BLOGA

TRADIZIOA
2016 ira. 4

Lekeitioko Antzar Eguna, 400 urteko tradizio bizia

Lekeitioko Antzar Eguna, 400 urteko tradizio bizia

Animaliek presentzia handia dute Euskal Herriko herriko jaietan. Zezenak eta bigantxak etorriko zaizkigu lehenik burura, ziurrenik. Baina badira beste batzuk ere: antzara da San Antolin jaietako errege Lekeition (Bizkaia). Irailaren 5ean, datorren astelehenean, ospatzen da Antzar Eguna Lekeition eta harakoa gure gaurko gonbidapena.

 

Ez da atzo goizekoa Lekeitioko Antzar Jokoa; uretan, herriko portuan, egiten dena inguruko beste herri batzuetan ez bezala. Lekeition uretan sartu-aterean ibiltzen dira parte hartzaileak antzararen burua lortu nahian. Markina, Ermua edota Gernikan, berriz, zaldi gainean. Inauteri jaien bueltan izaten da antzar jokoa azkena aipatuta herri horietan eta Lekeition, aldiz, herriko jaietan.

 

Berezitasunak berezitasun, XVII. mendekoa da Lekeitioko Antzar Jokoa aipatzen duen lehen dokumentua. Orain ia 4 mendekoa beraz, jokoa lehendik ere ospatuko zela pentsatzen bada ere.

 

Aurten ere, irailaren 5a heltzean, milaka lekeitiar eta bisitari gerturatuko da herriko portura arrantzale alkandora, gona puntilladun eta zapi kuadroduna jantzita.

 

Lagun kuadrilek hartzen dute parte Antzar Jokoan; 80 batek, gutxi gorabehera. Arratsaldeko lehen orduan, beren txalupak hartu eta antzara buruz behera zintzilik dagoen ingurura gerturatzen hasten dira. Egun hilik egoten da animalia eta gezurrezkoak ere erabili ohi dira batzuetan. Kuadrilako batek hartzen du parte, besteek lekuraino arraunean gerturatu eta animatu egiten dute.

 

Behin parte hartzaileak uretara salto egin eta antzararen burua heltzean, tiralariak portuko zutabe batetik itsasontzi batera lotuta egoten den sokari tiraka hasten dira. Eta ez dute gupidarik izaten: parte hartzaileak 20 metrora ere igotzen dituzte gero berriz uretara erortzeko!

 

Ikusleak parte hartzaileen tiraldiak kontatzen aritzen dira. Gehien lortzen dituenak jasotzen du, askotan, txalo gehien, jokoaren funtsa eta saria antzarari lepoa kentzean badatza ere.

 

Argazkia: Deia egunkaria

PARTEKATU POST-A