BLOGA

BESTE
2015 abu. 28

Oporrak Euskal Herrian bertan. Zergatik ez?

Oporrak Euskal Herrian bertan. Zergatik ez?

Opor onak ez daude lekuaren, distantziaren, eta denboraren baitan, lagun. Opor ederrak pasa ditzakezu etxetik gertu, merke eta egun gutxian. Eta Euskal Herriak horretarako mila aukera ematen dizkizu!

 

Mikroabenturak. Alastair Humphreys abenturazaleak sortu omen zuen kontzeptu hori jendea kalera ateratzera animatzeko, beren erosotasun-eremutik aterarazteko eta bizitza biziarazteko. Eta noski, hori etxetik gertu, merke, egun gutxian eta antolamendu-lan handirik gabe egin daiteke!

 

Mikroabenturei buruzko Sebastian Solberg zine-zuzendari, aktore eta abenturazalearen post bat irakurri dugu sarean eta hona ekartzea erabaki dugu, pixka bat moldatu eta itzulita. Hemen dituzu etxetik gertu eta merke egunpasa, asteburu edo zubi gogoangarri bat pasatzeko 10 gomendio:

 

1) Zoaz etxetik gertu, baina inoiz bertan izan ez zaren leku batera. Askotan joaten gara atzerrira oporretara, pentsatuz etxe ondoan duguna beti hor egongo dela, eskura eta gertu. Baina ez gara inoiz bertara joaten. Seguru etxetik gertu leku mordoa duzula ezagutzeke.

 

2) Egin txangoa zure asmo eta gustu beretsuak dituen norbaitekin. Azkar bizi gara egunerokoan eta ez dugu astirik hartzen eseri eta lasai ederrean tertulian egoteko. Irtenaldi txikiak aukera bikaina dira horretarako!

 

3) Itzali telefonoa eta gozatu momentuaz eta inguruaz. Harrituta geratuko ginateke telefonoari begira egiazki zenbat denboran egoten garen jakingo bagenu eta horretan ari garela zenbat gauza eta momentu galtzen ditugun konturatuko bagina. Utzi telefonoa, begiratu aurrera, hartu arnasa sakon eta egin irribarre! Mundua momentuan momentuko mirariz josia dago. Guk ere momentuan momentukoa bizi behar dugu horiez konturatzeko.

 

4) Sua egiteko lekutxo bat baldin baduzu, prestatu zerorrek otorduak. Benetan esperientzia primarioa eta atsegingarria dela dio Sebastian Solbergek.

 

5) So egin munduari begiak ondo irekita eta izan turista zure herrialdean bertan. Izan begiluzea eta gogotsua, eta piztu ikasteko sena. Gauzak erabat desberdin ikusten dira turista zarenean, zure herrialdean bertan baldin bazaude ere!

 

6) Bainu bat hartu, posible baduzu. Berdin dio luzea edo motza den eta itsasoan, laku batean edo errekatxo batean sartzen zaren. Hotza egonagatik ere, izugarri ondo sentituko zara ateratzean!

 

7) Egin beldur punttu bat ematen dizun zerbait, arrisku handiegirik hartu gabe. Abentura bat ez da abentura beldur pittin bat ematen dizun zerbait egiten ez baduzu ;)

 

8) Utzi aurreiritziak etxean eta izan eskuzabala bidean topo egiten dituzunekin. Positiboa izatea kutsakorra da eta ondo sentiarazten gaitu, gainera!

 

9) Eraman kamera bat momentu gogoangarrienak harrapatzeko. Ederra da gero momentu horiek elkarbanatzea eta beste norbaiten inspirazio-iturri izatea.

 

10) Mikroabenturen sekretua maiz egitean datza. Saiatu astero edo, hala ez bada, hilero zerbait egiten. Zerrendatu etxe ondoan dituzun eta bisitatu nahiko zenituzkeen lekuak eta joan bertara goiz, arratsalde, egun edo asteburu bat pasatzera.

 

Utzi aitzakiak etxean eta atera Euskal Herria ezagutzera!

 

Argazkia: Armañongo parketxea (Bizkaia)

 

Iturria: www.theplanetd.com

PARTEKATU POST-A