BLOGA

BESTE
2016 mar. 3

Martxuka, gozotegi xarmagarri bat Urruñan

Martxuka, gozotegi xarmagarri batt Urruñan

Martxuka gozotegi goxo eta xarmagarri bat da, eskuz egina dirudien panpin-etxe goxo bat. Baina ez da gozotegi soil bat. Urruñan (Lapurdi) dago eta inguruko artisauen sormen-lanen erakusleiho eta denda ere bada. Euskal Herriko eta euskal diasporako 50 artistaren lanak topatu ditugu bertan.

 

2013ko azaroan ireki zituen ateak eta orduz geroztik ez da gelditu. Bere historia eta istorioak ezagutzeko aitzakian hurbildu gara hara; sortzaileari, Adélaïde Darasperi, aurpegia eta ahotsa jartzera.

 

 

Martxuka “leku bizia, eskuz eta bertan egindako lanei begirunea zaien lekua” dela diozu. Zer da zehazki Martxuka?


Martxuka kontzeptu ainitzeko gune goxo eta idekia da. Giro eroso batean, kafe, txokolate, te, smoothie ala cupcake edo muffin on baten jateko pentsatua den tokia. Martxuka barneko altzari guztiak (eta pareta bat ere), erreziklatu egurrarekin, paletekin hain zuzen ere, eginak izan dira. Bertan ikus dezakezue nola egin genuen Martxuka dendaren paletaz estalitako pareta.


Aldi berean 50 Euskal Herriko sortzaileen lanak ikusi eta eros daitezke bertan. Martxukan, artista guztiak aurkeztuak dira eta bertan, haiei buruz gauzak kondatzen ahalko dizkizuegu. Horra Martxuka eta bertako sortzaile batzu aurkezten dituen bideotxo bat.

Horrez gain, astero cupcake eta gailetak apaintzeko tailerrak izaten dira. Josteko klaseak ere ematen ditu Martxukako beste sortzaile batek asteartero eta asteazkenero. Lagun artean, haur ala helduentzat edozein motako tailerrak ere antolatzen ditugu, urtebetetze batentzat ala beste aukera batentzat.



Quebec-en (Kanadan) 7 urtean bizi ostean, Martxuka han sortu eta Urruñan jaio zela esan daiteke?
 

Bai! Ipar Amerikan bizi nintzenean tokiko sormenaren eta artisten lanari interesatzen hasi ninitzen. Jantzi eta esku lan eder eta desberdin batzu aurkitu nituen, ongi eginak eta desberdinak. Horrez gain kontzeptu ainitzeko guneak deskubritu nituen.

 

Euskal Herrira sartzean halako gune goxo bat eskas genuela konturatu nintzen. Aldi berean, bertako sormenaren deskubritzeko kuriositatea piztu zitzaidan. Euskal Herrira sartu eta Martxuka idekitzeko erabakia hartu nuen. Proiektua aski laister muntatu zen eta 2013 ko azaroaren 26an ideki genuen Martxuka.

 


Eta zergatik Urruñan? Batek baino gehiagok galdetuko zizun noski ea ondo pentsatua ote zenuen…
 

Bai! Jende askoren sorpresa izan zen "ezer" ez dagoen hiritxo batean denda hori sortu nuelako. Pertsona batzu denda sortzeko obrak egiten ari ginenean Martxuka barnera sartu eta "inoiz ez duzue lortuko" edo "hemen jendeak ez du tea maite" bezalako esaldi bitxiak esaten zituen. Baina nuen motibazioa kentzeko indar askoz gehiago behar izango zuten horiek, eta lan egiten segitu genuen, Martxuka ideki arte.

 

Urruñan egitea normala iruditzen zitzaidan, hasteko bertakoa naizelako. Uste dut nire herriari halako gune goxo bat eskaini nahi niola. Bestalde, uste izan dut, inguruan asian industrialki eginiko mozkinik saltzen ez den gune batean izatea positiboa izango zela.

 


“Bertako sorkuntza existitzen dela” irakurri dizugu sarean. Hori duzu lanerako premisa nagusietako bat?

 

Bai! Iruditzen zait, Euskal Herrian bertako ekoizpenari garrantzia ematen diogula, baina momentuan, janariarentzat bakarrik dugula "bertan ekoiztua" denaren erosteko indarra egiten.

 

Nire helburua bertako artisten ezagutaraztea eta sostengatzea da. Altxorrak ditugu gure inguruan, eta haien lana erosiz, haien sormena garatzen laguntzen ahal ditugu. Ikaragarri poztuko ninduke Euskal Herriko denda gehiagok bertako artistak proposatzen balitu.

 


Ze gisatako sortzaile eta artisten lanak topatuko ditu bisitariak Martxukan?

 

Ai ama, denetarik! Eskuz landutako egurra, zeramika, nini, haur eta helduentzat jantziak, ninientzat opariak, zakuak, bitxiak, apaingarriak. Denetarik aurki eta erosi daiteke Martxukan.

 

Ahantsu dena pertsonaliza daiteke. Ume batentzat txupeta lokarri bat erosi nahi baduzue adibidez, baina kolorea aldatu, haurraren izena gainean josarazi. Hori dena posible da.

 

Arropa bat ikusten baduzue eta handiago, ttikiago, beste kolore batean nahi baduzue, posible da ere. Hori da sortzaileak eremu hurbil batean bizitzearen abantaila.


 

Martxuka Merkatua lan hori guztia kalera atera eta jende gehiagorengana heltzeko bidea da?

 

Lehen Martxuka Merkatua 2014an sortu genuen. Geroztik 6 ospatu ditugu eta zazpigarrena datorren maiatzaren 15ean izango da. Helburua Euskal Herriko sortzaileak gehiago ezagutaraztea da. Ekitaldi horiek sekulako arrakasta ukan dute. Sortzaileak, eta publikoa hurbildu baitira, Urruñako plaza giro polit batean ikustera. Aldi guziz animazio desberdinak proposatu ditugu, umeentzat eta helduentzat eskulan tailerrak, egurrezko jokoak, agerraldiak, esku masajeak...
 

Geroan Martxuka Merkatuak 3 aldiz urtean egitea pentsatzen dugu Urruñan, udaberrian, udan eta udazkenean.

 

Gure helburua Martxuka Merkatuak beste herrietara zabaltzea da, ekitaldi polita baita herri batean.

 

 

Martxuka · 2 Rue Dongaitz-Anaiak, 64122 Urrugne-Urruña · www.martxuka.com · www.facebook.com/Martxuka

PARTEKATU POST-A