BLOGA

AGENDA
2015 aza. 6

Lurrama azoka Biarritzen. Baserria hirian

Lurrama azoka Biarritzen. Baserria hirian

Datorren azaroaren 6tik 8ra ospatuko da Lurrama, Iparraldeko laborarien azoka. Euskal Herriko Laborantza Ganbarak antolatzen du eta hiritarrei laborantza herrikoi eta iraunkorra aurkeztea eta ezagutaraztea du helburu, kalitatezko laborantza bat garatzearen garrantziaz hiritar oro jabetzea. Baserria hirira ekarri eta urrunduta dauden bi mundu hurbiltzen ahalegintzen da Lurrama, kontsumitzaileak eta ekoizleak harremanetan jartzen, alegia.

 

Baionan hasi ziren ospatzen Lurrama azoka 2006an eta 2011az geroztik Biarritzeko Irati erakustazokan egiten da. 10. edizioa izango du aurtengoa eta urteko hitzordu garrantzitsuenetakoa bihurtu da bai laborarientzat baita bisitarientzat ere, jende andana biltzen baita festara.

 

Aurtengo gai nagusia klima aldaketa izango da. Bereziki landuko da nekazari zein kontsumitzaileek horretan egin dezaketen ekarpena, laborantza herrikoia sustatuz. Horren harira, Pascal Cafin ministro ohia eta gaur egun ekologia arloko gobernuz kanpoko erakunde baten aholkularia dena ere Lurraman izango da (azaroaren 6an, 18:00etan). Horrez gain aipatu, Normandia izango dela aurtengo herrialde gonbidatua.

 

Gastronomia, laborariak eta hiritarrak lotzen dituen haria

 

Lurrama ez da ganadu-erakusketa eta nekazarien produktu-azoka bat bakarrik, baserria eta baserri-mundua ezagutu eta bizi ahal izateko gune bat baizik. Zabala eta anitza da egitaraua, baina zerbait azpimarratzekotan, eskaintza gastronomikoa nabarmenduko genuke guk. Lurramako antolatzaileentzat gastronomia oso da garrantzitsua, ekoizleak eta kontsumitzaileak, baserritarrak eta hiritarrak, lotzen dituen haria baita.

 

Kalitatezko, sasoiko eta bertako produktuekin egindako 3000 otordu zerbitzatuko dira azokak irauten duen 3 egunetan.

 

- Ostiral gauean, Biarritzeko ostalaritza eskolako ikasleek Normandiako produktuekin prestatutako afaria izango da (23€).

 

- Larunbatean, goizean jokatuko den "txahalkia saltsa zurian" lehiaketako jakiekin prestatuko da bazkaria (12€) eta ilunabarrean, berriz, zikiro jatea izango da (20€).

 

- Igande eguerdian, eta horixe da Lurramako ekitaldirik nagusienetako bat, Sukaldarien Bazkaria izango da. Iparraldeko 20 sukaldari sonatuk karta zabala osatuko dute bertako eta sasoiko produktuekin, norberak gehien atsegin duen sarrerakoa, plater nagusia eta postrea aukeratu ahal izateko (33€).

 

Haurrek ere izango dute Lurraman non gozatu, ikusi eta ikasia. Etxaldeko lanen erakustaldiak eta tailerrak (ardi-ile mozteak, behi jaizteak, gazta-tailerrak, baratze-tailerrak…), haurren etxaldea, herri kirolak, puzgarriak… izango dira ostiral, larunbat zein igandean.

 

Amaitzeko aipatu, hainbat ekitaldi ere antolatu direla 10. urteurrenaren harira. Besteak beste, Gozategi taldea izango da Lurraman ostiral arratsean, eta nazioarteko sokatira txapelketa eta hainbat dantza ikuskizun larunbat arratsaldean (benetan gomendagarria Zarena Zarelako dantza konpainiaren “Herrikoa” ikuskizuna).

 

Horixe ba, proposamena egina. Hemendik aurrerakoa zure esku :)

 

 

 

* Informazio praktikoa:

- Ordutegia: 10:00-19:00. Gaualdiak 03:00ak arte.

- Sarrera: 4 €. 15 urtez azpiko haurrek, doan.

- Otorduetako ticket-ak salgai Baiona (Elkar liburudenda), Miarritze (Eki liburutegia), Ainiza Monjolose (EHLG), Pausu (Xaia sagarnotegia) eta Maulen (Xibero Bio denda). Azokan bertan ere izango dira.

- Doako aparkalekua.

- Informazio gehiago: www.lurrama.org

PARTEKATU POST-A