BLOGA

GASTRONOMIA
2015 aza. 27

Oliba olioa Euskal Herrian? Bai, jauna

Oliba olioa Euskal Herrian? Bai, jauna

Esango bagenizue Arabar Errioxara goazela mahastiak bertatik bertara ezagutu, upategi bat ikusi eta ardo dastaketa bat egitera, ez dugu uste ia inor sorpresaz harrapatuko genukeenik. Bisita ederra, dudarik gabe, baina ohikoa, esperotakoa.

 

Besterik da, ordea, mahastien ordez olibondoak badira bertatik bertara ezagutuko ditugunak, upategi baten lekuan oliba-errota bat martxan ikusten badugu, eta ardoaren ordez olio-dastaketa bat egiten badugu.

 

Ardoa eta olioa garai berean, Erromatarrekin, heldu ziren Arabar Errioxara, nahiz bistan den ez dutela sona eta izen bera. Anaia txikiaz jardungo dugu gaur, oraintxe baita hasia edo hastear oliba-biltzea. Negua garai bikaina dugu olibondo, olio-egile eta olioaren beraren historia eta istorioak ezagutzeko.

 

Olioa izan zen Arabar Errioxako ekonomiaren motorra pasa den mendeko 50. hamarkadara arte. 60. hamarkadan, ordea, eskulana mekanizatu zenean, zereal-sailak ugaritu ziren eskuz egin beharreko lanak oso gutxi zirelako. 80. hamarkadan, berriz, mahastiak eta ardoa jarri ziren puri-purian. Orain 15 bat urte berriro tradizioa eta jarduna errekuperatzen hasi ziren artean, autokontsumorako ekoizten zenarekin biziraun du olio-tradizioak Arabar Errioxan.

 

Olioa egiteko Arroniz barietateko olibondoak, bertakoak, erabiltzen dituzte olio-egileek; Arabar Errioxan eta Nafarroan baino ez daude gisa horretako olibondoak. Modu jakinean kimatzen dira, gainera. Mediterraneoan ikustera ohituta gauden olibondoak baino baxuagoak dira Arabar Errioxakoak, biltzea errazteko. Gaztainondoz egindako saskia lepoan zintzilik hartu eta adarrak “jaitzi” egiten dituzte eskuz, olibak zuzenean otarrean jasoz.

 

"Euskadiko altxor ezkutuaren sekretuak"

 

Olibondoak eta olioa Arabar Errioxako ondarearen parte dira eta hala nahi duenak badu hori bertatik bertara ezagutu eta gozatzeko aukera aparta. "Euskadiko altxor ezkutuaren sekretuak" esperientziaz ari gara. Urte guztian egin daiteke, baina abendua bereziki hilabete ona duzu horretarako, orduan hasten baita oliba-biltzea.

 

Moreda Araban izaten da hitzordua. Lehenik, bertako gida bat herriaren eta eskualdearen historia, ondare eta naturaz arituko zaizu, eta, jarraian, olibondoak ezagutuko dituzu gidak berak lagunduta. Justu orain, abenduan, uzta-bilketan murgilduta daudenez (aurten pixka aurreratuta omen dabiltza), olibak jaso ahal izango dituzu Arabar Errioxan tradizioz urtetan egin izan den moduan: olibondoaren adarrak “jaitziz”. Esperientzia benetan bitxia, benetan!

 

Handik olio-errotara joango zara, bildutako olibekin olioa nola egiten den ikustera. Hori amaitutakoan, olio-dastaketa bat izango duzu zain. Olio-dastaketetan, olio mota ezberdinak baso urdinetan jartzen dira, ardoaren kasuan ez bezala, olioaz ari garenean koloreak ez duelako garrantziarik. Olio batetik besterako probaketan sagar puska bati egin beharko diozu kosk, hurrengoa probatu aurretik azkena dastatutakoaren zaporea neutralizatzeko. Bitxia, ezta?

 

Esperientzia benetan gomendagarria da eta orain, Arabar Errioxan Oliba Olioaren Jardunaldiak ospatzen ari direnez, prezio berezia izango du azaroaren 28an (larunbata). Zer diozu, animatuko zara?

PARTEKATU POST-A