BLOGA

ONDAREA
2016 urt. 29

Oiartzungo Ihoteak, Intxixu eta Sorginen akelarrea

Oiartzungo Ihoteak, Intxixu eta Sorginen akelarrea

Gaur hasi eta igandera bitartean, Intxixu eta Sorginak izango dira Oiartzungo errege. Heldu dira Ihoteak. Aiako Harriako Kataxulo leizazulotik atera eta herriko plazan suaren bueltan dantzan aritu ostean, udaletxeko balkoian beren bandera jarri eta herria berena izango dute asteburu osoan. Igande ilunabarrean bueltatuko dira mendira, datorren urtera arte.

 

Hego Euskal Herriko hainbat eta hainbat txokotan gertatu gisara, Frankismo garaian eten ziren Oiartzungo Ihoteak ere. Berrogei urteren ostean, 80. hamarkadaren amaieran ekin zion herritar talde batek usadioa errekuperatzeari.

 

Kuestazioa, eskean aritzea, da Oiartzungo Ihoteen funtsa eta horrekin hasi zen susperraldia. Poliki-poliki, 20 urteren buruan, Intxixuak eta Sorginak heldu dira festara. Egun, kuestazioa bera baino, azken horiek bihurtu dira Oiartzungo Ihoteen ikur nagusi.

 

Intxixuek pisu berezia dute Oiartzungo mitologian, are gehiago azken urteetan Ihoteei esker. Beren jatorri, izaera eta itxura zein den batere argi ez badago ere, Intxixua Sorginaren senarra omen dela dio kondairak; azti moduko bat, erdi-gizon, erdi-animalia, izakia txiki eta iletsua. Aiako Harria inguruko mairu-baratzak omen dira beren hilerri eta Arditurriko meategiak haiek sortuak ei dira. Haitzuloetan bizi dira eta aberatsak eta bitxigileak omen, meategia berena dutelako agian.

 

Inork ikusi izan ez dituen arren, aspaldian Arditurriko meatzariek pertsonaia misteriotsu bat topatu omen zuten zeharo motelduta, lanean ari ziren batean. Ahaleginak egin omen zituzten harekin hitz egiteko, euskaraz, gazteleraz baita frantsesez ere, baina ez omen zuten lortu. Egunen joan-etorrian argaltzen joan omen zen eta halako batean, hil. Bolo-bolo zabaldu omen zen berria herrian eta oiartzuarrek argi izan omen zuten hura intxixua zela.   

 

Sorginak izaten dituzte lagun Intxixuek Ihoteetan. Haien tresnak ez dira apaingarri hutsak, ausaz aukeratutakoak. Mendetan zehar haraneko sorginen eta euskal sorginen tresnarik esanguratsuenak izandakoak irudikatzen dituzte. Sorginen liburua azpimarratuko genuke guk.

 

Oiartzuarra omen zen azken garaietako sorginik ospetsuena eta balio handiko gauzak omen zituen, are beldurgarriago eta misteriotsuago egiten zutena. Sorginen liburua zen horietako bat. Diotenez, gauez ilargiaren argitan aterkia irekita aritzen omen zen liburuak irakurtzen eta handik ateratzen omen zituen bere sorgin-botereak.

 

Ihoteen hasierarako, Sorginek herriko plazara jaisten dute beren liburua. Han jasotzen dituzte beren sekretu eta edabe preziatuenak. Ihoteetan, ordea, Sorgin zaintzaileak liburua kutxa batean jasotzen du giltzapean. Festak dirauen artean, jende artean diren bitartean, ez dute izaten batere asmorik liburua inoren kaltetan erabiltzeko.

 

Ihoteak amaitzean, Sorgin zaintzaileak liburua kutxatik atera eta beste sorgin bati eskaintzen dio altxor preziatua. Sorgin horixe izango da hurrengo ilargialdietan liburuaren arduraduna, magian eta sorgin-botereetan trebatzeko aukera izango duena.

 

Eta hori jakinda, zure begiekin ikusi eta gozatzea onena :) Hona hemen Ihoteak 2016 programa.

 

Argazkia: Oskar Zapirain

PARTEKATU POST-A