BLOGA

KIROLA
2015 abe. 18

Running Tours Bilbao

Running Tours Bilbao

Pentsatzen ari zaren hori da bai, Bilbon existitzen da. Hiria korrika ezagutzeko bisita gidatuak eskaintzen ditu Running Tours Bilbao-k.

 

Guk orain izan dugu horren berri eta Eguberrietarako plan alternatibo polita iruditu zaigu, ez duzu uste? Gabonetako otordu oparoen omenez, lasterka egiteko oinetakoak jantzi eta goazen Bilbora.

 

Aitor eta Sergiok jarri zuten martxan Running Tours Bilbao orain lauzpabost urte. Sergiok ekin zion proiektuari bere ezkon-bidaian Montreal-en korrika zebilela galdu ostean. Horixe bere inspirazio iturria: zergatik ez hiri bat ezagutu bertako norbaitekin korri eginez, galdu gabe?

 

Orduan jakin zuen munduan barrena korrika ezagutu daitezkeen hiriak biltzen zituen webgune bat bazela. Jaioberria da merkatua, ez du hamar urterik izango munduan honetan jarduten den enpresarik zaharrenak, eta hirietako bertako jendeak bere pasioetako bi uztartzean datza kontua: korrika egitea eta bere hiria bisitariei erakustea. Eta Sergiok, bilbotar peto-petoa izanik, zera pentsatu zuen: zergatik ez ba Bilbon? Horrela jaio zen Running Tours Bilbao 2011n.

 

Lehenak izan ziren Euskal Herrian, lehenetarikoak Espainiar estatuan eta bakarrak dira Bilbon. 7-10 kilometroko maila ezberdinetako bisita gidatuak eskaintzen dituzte hirian bertan eta nahi izanez gero, Bilbotik atera eta inguruko mendietan barnako txangoak ere egin daitezke.

 

Bi gisatako bisitak, ohikoak eta premium-ak

 

Bi gisatako bisitak eskaintzen ditu Running Tours Bilbao-k:

 

a) Ohiko bisitak (30€): Astearte, ostegun, larunbat eta igandetan izaten dira. Goizeko 8:30ean abiatzen dira udaletxe aurretik eta taldeei zuzendutako bisitak dira. “Bilbo ti-ta batean” ibilbidea da egiten dena. Korrika-saioko argazkiak izango dituzu opari.

 

b) Premium bisitak (50€tik hasita): Eskaintzen dituzten ibilbide guztiak egin daitezke, baita erabat pertsonalizatuak ere, norberaren erritmo eta nahietara egokituak. Bakarka, bikotean edo talde txikietan kontrata daitezke premium bisitak. Nahi izanez gero, hotelean bertan jasotzen dituzte korrikalariak eta ura zein jateko zerbait ere eskaintzen dute. Korrika-saioko argazkiak eta bideoa izango dituzu opari.

 

Aukera bateko zein besteko bisitak egiteko, beharrezkoa da aldez aurretik erreserba egitea.

PARTEKATU POST-A