi gorriaren hasmenta, Heminway-ren istorio ezkutuak… Horiek guztiak ere Sanferminen parte dira.

 

* IRUÑEA HIRI BURUZAGI

Historia da ibilbide honen hari, Baskoien garaitik hasi eta gaur egunera arte: erromatar garaitik Erdi Arora, mende ilunetara; Nafarroako Erresumaren sorrera, bilakaera eta desagertzea... Horretaz gain harresien historia eta bitxikeriak, aurkikuntza arkeologikoak, burguen batasuna eta beste hainbat gertakizun ere aipagai izaten dira, gaur egungo egoera sozio-politikora heldu arte.

 

Bisita gidatuak: informazio praktikoa

· Aldez aurretik erreserba egin behar da: telefonoz (948 21 01 03), emailez edo webgunean bertan.

· Iraupena: ordubete pasatxo (70-90 minutu, aukeratutako bisitaren arabera)

· Hizkuntzak: euskara, gaztelera, frantsesa, ingelesa, katalana

· Goian aipatutako ibilbide tematikoez gain, bisita pertsonalizatuak ere eskaintzen ditu Labrit Tours-ek.

 

Labrit Tours · Labrit 29, 1. 31001 Iruñea · Tel.: 948 21 01 03 / 660 39 41 47 · info@labritours.com · www.labritours.com

PARTEKATU POST-A