BLOGA

ESKUALDEAK ETA HERRIAK
2015 mai. 28

Maule-Lextarre, Zuberoako hiriburua

Maule-Lextarre, Zuberoako hiriburua

7 hiriburu ditu Euskal Herriak, eta 7 bizitzeko modu. Guztiak dira arras desberdinak. Batzuk kostaldean kokatuak, itsasoari eta portuari begira handitu dira; besteak, barrualdean kokatuak, zerbitzuen eta nekazaritzaren babesean. Guztiek dituzte euren ezaugarriak eta bereizgarriak, bisitatzea merezi egiten dutenak. Maule-Lixtarre dugu hizpide, Zuberoako hiriburua, zazpietan txikiena eta birjinena. 

 

Familian, bikotean. lagunartean edota bakarrik, ondare, lasaitasun, tradizio zein naturaz gozatu nahi baduzu, leku aproposa duzu Maule-Lixtarre.

 

Mauleko gaztelu zaharra: Gain batean dago Mauleko gaztelu zaharra. Erdi Aroan eraiki zen eta Maule bera bere babesean, ondoren. Gaztelua Zuberoako agintarien egoitza izan zen bizkonderria sortu zutenetik, eta hainbat eta hainbat funtzio bete zituen XIX. mendera arte. Besteak beste, espetxe izan zen. XVII. mendean, han hartu zuten preso eta ondoren burua moztu Matalatz apaizari, nobleziaren aurkako iraultza antolatu zuen apaiz zuberotarrari. Mauleko gaztelua atsegin dutenei, Ospitalepeko eliza bisitatzea ere gomendatzen diegu.

 

Espartinak: Espartinen munduko hiriburua da Maule, zalantzarik gabe. 150 urte baino gehiagoz izan da herriko ekonomiaren motor nagusia espartingintza. Garai onenetan, Gaztelatik eta Biarnotik ere etortzen zen jendea Maulera espartinak egitera, lan-karga handia baitzen. Oraindik orain, espartinaren festa ospatzen da Maulen abuztuaren 15ero. Espartinak egiten dituzten honako lantegiak bisita ditzakezu: Espadrilles Megam, Prodiso eta Don Quichosse. 

 

Holtzarteko zubia: Holtzarteko zubia 70 m. luze, 1,5 m. zabal eta 170 m. gora den zubi zintzilikaria da. Bertara joateko Larraine-ra doan bidean gora hasi baino lehen, Logibar ostatuaren ondoan autoa utzi behar da. Bide seinalatu eta erabilian gora eginez iritsiko zara 180 metroko altuera duen Holtzarteko zubira. Ibilbide aldapatsua da, baina ez oso luzea. Holtzarteko zubiak zahar eta gazte liluratzen ditu. 

 

Kakuetako arroilaKakueta arroila bat barru barrutik ikusteko aukera aparta da. Eskailerak eta aldapak jaitsiz, konturatzerako arroila barruan izango zara. Harkaitzezko paretak izugarriak dira eta ura ezin garbiagoa. Tunela igaro eta errekaren alde batera eta bestera eramango zaituzten hainbat zubi ere zeharkatuko dituzu. Amaieran, ur jauzi eta kobazulo eder batera iritsiko zara. Nahiz arroilak aurrera jarraitzen duen, prestatutako bidea hemen bukatzen da. 

 

Organbidexkako gaina: Ori mendiaren alboan dago Organbidexkako gaina, Zuberoa eta Nafarroaren artean. Frantzia aldetik hegoaldera doazen hainbat eta hainbat txoriren pasalekua da Organbidexkako gaina. Uztailetik azarora, beraz, ornitologia maite dutenentzat helmuga bikaina.

 

Pastoralak eta maskaradak: Zuberoako herri antzerki tradizionalak, biak ala biak. Urtero Zuberoako herri bati egokitzen zaio bata zein bestea antolatzea eta Zuberoan barna antzezten aritzea. Maskaradak neguan izaten dira, inauterien bueltan, eta aurtengoa Idauze-Mendiko gazteek antolatu dute. Pastoralak, berriz, udan. Aurtengoa Zalgize-Iruriarrek antolatuko dute.

 

* Lotarako leku gomendagarriak Maulen: Uhaitza camping-a.

  Jateko leku gomendagarriak Maulen: Etchemaïté eta Le Fandango ostatuak.

PARTEKATU POST-A