BLOGA

BESTE
2015 ira. 25

Marea biziak euskal kostaldean: Urdaibai

Marea biziak euskal kostaldean: Urdaibai

Asteburu honetan izango dira urteko marearik bizienetakoak. Paisaia benetan bitxiak ekartzen ditu horrek euskal kostaldera, eta besteak beste, Urdaibaiko itsasadarrera. Ausartuko ginateke esaten Urdaibaiko biosfera dela itsas gora eta beherarekin gehien aldatzen den inguruneetako bat eta, beraz, zer esanik ez mareak biziak direnean.

 

Orain, gainera, azken 200 urteetan gertatu ez den fenomeno bitxi bat ikus daiteke bertan marea biziak heltzen direnean: orain 200 urtetik hona urpean geratu izan ez diren lurrak hartzen ditu orain urak. Izan ere, urte askoan zehar, itsasoari eta Oka ibaiari beren lekua jan izan zaie nekazaritzarako lurrak zabaldu ahal izateko. Lur horietan urak eta mareak eragindako “kalteak” herritarrek beraiek konpontzen zituzten orain 50 bat urtera arte, baina orduz geroztik ez da inor jardun horretan, ez baitira lur horiek jada nekazaritzarako erabiltzen; ez behintzat lehen bezala. Hori horrela, urak pixkanaka-pixkanaka berea dena hartu du bueltan.


Istorio horiek guztiak eta Urdaibai inguruko flora, fauna, historia eta kondairak ezagutzeko aukera aparta dugu Urdaibai On.

 

Urdaibai On kultur eta aisialdi zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa bat da eta Mundakan (Bizkaia) du egoitza. Urdaibaiko biosfera barrutik ezagutzeko itsas-bidaia kulturalak eskaintzen dituzte Iñaki eta Edortak, Urdaibaiko uretan, Oka ibaian.

 

Urandere itsasontzian 15 kilometroko ibilaldia eskaintzen dute, Oka ibaian gora edo behera. Mundaka eta Gernika dira abiatze- edo iriste-puntuak eta tartean Sukarrieta, Ibarrangelu, Busturia, Murueta eta Arteagako “portutxoak” ere badituzte. Tarteko “portutxoetan” ere har edo utzi daiteke txalupa, eta beraz, norberak bere neurrirako txangoa egin.

 

Bidaiariek, ingurumenaz gozatzeaz gainera, aukera-aukeran izango dute leku eta xehetasun bakanenak ezagutzea. Hala nola, hondartzak, labarrak, padurak, basoak edota dorretxeak.

 

Horrez gain, bisitariek Urdaibairen bilakaera eta Euskal Herriaren historia elkar nola lotzen diren ikasiko dute, Urdaibai inguruari UNESCO erakundeak erreserba izaera eman izanaren zioak eta zergatiak ulertarazten lagunduko diote Urdaibai Oneko lagunek. Bertako kalitatezko produktuak, lurrekoak zein itsasokoak, dastatzeko aukera ere izaten da.

 

Basajaunaren ibilbidea

 

Haurrekin egiteko zinez txango gomendagarria da Basajaunaren ibilbidea, Urdaibai On eta Rober Garay artistak elkarlanean martxan jarritako proiektua. “Euskal Mitologiaren Ibilbidea Busturialdean” egitasmoari buruzko lehenengo urratsa da.

 

Beresi oihanean, mihise bat bailitzan, Rober Garay artistak lekuko baliabide naturalak erabiliz artelanak sortu ditu bertan. Naturaren beraren menpe daude, beraz, artelan horiek; hark moldatzen eta irensten ditu.

 

Edorta Jimenez idazlea aritzen da gida lanetan, Doroteo Zolaban musikari eta antzezlea lagun.

 

Edozein dela ere aukeratzen den txangoa, aurretiaz erreserba egitea gomendatzen da. Telefonoz zein webgunean egin daiteke erreserba.


Urdaibai OnAstoaga 1. 48360 Mundaka · Tel.: +34 626 859 477 · www.urdaibaion.com · urdaibaion@urdaibaion.com

PARTEKATU POST-A