BLOGA

KIROLA
2016 api. 28

Mendi lasterketak, Euskal Herriko modako kirola

Mendi lasterketak, Euskal Herriko modako kirola

Azken urteotan asko ugaritu dira mendi lasterketak Euskal Herrian. Euskal Herriko modako kirola da, eta hainbat eta hainbat proba mundu mailako erreferentzia ere bihurtu dira. Udaberria heltzearekin batera, ultratrail-ak, trail-ak, mendi maratoiak, maratoi erdiak, kilometro bertikalak... nonahi eta noiznahi topatuko ditugu. Hona hemen Euskal Herriko mendi-lasterketen egutegiari eman diogun errepasotxo azkarra.

 

Euskal Trails (maiatzak 6-7). Euskal Raid Association-ek antolatzen du eta Aldudeko bailaran jokatzen da, Urepele eta Baigorri inguruan (Behe Nafarroa). Gisa ezberdineko bost proba jokatuko dira bi egunetan: Gourmand Trail-a, Euskal Trail-a, Neska Trail-a, Iluna Trail-a eta Ultra Trail-a. Lehen lauak bikotean jokatzen dira, Goumand Trail eta Euskal Trail bi etapatan (etapa bana egun bakoitzean), eta Neska Trail eta Iluna Trail egun bakarrean. Azken biak dira aurtengo berritasun nagusiak: Neska Trail-ean emakumezkoek soilik hartuko dute parte eta Iluna Trail gauez jokatuko da. Ultra Trail-a 130 kilometroko etapa bakarreko lasterketa da eta banaka zein bikoteka egin daiteke. Informazio gehiagorako: www.euskalraid.com

 

Iratiko mendi maratoi erdia (maiatzak 15). Iratiko mendi maratoi erdia (Larraine, Zuberoa) naturaz eta pasaiaz gozatzeko mendi lasterketa da, bai partehartzaileentzat baita ikusleentzat ere. Besteak beste, Irabiako presa, Akerreia eta Koixtako inguruetatik pasatzen da lasterketa. Aitzakia aparta Iratiko basoaz udaberrian gozatzeko. 

 

Zegama-Aizkorri mendi maratoia (maiatzak 22). Euskal Herriko mendi-lasterketarik ezagunenetakoa dugu hau. Zegama-Aizkorri mendi maratoia Aizkorri-Aratz parke naturalean egiten da eta Zegaman (Gipuzkoa) du irteera eta helmuga. 2002. urtetik ospatzen da eta gaur egun mundu mailan ospatzen den kirol honetako froga esanguratsuenetakoa da. Horren erakusgarri da urtero Zegamara hurbiltzen diren mundu mailako korrikalariak eta kirol honen jarraitzaile diren nahiz ez direnen artean sortzen duen grina. Informazio gehiagorako: www.zegama-aizkorri.com

 

Euskal Herria Mendi Erronka (ekainak 4). 4. edizioa izango du aurten Leitzan (Nafarroa) hasi eta amaitzen den 65 kilometroko lasterketa honek. Aralarko bidezidorretan barna ibiltzen dira korrikalariak. Euskal Herriko korrikalari ezagunek hartu ohi dute parte eta ikusle mordoa ere biltzen du. Informazio gehiagorako: www.ehmendierronka.eus

 

Camille Extreme (ekainak 5). Izaban (Nafarroa) jokatzen den 31 kilometroko mendi-lasterketa hau eta 12. edizioa izango du aurtengoa. Herriko biztanleria hirukoiztu egiten da egun horietan.

 

Forum Sport Kosta Trail (ekainak 12). Kostaldean, itsasotik hurbil, jokatzen den mendi-lasterketa dugu hau. Sopelan (Bizkaia) izaten da eta aurten 11. edizioa izango du. 30 kilometroko mendi-lasterketaz gain, mendiko maratoi erdia, familientzako ibilbidea eta mendi-txangoa ere antolatu dira. Informazio gehiagorako: www.kostatrail.com

 

Intxixu Trail (ekainak 12). 3. edizioa izango du aurtengoa Intxixu Trail mendi-lasterketak eta berritasunekin dator: 15,5 kilometroko luzera eta 800 metroko desnibel metatua duen ibilbideaz gain, aurten 30 kilometro eta 2000 metroko desnibela duen lasterkaldia ere izango da, hala nahi duenarentzat. Xarma berezia du Gipuzkoako natura parkeetako batean egiten delako, Aiako Harriako natura parkean (Oiartzun), hain justu. Informazio gehiagorako: Intxixu Trail

 

Gabez Takarraran (ekainak 18). Aurten Gabez Takarraran Eskoriatzako (Gipuzkoa) gaueko mendi-lasterketa 6. edizioa jokatuko da. Herriko plazan hasi eta amaituko da mendian 23 kilometro pasatxoan korrika ibili ostean. Informazio gehiagorako: www.eskoriatzagabeztakarraran.com

 

Amurrio Trail (ekainak 19). 31 kilometroko luzera eta 1500 metroko desnibela izango du Amurrio Trail probaren 5. edizioak. Aurten berritasunak ere badira: 10 eta 20 kilometroko lasterketak ere izango dira.

 

Zumaia Flisch Trail (uztailak 3). Lasterketa hau ere kostaldean jokatzen da; Gipuzkoako kostaldean, euskal kostaldeko geoparkean, hain justu. 8. edizioa izango da aurtengoa eta maratoi erdia eta maratoia izango dira proba nagusiak. Informazio gehiagorako: www.zumaiaflyschtrail.com

 

Ehunmilak eta Goierriko Bi Handiak (uztailak 8-10). Lehenak Aralar eta Aizkorri-Aratz parke naturalak igarotzen ditu, eta 168 kilometroko luzera eta 11.000 metroko desnibel metatua ditu. Goierriko 2 Haundiak frogak Beasainen (Gipuzkoa) du irteera eta helmuga eta Goierri eskualdea igarotzen du bere bi parke naturaletan barrena: Aizkorri-Aratz eta Aralar. Goierriko eta Euskal Herriko mendi tontor esanguratsuenak igarotzen ditu: Aizkorri eta Txindoki, hain zuzen ere. Ibilbideak 88 kilometro dauzka eta 6.000 metroko desnibel metatua. MariMuruMendi mendi-maratoia ere jokatzen da egun horietan. Informazio gehiagorako: www.ehunmilak.com

 

Skyrhune (irailak 24). Azkainen (Lapurdi) hasi eta bukatzen den 21 kilometroko lasterketa. Ez da inondik inora Euskal Herrian jokatzen den mendi-lasterketarik luzeena, baina bai gogorra, zaila eta teknikoa. %40ko aldapetan ibiltzen dira lasterkan korrikalariak. Informazio gehiagorako: www.skyrhune.com

 

Gorbeia Suzien (urriak 1). Zeanurin (Bizkaia) jokatzen da Gorbeia Suzien mendi-lasterketa, eta Sky Runner National Series-eko proba izango da aurten ere. Ibilbide nagusiak 32 kilometro izango ditu eta 2300 metroko desnibel positiboa. Informazio gehiagorako: www.gorbeiasuzien.com

 

Argazkia: www.skyrhune.com

PARTEKATU POST-A